545 Zenbakia 2010-09-10 / 2010-09-17

Gaiak

Odon Apraiz Buesa

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Odon Apraiz Buesa, arabar gizarteak sorturiko euskaltzalerik sutsuenetakoa da. Aurreneko Apraiz Gasteizera heldu zenetik, sendiak goi mailako intelektualak eman zituen, literatura, medikuntza, arte eta arkitekturan, eta Odon adibiderik argienetakoa dugu.

Odon Apraiz Buesa, arabar hiriburuan jaio zen, 1896ko martxoaren 5ean. Bere gurasoak Fermin Odon eta Juliana ziren, eta aita Gasteizko alkate izatera heldu zen, foruzale liberal ideologiatik. Bikoteak bederatzi seme-alaba munduratu zituen, Odon bosgarrena zelarik. Azpimarratzekoa da Angel eta Odon anaien arteko harremana. Angelen eragina sakona izan zen Odonen ibilbide intelektualean, artean biak gazteak zirenetik. Ezaguna da Angelen esku hartze zuzena Eusko Ikaskuntzaren sorreran 1918an, baina aitortu behar da Odon ere anaia adinduaren itzalpean aritu zela I Kongresu haren antolakuntza lanetan.

Umetako ikasketak Santa Maria ikastetxean egin ondoren, 1905ean Gasteizko Institutura igaro zen Odon, bertako zuzendaria bere osaba Julian Apraiz zelarik. Irakasleen artean, besteak beste, Federico Baraibar eta Koldo Eleizalde euskaltzaleak izan zituen.

Ángel de Apraiz Buesa.

Hamaika urterekin, eta apraiztarren sorlekura eginiko bidai baten ostean, Odonek euskara ikasteari heldu zion gogo biziz. Beste testuren artean, Resurrección Maria de Azkueren “El Euskara o Bascuence en 120 lecciones” liburua izan zuen oinarri.

Mutikoak euskaltzaletasunaren ideia hari heldu zion eta kultura eta erlijioso talde gisa ziharduen Gasteizko Centro Vasco elkartera bazkidetu zen. Eta handik Odonek EAJ-PNVren “Bizkaitarra” eta “Gipuzkoarra” aldizkariak banatzen zituen. Hala ere, Odon ez zen inoiz alderdi politiko horretara afiliatu.

Unibertsitateko ibilaldiari 1912an ekin zion, Salamankan, Filosofia eta Letrak karreran. Angel bere anaia katedraduna zen gaztelar hiriburuko Unibertsitatean.

Ordurako Odonek bazituen bere lehen lantxoak idatzita, eta baita argitaratuta ere. EAJren “Arabarra” astekarian “Los jaimistas en Legutiano” artikulua publikatu zuenean hamasei urteko gaztetxo bat zen.

Karrerako lehen ikasturteko emaitza onaren nolabaiteko sari gisa, gurasoek baimena eman zioten ez ohiko ekintzaren bat burutzeko. Eta gazteak Aramaioko baserri batera joatea erabaki zuen 1913ko udan, euskararen ezkutuetan barrena egiteko. “Goiko Errota” baserria hautatu zuen.

Unibertsitateko ikasketak Deustun eta Madrilen osatu zituen. Eta espainiar hiriburuko Unibertsitatean Filosofia eta Letretan lizentziatu zen, Historia atalean, 1916ko ekainaren 16an. Ikerketa eta idazlanak

Karrera amaituta, doktoregoa burutzeari lotu zitzaion, ikastaro osagarri batzuk egiten zituen bitartean, Artxibo, Biblioteka eta Museoetako kidegoan sartzeko.

Doktoregoa egiteko bidean, 1920 eta 1922 arteko hamasei hilabetez, Paris eta Zuricheeko Unibertsitateetan aritu zen Odon Apraiz, Geografia linguistika eta filologiako ikasketak burutuz. Horrezaz gain eta sortu berria zen Euskaltzaindiaren laguntzarekin, Frantziako zenbait zentrotan matrikulatu zen, besteak beste Sorbonako Unibertsitatean eta Parisko Goi Ikasketen Eskolan. Beren gaietan punta-puntako irakasleak ziren Albert Dauzat eta Jules Gilliéron izan zituen gidari. Jean Joseph Saroïhandy frantziar linguistarekin, berriz, Eusko Ikaskuntzaren I Kongresuan hasitako harremanak sendotu zituen Parisko Frantziako Kolegioan. Frantziatik eta euskararen gaietan aditua zen Hugo Schuchardt linguistaren aholkuri jarraiki Suitzara joan zen Apraiz, Cristianus Uhlenbeckekin ikastera. Zurichen, berriz, Jakob Jud erromantze-hizkuntzetan adituaren lankide izan zen aldi batez. Judez gain, Unibertsitate hartakoa zen Louis Gachat linguistarekin ere ikasi zuen.

