541 Zenbakia 2010-07-16 / 2010-07-23

Artisautza

Alberto Artal. Luthierra eta dultzaineroa: Prozesuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Dultzaina egiteko prozesua

Dultzainaren osaera azaltzeko bi zati bereiziko ditugu: alde batetik pita dago, hau da, tresnaren gorputzetik bereiz daitekeen goiko aldea, hondatzen denean berehala aldatzeko modukoa; eta beste aldetik dultzainaren gorputza bera.

Pitak hiru zati izan ohi ditu: estragula edo kanabera, tutua eta tudela.

Estragula edo kanabera, kanaberazko bi mihiz osatuta dago; simetrikoak baina elkarren artean independenteak dira, eta hariz edo alanbrez lotuta egoten dira. Kanaberak kontuz aukeratu behar dira: ilbeheran moztu ohi dira, neguan, eta beti ere aurreko egunetan euririk egin ez badu. Kanabera hauek egiten benetako espezialistak daude.

Azpian diametro handiagoa duen zati bat izaten du, bertan kanabera ezartzeko: tutua da.

Azpian tudela dago, hau da, gorputzari lotuko zaion zatia. Metalezko tutu koniko bat da eta gainean jartzen zaio kanabera.

Gero, dultzainaren bigarren zatia dator. Hiru zatiz osatuta dago: kubiletea, gorputza eta kanpaia, goitik behera.

Kubiletea goiko zatia da, eta bertan sartzen da presioz tudela kanaberarekin.

Gorputza dultzainaren erdiko zatia eta handiena da. Bertan daude aurrealdeko 7 zuloak eta atzealdeko zulo bakarra, hatz txikiaz estaltzen dena. 18 cm inguruko luzera izaten du.

Aspaldian dultzainak zurezkoak izaten ziren, inguruan zegoen zuraren arabera. Gure inguruan, sagarrondo-, madariondo-, arte-, ebano- edo ezpel-zurez egiten ziren. Gaur egun artisau askok polimero-erretxinak erabiltzen dituzte, tenperatura-aldaketak hobeto jasaten dituztenez, afinatzeko errazagoak dira eta.

Gure artisauak metalezkoak egiten ditu.

Kanpaia da azken zatia. Tresna horrekin duen antza dela-eta deitzen zaio kanpaia, eta 5,5 cm-ko diametroa eta 9 cm-ko luzera izan ohi du, alde bakoitzean zulo bat duela.

Esan behar da dultzainak musikariaren eskuen neurrira egiten direla, eta pertsona eskuina edo ezkerra den ere aintzat hartzen dela.

Gaur egun Bizkaian egiten diren dultzaina gehienak metalezkoak izaten dira, laserrez mozturiko letoizko gorputzez eginak. Gero zilarrezko soldadura egiten zaio, eta zuloak egin eta pitak atxikiko diren kubileteak kokatzen dira.

Ahokoak edo pitak egiteko, mihiak edo kanaberak higatu eta afinatu egiten dira. Tudelak alpakazkoak izaten dira eta txantiloien bidez mozten dira. Ondoren, mutur borobileko aliketaz okertzen, tresna batean moldekatzen eta zilarrezko soldaduraz soldatzen dira.

Goiko aldean zulo obalatu bat izaten dute, kanaberarentzat. Behe aldea zabalagoa da, geroago txertatuko den kubiletearen diametroaren antzekoa izan behar du eta. Gaur egun, tudela eta kubiletea atxikitzeko kortxoa erabiltzen da (aspaldian iztupa erabiltzen zen).