Euskonews Gaztea
Gaiak: Datorkigunea, gazteen bozgorailu
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Eusko Ikaskuntzaren Gazteria Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Gipuzkoako Kutxa eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin martxan ipinitako proiektua da Datorkigunea. Hain zuzen 2010eko irailaren 14an Donostiako Miramar Jauregian eginiko prentsaurreko baten bidez jendarteratu zuten egitasmoa eta nondik norakoak azaldu zituzten. Aurkezpeneko momentu bat. Argazkia: EI Gazte!
Berrogei lagunek hartuko dute parte Datorkigunean, eta antolatzaileek azaldu dutenez, “pertsonen kopurua lurralde bakoitzeko gazteriaren portzentajearen araberakoa izan saiatu da Eusko Ikaskuntza: 13 bizkaitar, 10 gipuzkoar, 8 nafar, 5 arabar eta 4 ipar euskal herritar arituko dira”.
Hala, 2010eko irailaren 25ean hasi eta 2013an amaituko den egitasmoan lagun guzti horiek fase ezberdinei egin beharko diete aurre. Alde batetik 2011ko urtarrila bitartean Gazteen parte hartzea gaur egungo gizartean. Bide berrien bila izeneko egitasmoa burutu beharko dute; 2011ko urtarriletik aurrera, berriz, Gazteriak dituen arazo nagusien aurrean zer egin? faseari.
“Ikasturte bakoitzean landuko diren bi gaien inguruan Datorkiguneak aholkularitza zientifikoa du berekin. Hiru pertsonek osatzen dute aholku batzorde honek, tratatuko diren gaien inguruan metodologia, bibliografia eta adituak aukeratzeko garaian aholkularitza ematen dute,” azaldu dute antolatzaileek. Gazteen parte hartzea gaur egungo gizartean. Bide berrien bila
Eusko Ikaskuntzaren Gazteria sailak “gizarte garaikidean parte hartzearen alorrean dagoen gabezia eta honek gure instituzioetan sortzen duen kezka ukaezina da,” adierazi digu. “Interes eta motibazio falta honen aurrean, gizarteak eta bereziki gazteek, zer egin dezaketen eta zer egiteko prest dauden aztertzea erronka interesgarria da.”
Diagnosi fase bat burutu beharko dute lehengo hiru hilabeteetan, gaur egungo egoera ezagutu eta aztertzeko xedez. “Bigarren fase batean ebaluazio bat egitea izango da helburua eta azkenik, hirugarren fase batean arazo honen aurrean gazteok proposatzen dituzten ekintzak eta lan ildo posibleak jasoko dituzte.”
“Datorkiguneko partaideak gutxienez hilean behin elkartuko dira larunbat goizez, mugikorrak izango diren bilerak burutzeko. Bilera bakoitza lurralde batean burutuko da, hau da, Araban, Nafarroan, Bizkaian, Ipar Euskal Herrian eta Gipuzkoan.”
Antolatzaileek nabarmendu gura izan dute, “gai bakoitzaren tratamendua zorrotza eta sakona izango da, eta horrek ardura eta konpromisoa eskatuko die parte hartzaileei.”
Informazio gehigo, Datorkigunearen webgunean.