Euskonews Gaztea
Gaiak: Mikel Olaziregi
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Azken urteotan Zinemaldia apur bat jarraitu duen edonorentzat izen eta aurpegi ezaguna da Mikel Olaziregi gipuzkoarrarena.
Pasaian jaio zen 1956an, eta txikitatik eduki du zinemarekiko zaletasuna. Hain zuzen, mutil koxkorra zela hasi zen Zinemaldira joaten, batzuetan Sail Ofizialean proiektatzen ziren filmak ikustera, bestetan aldiz, orduko zentsura urteetan zegoen Sail Informatiboan ematen zituztenetara. Argazkia: Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko artxiboa
Halere, bere ikasketak bestelako adarretik egin zituen, ezen pasaiatarrak Deustuko Unibertsitatean eman baitzuen izena, eta Enpresa Zientzietan lizentziatura eskuratu zuen 1978an. Lanari dagokionez, ETBrekin lotura handia eduki du 1986tik; urte hartantxe Produkzio Departamentuan ekoizle gisa hasi zen beharrean. Orduan hasi zen baita ere, profesionalki Zinemaldiarekin kontaktua edukitzen, medio horrentzako saio bereziak ekoiztu baitzituen.
Bestalde, Euskal Telebistako lanari dagokionez, Miramoneko Ekoizpen Zentroko Zuzendaritzaren Ordezkaria izateko hautatu zuten 1988an eta bi urtez zeregin horri heldu zion. Laurogeita hamargarren hamarkada iristearekin batera, kargu berria estreinatu zuen gipuzkoarrak, eta ETBko programen zuzendaritza zereginetan ipini zuten Olaziregi.
Mikelek zinearekiko betidanik eduki duen zaletasuna handitzen joan zitzaion poliki–poliki, eta horren eragina izan zuen neurri batean, zinea ekoizteko Eusko Jaurlaritzak ematen zituen laguntzen batzordeko kide izatea; edota euskal gobernuak Euskal Media, ikus–entzunezkoa sustatzeko abian ipinitako erakundearen administrazio kontseiluko kidea izatea.
Halere, 1993.urtean urrats handi bat eman zuen Olaziregik, Zinemaldiko Kudeatzaile gisa hasi baitzen lanean, eta halaxe izan zen harik eta 1999an zuzendari–orde karguan hasi zen arte. Eta 2001. urteko urtarrilean, Zuzendari izendatu zuten. Festibalaren barruan postu ezberdinetan aritzeak, Zinemaldiaren erraiak ongi ezagutzea ekarri dio gipuzkoarrari. Alde batetik, badaki horrelako ekitaldi bat prestatzeak tentsio uneak dakartzala berarekin, baina gustuz egin izan ditu bere zereginak; eta bestetik, unea iristerakoan, zine jaialdiak sortzen duen giro bikainaz kutsatu eta disfrutatu ere egin izan du pasaiatarrak.
Urte guzti hauetan, izar handi eta etorkizuneko harribitxiak ezagutzeko aukera eduki du Mikel Olaziregik. Zinemaldiaren 58. edizioa (2010) izan da zuzendari gisa gidatu duen azkena. Baina ez da asko urrunduko alfonbra gorritik, lankidetzan jarraitzeko gogoa baitu, beti ere intentsitate baxuagoan, eta lasaitasun handixeagoaz.