543 Zenbakia 2010-07-30 / 2010-09-03

Artisautza

Olabe. Urertzeko zurginak: Sarrera

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Sarrera

Gure “urertzeko zurginek” (artisau ontzi-egileak) ederki ezagutzen zuten zurezko ontziak egiteko teknika, planoak, diseinuak edo inoren teoriak erabili behar izan gabe. Horietako batek zera zioskun: “aski da armadore batek bere ontzia 3 metro luzatzea nahi duela esatea, popa zabala handitu nahi duela, luzera murriztu nahi duela, edo dena delakoa, eta horrela egingo dugu, eskarmentua eta trebezia pixka bat erabiliz, beste ezeren laguntzarik gabe”.

Baina une historiko batean urertzeko zurgintza “artisautzako” espezialitate (jardueraren ondoriozko praktika batetik etorria, beraz) bihurtu zen, mende haietako garapen teknikoaren ondorioz sorturiko “ontzi-arkitektura” zientifikoak eta teorikoak bultzatuta. Hain zuzen, une horretatik aurrera ontzigintzaren ikerketak bi bide hartu zituen: alde batetik “ingeniaritza” eta beste aldetik “artisautza”. Lehenak zuzenean burdinara eta altzairura eraman gintuen eta bigarrenak, aldiz, zurgintzako espezialitate izaten jarraitzen du.

Gaurkoan, ontzi-artisau horietako bati buruz arituko gara. Pertsona gaztea izan arren, ontziei buruz, eta ontziak zaharberritzeko edo egiteko behar diren materialei buruz, ezagutza teoriko eta praktiko itzela dauka. Juan Pablo Olaberria Egiguren da artisau hori.