541 Zenbakia 2010-07-16 / 2010-07-23

Euskonews Gaztea

Gaiak: Azal zuri, azal gorri

BEREZIARTUA, Loren



Jaitsi dut pertsiana, eta ordenagailu aurrean nago nire laguna noiz iritsiko zain, banoa oporretara. Ailegatu da azken hilabetean horrenbeste desiratu dudan eguna. Iturritik erortzen den ur tantari so egiten diodan bezala erreparatu diet egunei; egutegian astegun bat ezabatzen joan naiz asterik aste, harik eta preziatuko eguna ailegatu den arte.

Banoa maletak hartuta; ez dut gauza askorik sartu egia esan, eta ez dute pisu larregirik. Batean ordenagailua eta argazki kamera eramaten ditut. Bestean berriz, bainujantzi bi, fraka motz pare bat eta lauzpabost kamiseta, txankletak eta sandaliak, eta badaezpada, jertse bat eta zapatila parea.

Banoa uhartera; banoa eguneroko bizitzan ikusten ez ditudan moda estiloak ikustera. Hor agertuko dira nire begien aurrean ohi bezala, dendako bainujantzirik txikiena soinean ipinita larruazala eguzki–izpien handitasunera makurtzen duten beltzaranak. Ni bezala urteko lehenengo errainuekin topo egiten duten azal zuri ugari ikusiko ditut. Eta nola ez, krema zer den jakingo ez balute bezala, azal gorridun atzerritarrak ere presente egongo dira nire oporraldian; azken hauekin gurutzatzerakoan neure egingo dut haien mina, jakin badakit eta zer den sufritzea.

Azken hiru urteetan toki berera joan naiz, eta, eta benetan diot urtero elkartzen naizela apartamentu blokeko korridorean ilunpean ere distira egiten duen bikote berdinarekin. Akaso ohitura edo kultura kontua izango da, agian eder eta lirain ikusiko dituzte euren buruak gorri–larros kolore horrekin, nork daki! Baina ezin direla ongi sentitu argi daukat.

Ezin ulertu dut oraindik nola egon daitekeen babesa duten kremak erabiltzen ez duen jendea eta nola ez, goitik behera olioz lohitzen direnak. Izan ere, gauza bat da egun jakin batetan konturatu gabe erretzea, baina badirudi norberaren osasuna ere mespretxatzea gustuko dutela zenbaitzuek. Egia da geroz eta kontzientziatuago gaudela zaintzearen inguruan, eta halaxe beharko luke, jakina. Ezen larruazalak memoria omen dauka, eta epe luzera erakusten ditu ondorioak. Horregatik, lerro hauetatik eguzkitan ipini aurretik burua erabiltzera animatzen zaituztet. Oporretatik bueltan esango didazue.