Euskonews Gaztea
Gaiak: Jesus Guridi
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Ganbera musika, organorako zein pianorako obrak, zarzuelak, operak... Arlo ezberdinak jorratu zituen Jesus Guridi musikagile arabarrak bere bizitzan zehar, eta arrakastarik ez zitzaion falta artista ezagunari.
Gasteizen jaio zen Jesus Guridi Bidaola 1886ko irailaren 25ean. Ez zuen kasualitatez eskuratu musikarekiko afizioa eta berezko talentua, geneetan zeramatzala esan baitaiteke. Hain zuzen ere, aitak biolina jotzen zuen, ama piano irakaslea zen, aitona eta birraitona organistak...
Bilbon ikasi zuen Guridik Sainz Basabe musikaria irakasle zuela, baina familia Zaragoza aldera lekualdatu zen bizitzera, eta ondoren berriz, Madrilera. Hamaika urte bete zituenerako zenbait lantxo konposatuak zituen, eta García Soler baritonoak horren berri eduki eta animatu egin zuen armonia ikastera; Valentin Arin gipuzkoarra izan zuen irakasle Jesusek.
Bilbora bueltan, hamalau urte inguru zituenean, Bilboko Laukotean sartu zen Sainz Basabe eta Lope de Alaña biolinistaren eskutik. Ondoren, 1901ean, Bizkaiko hiriburuan Lore Jokoak ospatu ziren eta talentuz beteriko Guridi gazteak Placido Allende saria eskuratu zuen kanturako eta pianorako Txalupan melodia konposatu izanagatik. Hiru urte pasatu ziren eta Euskal Herria utzi zuen gazte hark beste behin, Europa aldera bidaiatuz. Parisera iritsi zen aurrenekoz 1904an. Hala, Schola Cantorumen matrikulatuta, pianoa, organoa, konposizioa zein kontrapuntu eta fuga ikasi zituen. Ez zuen bertan amaitu bidaia, eta Frantziako hiriburutik Belgikara abiatu zen ondoren, eta Alemaniara segidan; organo eta instrumentazioa landu zituen hurrenez hurren, eta irakasle bikainak eduki zituen urte horietan.
Etapa hari amaiera eman eta Bilbora itzuli zen musikaria; bertan, organista moduan aritu zen Joan Santua elizan lehenengo, eta Santiago basilikan gero. Gainera, irakasle lanak burutu zituen, eta noski, ez zion konposatzeari utzi. Eta esparru ezberdinetan landu zuen bere kreatibitatea artistak. Asko eta asko izan ziren arabarraren sormen lanak, gutxi batzuk dira soilik jarraian aipatutakoak.
Ahotserako musika konposatu zuen, esaterako, Así cantan los chicos, Euskal Folkoreko XXII abesti? Sereno! edota Arantzazura. Koroentzako aldiz, Goiko mendiyan, Aldapeko zein Canta el gallo tempranero. Orkestrentzako musikari dagokionez, Leyenda vasca (1915), Una aventura de Don Quijote (1915), Diez melodías vascas (1941), Homenaje a Walt Disney (1956), askoren artean. Opera arloan, Mirentxu arrakastatsua (1910) eta Amaya (1910–1920); eta zarzueletan, El Caserío (1926), Mandolinata (1934), Mari–Eli (1936) edota Peñamariana(1944).
Ganbera musika arloan besteen artean, Inguruko Dantza (1928), Alborada (1928), Mendiko soinuak (1929) eta Cuarteto en sol major (1934). Organorako berriz, Fantasía para gran órgano (1906–1907), Escuela española de órgano (1951). Pianorako, 8 apuntes para piano, Cantos populares vascos, Danzas viejas, edota Vasconia.
Lan andana egin zuen eta bere emaitzak ere jaso zituen arabarrak, bai Euskal Herrian eta baita kanpoan ere sona eduki baitzuten bere sormenek. Esate baterako, Madrilen estreinatu zuen El Caserío zarzuela arrakasta handiz. Bertan kokatu zuen bizitokia Guridik eta Erret–kontserbatorioan irakasle lanak burutu zituen aurrena, eta 1956an zuzendari kargua eman zioten.
Musika bihotzez sortu zuen gizon hari omenaldia egin zioten bere jaioterrian, Gasteizen, 1952an eta Seme Kutun izendapena eskuratu zuen hala. Gainera, hiriko kontserbatorioak bere izena erabiltzea adostu, eta Jesus Guridi Musika Kontserbatorio moduan ezagutzen da egun.
Madrilen hil zen Guridi maisua 1961eko apirilaren 7an, bizitza osoa familiari eta musikari eskaini ostean. Eta bere doinuek egun eta etorkizunean ere aretoak betetzen jarraituko dute.