545 Zenbakia 2010-09-10 / 2010-09-17
Ikastetxeetako ateak ireki dira beste behin ere. Patioak urduritasunez bete dira, barreak, algarak, uluak. Neska–mutilek berriz ere elkar ikustea ospatzen dute hala, eta oporraldiko kontuak elkarri esaten dizkiete. Ikaslearen urduritasunak aire hartzen du, txirrina jo eta ikasgelara sartzean ere zalapartak jarraituz.
Eta bestaldean daukagu irakaslea. Goizean lanera joan aurretik, ikasleek aurreneko egunean nola erantzungo ote duten galdetuko dio bere buruari. Kasurik onenean, beraien tokian egongo dira, txintxo. Baina ziurrenik, ez da hori gertatuko, eta kosta egingo zaio gazteak baretzea, zerbait egitea.
Eta hor hasiko dira bere kirioak dantzan. Nola menderatu nerabezaroan dagoen neska–mutil koadrila? Zorte on apur batekin, lo antzean egongo dira... Baina ez. Akaso inkontzienteki egingo dute, baina badirudi izorratu nahian dabiltzala, “ikasturte osoan ezin esnatu eta lehenengo egunean ezin lasaitu!”, pentsatuko du.
Baten batzuek dagoeneko onartuta daukate ikasturte berriko aurreneko eguna halakoxea izango dela, eta ez diote buelta gehiagorik ematen eta eguna ahalik eta hoberen eramaten saiatuko dira. Beste batzuek aldiz, kontrolpean gura dituzte ikasleak, saiatuko dira ezerk huts ez egiten, eta aurreko egunetik buruari buelta ugari emanda, egun berria tentsioz hasiko dute.
Norberak hartzen du egoera gobernatzeko modua. Bakoitzak ematen dio eman beharreko garrantzia. Halere, ez da txarra, lasaitasunez aritzea aurreneko egunean, ikasturteak egun asko baititu, eta okerrena, ezkerreko hankarekin ekitea izaten da.
Eta gogoratu. Denok eduki dugu adin hori, denok pasatu gara egoera beretik.