547 Zenbakia 2010-09-24 / 2010-10-01

Artisautza

Abel Portilla. Kanpai galdatzailea: Prozesuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Kanpai galdaketa

Kanpaiaren arra.

Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo.

Hemen eskaintzen ditugun datuak Portilla anaiek lan egiteko erabiltzen duten metodoan oinarrituta daude. Galdatzeko lanak “dorre-oinean” egiten dituzte.

Lehenik eta behin, moldeak eta labea egiteko lekua aukeratzen dute. Ondoren, lurrean zulo bat egiten dute, kanpaiaren moldea hor barruan sartzeko. Zuloaren sakonerak kanpaiaren moldea baino handiagoa izan behar du; izan ere, labea lurzoruaren sestran eraikiko dute, eta hortik isuriko dute brontzea kanpaiaren moldera. Horretarako, brontze likidoa isuriko duen labearen ahotik moldearen goiko aldera inklinazio txikia egongo da (% 2koa gutxi gorabehera); horri esker, galda, grabitatearen indarrez, labetik moldera eroriko da.

Zuloa eginda dagoenean, barruko moldea edo arra (arima edo nukleoa ere deitzen zaio) egin behar dute, kanpaiaren barrualdeari itxura emateko. Horretarako adreiluak jartzen dituzte, gero eta diametro txikiagoa duten zirkulu zentrokideak osatuta eta lokatzez lotuta. Horiek osatzen dute arra eta, kentzen direnean, kanpaiaren barruko espazioa azalduko da. Arrari forma egokia emateko terraila erabiltzen da, hau da, kanpaiaren barrualdeari eman nahi diogun forma duen ohola. Terrailak burdinazko ardatz bertikala du, 360º biratu ahal izateko eta, horrela, adreiluek eman nahi diegun posizioa hartzeko.

Arraren adreiluak jarrita daudenean, lokatzez eta lastoz osatutako geruza batzuk jarri behar zaizkio gainean. Hasieran, lokatz lodia izango da, eta gero, finagoa. Bitartean, moldeari forma egokia emateko, terraila pasatzen zaio behin eta berriro. Esan dugun bezala, terraila egin nahi dugun kanpaiaren barrualdearen silueta duen ohola da. Kanpai bakoitzak bere terraila behar du.

Fase hori amaitzen denean, egur-errautsez egindako nahastura lodi batez estaltzen da, kalamu sorta baten bidez; horrela egingo dugu kanpai faltsua (edo atorra ere deitzen zaio). Horretarako, arraren gainean lokatz-geruza gehiago eman eta, aldika, beste terraila bat pasatzen da. Terraila horrek beste forma bat du; izan ere, hasieran erabilitako terrailak kanpaiaren barrualdeko itxura emateko zen, eta bigarrenak, berriz, kanpoaldeko itxura emateko.

Ondoren, inskripzioak eta marrazkiak jarri behar dira horren gainean. Hori egiteko, maisu kanpaigileak egurrezko moldeak ditu; batzuk irudiz osatutako grabatuak dira (santuak, Ama Birjinaren irudiak, Jesukristorenak, ekisainduak…) eta beste batzuek hainbat tamaina eta estilotako letrak dituzte. Normalean, kanpai bakoitzari bataioan emango zaion izena, lema edo otoitz bat idazten zaio, baita, batzuetan, dohaintza-emailearen izena ere. Horrez gain, galdatzaileak bere izena eta obra egiteko data ere idatziko ditu.

Terraila arrara pasatzen.

Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo.

Orain, geruza edo estalkia egin behar da, hau da, kanpai faltsua estaliko duen azal berria. Horretarako, brotxa bat erabiliz, kanpai faltsuari zenbait geruza eman behar zaizkio arrautza-zuringoz eta odolez osatutako eta ondo irabiatutako nahastura batekin, pixkanaka, 5 milimetro inguruko geruza lortu arte. Geruza horri lisa deitzen zaio eta horren araberakoa izango da kanpaiaren kanpoaldeko azalaren kalitatea. Geruza eginda dagoenean, kanpai faltsuari itsatsita ez geratzea da lisaren helburua. Horren gainean lokatz fina jartzen dute ondoren, pixkanaka, moldea estaliz eta lodiera handituz. Lokatzaz eta zaldi-, mando- edo asto-gorotzaz osatutako geruza batzuk jartzen dituzte. Nahastura horrek gasei pasatzen uzten die; hortaz, brontzea ez da hain porotsua izango, burbuila gutxiago izango ditu eta, finean, hobea izango da. Beste geruza batzuk eransten dituzte ondoren, oraingoan lastoarekin eta kalamuarekin nahasita, azken geruza lodia lortu arte.

Puntu horretara iritsita, geruza altxatu eta zulotik atera behar da, sokak, diferentziala eta gatak –geruzaren azpian jarri beharreko burdinazko gakoak– erabiliz. Ondoren, barruko kanpai faltsua kendu behar da; horretarako hautsi egiten da, egurrezko borraz edo antzeko zerbaitez joz. Kontuz egin behar da hori, arrari markarik ez eragiteko. Horregatik, zatiak eskuz ere kentzen dituzte.

Kanpai faltsua kendutakoan, geruza lehengo tokian jarri behar dugu berriro. Orain, geruzaren eta arraren artean hutsune bat dugu, hain zuzen lehen kanpai faltsuak betetzen zuena eta, geroago, brontzeak beteko duena.

Une horretan, artisau galdatzaileak kirtenak egingo ditu. Kanpaiaren tamainaren arabera, era batekoak edo bestekoak izango dira kirtenak (lauak eta begi batekin edo birekin kanpai txikientzat, bi edo hiru gorputz gurutzatuekin kanpai handientzat). Haien tamaina eta lodiera eutsi beharreko kanpaiaren pisuaren araberakoa izango da.