Euskaltzaindiaren osatze prozesuan, 1919ko urriaren 29an bileran erabaki zen, besteak beste, lehen euskaltzain urgazleak izendatzea. Eta zerrenda hartan zegoen Odon Apraiz, Bustinza, Altube, Zamarripa, Lekuona, Urruzuno, Ormaetxea, Lopez Mendizabal eta goi mailako beste euskaltzaleren artean. Euskaltzaindiaren eskutik, Zurichetik Italia aldera joateko aukera izan zuen, eta Piamonteko Unibertsitatean Paul Scheuermeier hizkuntzalari suitzarrarekin egin zituen praktikak, suitzar-italiar atlas linguistikorako laguntza lanetan.

“Euskalerriaren Alde” aldizkariak antolatutako lehiaketan, Gasteizko Hiriaren I Saria eraman zuen Odonek 1923an, “Del Renacimiento italiano en Vasconia. Los Vergara y los Alavas de Vitoria” deritzan lanari esker.

Doktoradutza 1925ean atera zuen “Bikain” kalifikazioarekin, “El Pais Vasco en la época de la Revolución Francesa” tituluarekin. Ibilbide akademikoa

Resurrección María Azkue Aberasturi.

Bartzelonako Unibertsitatean, Filosofia eta Letretako Fakultatean Odon Apraiz irakasle laguntzaile bezala kontratatu zuten 1925-1926 ikasturtean eta bertan aritu zen 1933ra arte. Unibertsitatean, Geografia politiko eta deskriptiboa, Historia unibertsala, modernoa eta gaur egungoa ematen zituen. Bartzelonako Fakultate hartan, 1930ean, Aragoiko dialektoaren gaineko ikastaro bat eman zuen.

Eibarko Institutura aldatu zen 1933ko urrian, Geografia eta Historia gaiaren Arduradun bezala. Bi urte geroago, 1935eko maiatzaren 28an, Institutuko irakasleek zuzendariorde hautatu zuten. Baina aurreko bi data horien artean, Odonek Tenerifeko La Lagunako Instituturako Geografia eta Historiako oposizioak irabazi zituen eta katedradun numerario izendatu zuten, 1935eko martxoaren 6an. Ikasturtea amaitu arte Eibarren segitu zuen.

Apraiz, beraz, 1935-36 ikasturtean inkorporatu zen La Lagunako Institutura. Era berean, Hezkuntza Ministerioak hala erabakita, Odon, La Lagunako Unibertsitatearen Filosofia eta Letrak Fakultatean, Historia Orokorra gaiaren Ikasturte baten Arduraduna izendatu zen 1941eko urtarrilean. Apraiz Tenerifeko “Junta de Cultura Histórica y del Tesoro Histórico” erakundearen kide izendatu zuten 1937an. Ohiko kargu profesionaletatik kanpo, bibliotekarioa ere izan zen La Lagunako Ateneoan 1940tik eta Tenerifeko Real Sociedad de Amigos del Paiseko kide aukeratu zuten 1941ean.

Tenerifetik Reuseko Institutura igaro zen Apraiz, 1942ko urrian, katedradun-numerario gisa. Kultura katalaneko eremura itzultzen zen, hamazazpi urte lehenago bezala. Ez zeukan ahaztuta, inondik ere, hainbeste poz ekarri zion kultura harekiko harremana. Eta Reuseko Institutuan ere, aurreko lan tokietan egin zuen bezala, bete-betean sartu zen Odon bertako kultur zehazkizunen ikerketan. Horren adibidea da, Bartzelonako aurreko eskarmentuaz baliatuta, katalanera-euskara hiztegi txiki bat moldatu zuela. Reusen ere, Geografia eta Historia gaia inpartitu zuen, non eta, hiri hartako Aerodromo Militarrean, ehiza-erregimentuan, Hegazkintza Akademiarako prestatzen ari ziren kadeteentzat.

