
Artisautza
Olabe. Urertzeko zurginak: Prozesuak
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
1. Antzinako ontzia zaharberritzea
Juan Pablok “Standards for Historic Vessel Preservation Projects” delakoaren itzulpena eman dit, hau da, antzinako elementuak zaharberritzeko adituek emandako gomendioen zerrenda. Honako hauek dira, hain zuzen:
Narriadura egonkortzea: Egonkortzeko, ontziaren egitura osoa leheneratuko da, egitura-zatiak sendotuz edota egituraren hutsa eragin duen materialaren narriadura geldiaraziz.
Mantentzea: Ahal den guztietan, dauden materialak eta osotasuna mantenduko dira.
Birgaitzea: Ontzi historiko bati egindako aldaketak edo gehitzeak, ontziaren egitura historikoan eragin nabarmenik ez badaukate baino ez dira egingo, eta bakar-bakarrik aldaketak ontziaren tamainarekin, eskalarekin, kolorearekin, materialarekin eta izaerarekin bat badatoz. Ahal denean, aldaketak nola egiten diren zaindu behar da, etorkizunean aldaketa horiek desmuntatzen badira, funtsezko ezaugarrietan eta osotasunean inolako eraginik izan ez dezaten.
Zaharberritzea: Zaharberritzeko lanak egiteko, beti froga egiaztagarriak, historikoak, piktorikoak edo fisikoak hartuko dira oinarritzat, eta ez uste hutsak. Horregatik, ontzia zaharberritzeari buruzko erabakiak hartu baino lehenago, zaharberritzeak islatuko duen garai zehatzean zer ontzi-mota zen eta nola eratuta zegoen zorrotz aztertu behar da, informazio historikoan oinarrituz: aukeratu den garaian ontziak zer esanahi historiko, kultural eta teknologiko zeukan; eta garai zehatz batera egokitutako zaharberritzeak zer eragin izango duen ontziaren eraketa historikoan.
Beraz, zaila da zaharberritzea nola egin behar den azaltzea, kasu bakoitzak metodo zehatza eskatzen du eta. Kasu bakoitza apartekoa da, eta prozesu desberdina eskatzen du.
Bere ontzi-olan nola aritzen diren azaltzen duen txosten interesgarria eman dit Juan Pablok, eta lerro nagusiak kopiatu ditut.
Aurreko txostenean ikusi dugunez, zaharberritze “zientifikoa” egiteko lau urrats jarraitu behar dira: Egonkortu - Mantendu - Birgaitu - Zaharberritu
· Ontziaren egoeraren hasierako ebaluazioa.
· Garbiketa eta pintura zaharra kentzea.
· Oraindik ere aprobetxa daitekeen egitura egonkortzea.
· Zaharberritu edo ordeztu behar diren piezak aztertzea.
· Zaharberritzea, ordeztea eta akabera.
2. Ontzi modernoak egitea
Beira-zuntzezko ontziak ere egiten dituzte, eskuarki 8 metro luzerako bela-ontziak. Ontziak egiteko, molde egokiak erabiltzen ditu.
Prozesua erraza da: Beira-zuntzez indartutako poliester-erretxinazko hainbat geruzekin estaltzen da moldea.
Gogortzen denean, oinarrizko moldetik ateratzen da, eta piezatan egin bada, elkarren artean lotzen dira, pieza osoa lortzeko.
Gero, leundu eta esmalte egokiz pintatzen dira, eta behar diren osagarriak ezartzen zaizkie.
