Euskonews Gaztea
Gaiak: Jose Miguel de Barandiaran
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Etnografiarekiko pasioak bete zuen Joxe Miel Barandiaranen biziaren zati handi bat, eta tarte hori ez da txikikeria, ataundar ezaguna 101 urterekin hil baitzen.
Ataungo Murkondo auzoan jaio zen Joxe Miel Barandiaran 1889ko abenduaren 31n, zehatzago esanda, Peruenezarre baserrian. Ez zuen eskolara joatea maite txikitan, hain zuzen, ez baitzen gaztelaniaz ondo moldatzen eta eskolan ezin zen euskaraz hitz egin.? Halere, estudiatzea gustuko zuen gazte hark, eta aurrena, Humanitateak ikasi zituen Baliarraingo apaiz eskolan; handik berriz, Gasteizko apaiztegira lekualdatu eta filosofia eta teologia ezagutzak bereganatu zituen. Apaiztu aldiz, 1914an egin zen, eta urtebete beranduago Burgosen lizentziatura eskuratu zuen, Teologian.
Beti eduki zuen, besteen artean, historiarekiko zein etnografiarekiko kuriositatea, eta horrek gidatu zuen bere bidean. Gainera, 1917an Telesforo Aranzadi antropologoa eta Enrique Eguren arkeologoa ezagutu, eta haiekin burutu zituen ia 20 urtez Barandiaranek bere ikerketa lanak. Gutxi batzuk aipatzearren, Aralar mendiko trikuharriak aztertu zituzten 1917an, Aizkorrin aritu ziren 1918an, Kortezubiko Santimamiñeko kobetan, 1924, 1925eta 1931an, Itziar–Urtiaga 1936an... Argazkia: J.M. Zabala
Ataundarrak Europan zehar ere bidaiatu zuen Aranzadirekin batera 1922an, eta hainbat hiriren artean, Munich, Paris, Kolonia, Berlin, zein Holandan museo eta erakunde anitz bisitatu zituzten. Baina ez zen bi gizonek nazioartean burutuko zuten irteera bakarra izango; 1929an Bartzelona, Berna, Viena, Innsbruck, zein Zurichen egon baitziren, esaterako.
Baina gerra iritsi eta erbesteratu beharra eduki zuen gipuzkoarrak; hala, Saran (Lapurdi)? kokatu zuen bizitokia, harik eta 1953an bere jaioterrira itzuli zen arte. Orduan, berriz ere arkeologia lanei heldu zien, eta 1956koak dira, besteen artean, Arrasateko Lezetxiki, Foruako Atxeta edota Zestoako Ekain kobetan buruturiko indusketak.
Barandiaranek lan ugari publikatu zituen bere bizitzan zehar; esate baterako, Ataun en la Edad Media (1916), Paletnografia Vasca (1921), Mari o el genio de las montañas (1923), Breve historia del hombre primitivo (1931), Euskalerriko leen gizona (1934), Antropolog?a de la poblaci?n vasca (1947) edota Aspectos sociol?gicos de la poblaci?n del Pirineo Vasco ( 1953–57).
Ikertzaile gipuzkoarrak kargu ugari bete zituen bere bizitzan zehar. Esate baterako, Agirre Apaizgaitegiko Errektore eta Kontzilio Apaizgaitegiko Errektoreorde izendatu zuten 1926an; Antropologia eta Etnografiari buruzko Nazioarteko Kongresuko Batzorde Iraunkorreko kide 1935ean; Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko elkarteko Zuzendaria 1947an; Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria 1976an. Bestaldetik, eginiko lan guztiagatik, Honoris Causa doktore izendatu zuen EHUk 1978an; Gasteizko Teologia Fakultateak 1981ean; Deustuko Unibertsitateak 1986an; Madrilgo Complutense Unibertsitateak 1987an. Gainera, Gipuzkoako Seme Kuttun izendapena eman zion Foru Aldundiak 1983an eta urtebetera berriz, Atauneko Seme Kuttun.
Joxe Mielek berak eta Eusko Ikaskuntzak Barandiaran Fundazioa sortu zuten 1988ko ekainean. Xedea, bere bizitza zein zientzia eta kulturari eginiko ekarpena aztertu, bere lanen hedapena, ikerketa programak eta bekak aurrera eramatea...
Gipuzkoar handi hau 1991ko abenduaren 21ean hil zen eta benetan garrantzitsua izan zen euskal zientzia eta kulturari eginiko ekarpena. Joxe Mielek eginiko ?historiaurrearen eta etnografia ikerketei esker, hobeto ezagutzen dugu gure historia.