Eta Reusetik Gasteizera iritsi zen Odon, 1954-1955 ikasturtean, Institutuko katedradun bezala. Gasteizen oso harrera ona egin zioten lankideek, aspaldiko ezaguna baitzen. Juan Escudero apaiza zen zuzendaria eta klaustro osoak giro ona eskaini zion iritsi berriari. Eta Gasteizkoa izan zen Odonen azken kargua, bertan jubilatu baitzen 1968an. Politika

Odonek bere burua abertzale eta independentetzat hartzen zuen, politikaz ari zenean. “Eta ezkertiarra, ehuneko ehunean” gehitzen zuen.

Europar erakundeetarako XX. mendearen hirugarren hamarkadan euskal abertzaleek diseinatutako estrategian Odonek parte zuzena hartu zuen, modu nabarmen eta erabakigarrian. Europako Nazionalitateen Kongresua —hau da, estatu gabeko europar nazionalitateen erakundea— 1925ean sortu zen eta lau urte geroago lehen saiakerak egin ziren euskal abertzaleen aldetik erakunde hartara sartzeko. Odon Apraiz izan zen eragilea, 1929an Ginebran burututako ENKren V Batzarrena abertzale independente gisa joan baitzen, euskal abertzaleen izenean. Bere ahaleginei esker, 1930ean euskal nazionalitatea onartua izan zen Kongresuan.

Odon Apraiz ANVren militante izan zen alderdiaren sorreratik —1930eko azaroaren 30—. Alderdi laiko, ezkertiar eta abertzalea zen eta errepublikaren aldekoa, beti ere Euskal Herriarentzako autonomia estatutu sendoaren helburuarekin. II Errepublika sortu eta berehala, ANVren aginduei jarraiki, “Gobierno Republicano Vasco provisional” deritzan txostena gertu zuen Odonek. Bertan zehazten du Hego Euskal Herriko lau probintzietako alderdi ez alfontsinoetako ordezkari banak osatuko zutela Gobernua, integristak, jaimistak, tradizionalistak eta langile zein nekazarien erakundeak barne.

Eibarko Institutuan irakasle lanetan ari zen garaian, ANVren ordezkari moduan ihardun zuen, Deba Goienean.

Tenerifen zegoenean, 1939ko urtarrilean polizia joan zitzaion Odoni eta espedientea ireki zioten. “Comisión Depuradora del Profesorado” zeritzanak salakuntza aurkeztu zuen Odon Apraizen kontra: “Profesar el ideal separatista vasco en sumo grado, habiendo hecho obstentación de su ideología en cuantos actos ha podido demostrarlo y haber simpatizado con tendencia izquierdista, contribuyendo a sostener el ideario del llamado Frente Popular, que traicionó la unidad, entregó al extranjero y arruinó la Patria Española” Ondorioz, kartzelan egon zen, bi hilabete eta bi egunez. Odonen izaera eta mundua

Federico Baraibar.

Odon utzia zen bere ohituretan, anarko samarra. Ondo ezagutu zutenek diotenez, Odon eta praktikotasuna ez zetozen bat. Odol bizikoa genuen eta pazientzia galtzen zuen samur. Batzuek ikusmen-arazoari egozten zioten jarrera hori. Ezaguna da egunkariak irakurtzeko zuen zaletasuna. Hori dela-eta, Angel anaiak behin esan zion, bisita txartelean “Katedraduna”ren ordez “Egunkarien irakurlea” ipini behar zuela. Bere etxea egunkari bilduma zaharrez beteta zegoen, berarentzako desordena ordenatuan, eta Odon bakarrik zen gai, nahi zuena aurkitzeko.

Odoni bizitzan zehar omenaldiak eskaini zizkioten han eta hemen, baina hura ez zen ekitaldietara agertzen. Horrela gertatu zen, Aramaioko Egunean 1982an, Gasteizko Urrezko Domina 1983ean eman zitzaionean edota Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Saria 1984an eskaini zionean.

Bere idatz lanak sinatzeko, izen propioaz gain, Olarizu, P. de Araizondo, Argitza, Olari eta Ziarpa izenordeak ere erabili zituen.