Gero, kanpaiaren goialdea lokatzez betetzen da erabat. Gainean bi zulo edo isurbide egiten dituzte, brontzea barrura sartzeko, eta beste bi, suspiral deiturikoak, barruko materialek (argizariek, poliespanak, etab.) su hartu eta erretzean sorturiko gasak kanporatzeko. Ondoren dena estali behar da ondo estututako kalamuzko bola batzuekin, kanpaian markarik utz lezakeen ezeri sartzen ez uzteko.

Moldea eginda dago jada. Ondoren, lurrez estaltzen dute eta lurra trinkotu egiten dute. Lan horri estaltzea deitzen zaio. Ikusi genuen nola, zentimetro batzuetako lur lehorrezko geruza –harririk eta zokorrik gabe– jarri ondoren, Portillatarrek hainbat orduz zapaltzen zuten, ohol baten muturraz kolpatuz, sekulako egonarria erakutsita. Horren azalpena oso erraza da: moldearen barruan brontze likidoa tenperatura handian sartzen denean, hedapen-efektua egiten du eta horrek moldea hautsi eta ateratzeko indarra egiten du. Presio horri sartutako materialaren pisua gehitu behar zaio. Horrek, grabitatearen eraginez, indar handiago egiten du, eta geruza eta gainean jarritako lurra gorantz bultzatzen ditu.

Lan hori egiten den bitartean, galdatzeko labea ere eraiki behar da. Labea dorre-oinean eraikitzen dute, esfera-erdiaren forma du eta, mutur batean, tximinia du. Labea eraikitzeko adreilu errefraktarioa eta lokatza erabiltzen dituzte. Haren tamaina eraiki beharreko kanpaiaren tamainaren araberakoa da beti. Izan ere, brontze guztia sartu behar da labe barruan.

Kanpaia kanpoaldeko geruza jarrita.

Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo.

Kanpai egokia egiteko aleazioa honela osatuko litzateke: % 78 kobre huts eta % 22 eztainu huts. Kontuan izan behar dugu, gainera, edozein aleazio egitean % 10eko galera edo murrizketa izaten dela.

Artisauek, adreiluak eta lokatza erabiliz, kanal edo bide batzuk egingo dituzte, brontzea labe barrutik molde barrura bideratzeko. Hustubide horiek inklinazio egokia izan behar dute; izan ere, gehiegizko inklinazioa izanez gero, labetik brontze gehiegi irten, isurbideetan pilatu eta, barrura sartu ezinik, bertan solidotu eta lan guztia alferrik galduko litzateke. Berdin gertatuko litzateke bideak behar besteko inklinazioa izan ezean: salda hoztu eta ez litzateke behar bezain azkar sartuko; ondorioz, egindako lana ezerezean geratuko litzateke. Hustubideak egindakoan, urez bustiriko errautsez estali behar dira. Ondoren, egurra jarri eta erre behar da horietan, bero egon daitezen eta horien bidez materiala erraz isurtzeko (gaur egun butano-hauspo bat erabiltzen dute horretarako). Bitartean, isurbideak lurraren parean jartzen dira, eta suspiralei adreilu batzuk jartzen zaizkie bertikalean, brontzea horien artean sar ez dadin eta barruko gasak, berriz, adreiluetako zuloetatik kanpora irten daitezen, galdaren gainean.

Dena prest dagoenean, gizon bakoitzak isurbideak estaltzen dituzten zotzetako bat hartzen du eta maisu galdatzaileak kolpe bat ematen dio labearen estalkiari; hortik irteten da brontze gorri horixka, 1.100 graduko tenperaturan eta abiada bizian moldearen barrura. Likidoa hustubideetan zehar jaisten da eta, horren gainean, zepak eta txingarrak doaz. Une horretan, sarbidea estaltzen zuten zotzak –sutan badaude ere– kendu egin behar dira. Adreiluen goialdean, suspiraletatik irteten diren gasak kanporatzen dira.

Galdaketaren ostean, kanpaia hozten utzi behar da zenbait egunez, zulotik atera baino lehen. Kanpaia ateratzeko, lehenik eusteko eta babesteko jarritako lurra kendu behar da eta, ondoren, kanpai handia bada, polipastoa erabiltzen da, galdaketa kanpoaldean nahiz lantegian egin. Kanpaia zulotik kanpo dagoenean, aizkora batez geruza moztu behar da bertikalean. Geruza zatika hautsi eta zatiak kendu egiten dira. Gure begien aurrean kanpaia beltz ageriko da, azalean itsatsita daukan lokatza errearen kolorekoa. Kanpaia irauli eta, burdinazko palanka baten bidez, arra osatzen zuten adreiluak atera behar dira kanpaiaren barnealdetik.

Ezin dugu aipatu gabe utzi Portilla anaiak garai modernoetara egokitu direla eta, kanpaiak ez ezik, kariloiak ere egiten dituztela. Horretaz gain, kanpaiak elektrifikatu, motorrak jarri eta kanpaiekin sinkronizatutako erlojuak jartzen dituzte, baita erlojuetarako ordenagailu bidezko soinu-sistemak ere.

Kanpaien museoa.

Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. Museoa

Artisau hauen funtsak erabiliz, Meruelo herrian kanpaiei eskainitako museo txiki baina interesgarria egin dute. Hantxe daude erakusgai antzinako kanpai batzuk, kanpaiak egiteko prozesua, ikus-entzunezkoak, liburuak eta abar.

Kanpaien museoa La Iglesia kalea, 37 39192 San Mamés de Meruelo / Kantabria Telefonoa: 942 63 70 03