
Artisautza
Abel Portilla. Kanpai galdatzailea: Historia
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Eraikin profano bat izpirituaren obretarako erabat sagaratzeko, bi errito bete behar dira lehenago: Sakramentu txit Santua kaperan sartzea eta kanpaiak jotzea. Hori jakinik, Avilako Santa Teresak bere ordenako fundazioetako kanpaiak leku ikusgarrietan egon zitezen ziurtatu nahi izaten zuen, elementu horri garrantzirik handiena eman ohi baitzitzaion erlijio-komunitatean. Eta, nolanahi ere, hala da gaur egun ere: moja-komunitate bat bisitatzen badugu, kanpaiei buruz komentuko familiako kide balira bezala hitz egiten entzungo diegu amei, eta halakoxe maitasunez tratatuko dituzte.
Kanpaiak erlijio-elementutzat hartzen dira: izen santuekin bataiatzeaz gain, haien azalean idazkun sakratuak izaten dituzte, eta, jakina, kanpandorrera igo aurretik, bedeinkatu edo bataiatu egin behar dituzte. Ezaugarri horiekin, ez da harritzekoa haien soinuari dohain mesedegarriak egotzi izana, hala nola ekaitzak uxatzea edo Jainkoaren babesa erakartzea.
Kanpai-hotsak ospatsu bihurtzen zituen kristau-komunitateetako ekintza seinalatuak: mezerdikoa, gotzainaren etorrera, prozesioen hasiera, hiletak... Baina, horrez gain, gaur egungo interfonia-bitarteko elektronikoak nagusitu baino lehen, kanpai-hotsak mezuak igortzeko eginkizun garrantzitsua betetzen zuen erlijio-komunitateetan. Diametro eta tonu desberdinetako kanpaiekin egindako soinu-hizkuntza artikulatuaren bidez, mezua nori zuzenduta zegoen eta norengandik zetorren jakin zitekeen. Hala, igorlearen izen-deiturak eta helbidea zituen eskutitzaren antzo erabiltzen ziren. Orobat, kanpaiek ordu profano zein elizkoiak adierazten zituzten: jolas-ordua, bazkalordua, atsedenaldia edo ordu liturgikoak (meza, aitortza, hausnarketa...). Bide bera erabiltzen zen erlijiosoei elizako hierarkiako kide bat hila zela edo aita santu berri bat zegoela jakinarazteko.
Antzeko erabilera ezagutu dute kanpaiek gure herrietako bizitza sozialean. Mendeetako tradizioaren arabera, herritarren batzarrak edo agintarien elkargoak biltzen zirenean, kanpai-hotsez egin ohi zen deialdia, eta hala egiten da gaur egun ere urtean behin Nafarroako herri batzuetan, “auzolan” edo, gaztelaniaz, “a vereda” deritzon deiaren bidez, herritarrak bideak konpontzera joan daitezen. Duela urte gutxi arte, gure herri eta auzo batzuetan, haurtxo bat jaio izanaren berri pozgarria emateko kanpai-hots berezi bat jotzen zen. Antzinako ohitura hark hainbesteko sofistikazioa hartu zuen, non kanpai-hotsaren nolakotasunak jaio berriaren sexua ere adierazten baitzuen. Berdin gertatzen zen herriko norbait hiltzear zegoenean —agonia-kanpaia— edo heriotzaren berri emateko —hil-kanpaia— eta, azken kasu horretan, hildakoaren aldeko elizkizunak noiz izango ziren ere jakinarazten zen.
Baleek itsasertzean aterpea hartu ohi zuten garai urrunetan, talaiariek ke-seinaleak egiten zituzten inguruko uretan zetazeo bat igarotzen zenean. Ke-seinaleak ikustean, herriko kofradiako kanpaiak ozenki jotzen hasten ziren, harik eta ehiztari guztiak itsasora ugaztun preziatuaren bila irteten ziren arte. Farozainek eta itsasontziek ere kanpaia jotzen zuten lainoa zegoen egunetan, itsasontziek talka egiteko arriskua uxatzeko.
Herri eta herrixka txikietan, su-kanpaiak edo ordara jotzen dute gaur egun ere sute bat dagoenean. Hori entzutean, herriko eta inguruetako herritarrak elkartasunez inguratzen dira sua itzaltzera. Hortik dator antzinako suhiltzaile eta polizien autoetan kanpaiak eramateko ohitura. Larrialdietan abiatu behar izaten zutenean, zalapartaka astindu ohi zituzten kanpaiok.
Hitz gutxitan, transmisio-baliabide modernoak agertu arte, kanpaiek pertsonen arteko komunikazioa ahalbidetzen zuten. Zorioneko eta zoritxarreko gertaerak iragartzen zituzten metalezko mihiak ziren.