Gizon eragile polifazetikoa izan zen eta bere ekarpenik bitxienetakotzat jo daitezke, Internazionala himnoaren euskarazko bertsioa, ANV alderdiaren “Acción Vasca” aldizkariak 1932ko Maiatzaren Lehenerako burutu argitalpenean publikatu zuena, eta espektroaren beste muturrean jarrita, eta bere arabartasuna zalantzan jar ez zezaten, nonbait, Prudentzio Deunaren egunerako —apirilaren 28an— olerkia, Ignazio Deunaren ereserkiaren laguntzaz abesteko. “Purdentzu guenari arabarren opariya” titulatu zuen. Eusko Ikaskuntzan

Eusko Ikaskuntzaren I Kongresua, 1918ko irailean gauzatua, derrigorrez erlazionatu behar da, erakundearen abiapuntua izango zen ekintza hura Apraiz abizenarekin, ezen, antolamenduaren pisurik handiena Angel anaiari egokitu zitzaion arren, Odonek ere esku zuzena hartu zuen lehen unetik, 1936 bitartean euskal kulturaren ardatz nagusia izango zen erakundearen sorkuntzan.

Behin Eusko Ikaskuntza abian jarrita, Odon Apraiz kide agertzen zaigu Jose Miguel de Barandiaranen eraginpean jaiotako Etnologia eta Eusko Folklorearen Laborategian. Geroago, Baraibar Sekzioa sortu zen Eusko Ikaskuntzaren arabar adarrean, euskara sustatu eta hedatzeko ahaleginetan, eta Odon Apraiz izan zen akuilaririk argitsuenetakoa. Bestalde, 1922an, Eusko Ikaskuntzaren deiari jarraiki, erakundearen bazkide gazte batzuek, tartean Odon, “Mensaje de los estudiantes vascos acerca de la Universidad” tituluarekin idazki bat prestatu eta sinatu zuten.

Toponimia eta antroponimiari buruzko ikerketei toki handia eman zitzaien hasieratik Eusko Ikaskuntzan, eta Luis de Eleizalderen zuzendaritzapean “toponimiako ordezkariak” jarri ziren lanean, Odon Apraiz tartean zelarik. Eleizalderen heriotza 1923an izan zen eta toponimiako lana bertan behera geratu zen arren antroponimiak aurrera egin zuen, Odon Apraizi esker.

Eusko Ikaskuntzak ordezkaritzak ireki zituen Euskal Herritik kanpo eta horietako bat Bartzelonan, 1925eko urtarrilaren 20an. Telesforo de Aranzadi izendatu zuten lehendakari. Odon Apraiz, Bartzelonako Unibertsitatean aritu zen bitartean, ordezkaritza hartako kide sonatua izan zen eta euskara ikastaroak antolatu zituen.

Lizarran, 1936ko irailaren 6an izango zen Eusko Ikaskuntzaren VII Kongresuaren gertaketa lanetan ibili zen Odon Apraiz. Intelektualen nomina zabal baten barruan —besteak beste, Lakarra, Barandiaran, Leizaola, Azkue, Sanchez Albornoz, Bosch Gimpera, Angel Apraiz— baita Odon ere iragarrita zegoen parte hartzeko ekitaldi garrantzitsu hartan, Ikasgai Historikoak —Estudios Vascos— ardatzaren inguruan. Altxamendu armatuak eragotzi zuen lagun haien nahia, eta Eusko Ikaskuntza ilunpera igaro zen berrogei urte luzez.

Eusko Ikaskuntzaren Batzar Nagusiak erabaki zuen, 1984ko martxoko 10ean, urte hartako Manuel Lekuona Saria Odon Apraiz Buesari ematea. Batzar Nagusiak azpimarratu zuen, batez ere, hizkuntza filologia, geografia, historia, museologia eta artxibistikan sarituak burutu lanen garrantzia. Manuel Lekuonak berak egin zuen, 1984ko maiatzaren 12ko ekitaldian, sarituaren gaineko laudatioa.

Euskal Herriko Adiskideen Elkarteak 1974ean izendatu zuen ohorezko bazkide. Euskaltzaindiak, berriz, Ohorezko Euskaltzain egin zuen 1968ko abenduaren 4an.

Odon Apraiz Buesa 1984ko irailaren 12an hil zen, Gasteizen, gaixotasunak zeharo makalduta.

Bibliografia