541 Zenbakia 2010-07-16 / 2010-07-23

Euskonews Gaztea

Gaiak: Elena Irureta

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Pantaila txiki eta handia zein oholtza gaina ederto ezagutzen ditu freskotasun osoz edozein esparrutan mugitzen den aktore gipuzkoarrak.

Zumaian jaio zen 1955eko uztailaren 30ean Elena Irureta Azanza, eta betidanik aitortu du berea ez dela bokaziozko lanbidea, hala suertatu dela dabilela horretan. Hogeita hiru urte zituenean Donostiako antzerki eskolan eman zuen izena eta poliki–poliki lantxoak irteten hasi zitzaizkion. Madrilen aritu zen arte aplikatuen eskola batetan argazkilaritza ikasten eta ondoren, Ingalaterra aldera bidaiatu zuen, Londresera zehatzago esanda, ingelesa ikasteko asmoz. Etapa hura amaituta, 80ko hamarkadaren hasieran, Antzerti –Eusko Jaurlaritzaren arte dramatikorako eskola– eman zuen izena. Argazkia: Diario de Noticiasek utzia.

Urte guzti hauetan, Elenak askotariko paperak landu izan ditu, umore klabean egin du lan, baina baita drama arloan ere. Eta esan bezala, antzezle batek jorratu ditzakeen esparru gehienetan aritu izan da, zenbaitetan erosoago besteetan baino; Iruretak berak aitortu izan du pantaila txikian aritzeak eta batez ere lagunarteko giroa bizitzeak asebete egiten duela.

Telebistari dagokionez, 1983an hasi zen Txirri, Mirri eta Txiribitonen Don don kikilikon saioan, ETBn. Baina makina bat izan dira medio horretan burutu dituen lanak. Besteen artean ditugu Habek bultzatutako Bai Horixe! (1986–1989), Bi eta bat (1991), Jaun eta jabe (1997), Telletxea ( 1998), Sorginen Laratza (1999), Komeriaka (2001), Martin (2003–2008), guztiak ETBn. Zenbaitetan gainera, antzerako rolak bete ditu da eta gainera, antzezle berdinekin aritu izan da, hala nola Jose Ramon Soroizekin, bai Bi eta bat, Jaun eta jabe zein Martin telesailetan. Baina estatu mailako lanak ere atera zaizkio Iruretari telebistan, hala nola, Al salir de clase (1998), Hermanas (1998), Periodistas (1998), El Comisario (1999– ), Los misterios de Laura (2009), Hospital Central (2009–2010) edota La isla de los nominados (2010–)

Taula gainera ere igo izan da maiz zumaiarra, eta zenbait artean, Hau paraderua, El porqué de las cosas, Aspirina para 2, Arlequino, Ama begira zazu, El jefe de todo esto antzezlanetan hartu du parte.

Zinema kontuei dagokionez, bere aurreneko lana 1976. urtean egin zuen, Axut filmean. Zuzendari ezberdinen gidaritzapean ipini –besteen artean, Julio Medem, Iciar Bollaín, Juanma Bajo Ulloa, Daniel Calparsoro edota Telmo Esnal eta Asier Altuna– pelikula ugaritan esku hartu du. Batzuk aipatzearren, Txirula miresgarria (1982), Albaniaren konkista (1983), Nork hil zuen Manu Lasa (1983), Betirako sua (1984), Zergatik panpox (1985), La monja alfére (1986), Ke arteko egunak (1989), La ardilla roja (1992), La madre muerta (1993), Adiós, Toby, Adiós (1995), Hola, ¿estás sóla? (1995), Airbag (1997), A ciegas (1997), Pecata minuta (1998), Flores de otro mundo (1998), Sobreviviré (1999), El vestido (1999), Te doy mis ojos (2003), Aupa Etxebeste! (2005), Zorion perfektua (2009) eta Bon appétit (2009).

Interpretazio freskoa eskaintzen duen emakumeak ibilbide oparoa egin du antzezle moduan, eta zenbait sariren jabea ere bada gipuzkoarra. Esate baterako, Euskal Zinemagintzari El Mundo sarietan Aktore Hoberenaren Saria eskuratu zuen Pecata Minuta (1998) eta Aupa Etxebeste! (2005) filmetan eginiko lanari esker; sariketa berdinean Banaketako Aktore onenaren saria berriz, Flores de Otro Mundo (1998) eta Te doy mis ojos (2003) pelikuletako antzezpena dela eta.

Paper batzuetan besteetan baino erosoago moldatu da Elena Irureta logikoa den moduan, baina beti lortu izan du publiko anitza poltsikoratzea.