Euskonews Gaztea
Gaiak: Philippe Oyhanburu
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Philippe Oyhanburu arrazoi ezberdinek bultzatuta, munduan zehar asko bidaiatu duten horietarikoa dugu. Koreografoa den arren, lanbide bakar batetan kokatu beharko bagenu, ezinezkoa litzaiguke; besteen artean, musikaria, idazlea eta euskara irakaslea ere badelako. Philippe Oyhanburu.
Okzitaniarra da jaiotzez Philippe Oyhanburu (Argeles–Gazost, 1921). Aitak Ipar Euskal Herriko sustraiak zituen, Biarritzekoak, baina lan kontuengatik abiatu zen Hegoamerika aldera. Bertan igaro zituen Philippek zortzi urte, eta denbora guzi horretan, ez zen eskolara joan; kalean igarotzen zituen ordu gehienak. Zortzi urte zituela bueltatu zen familia Europara, eta Parisen ipini ziren bizitzen; bertan eskolatu zen aurrenekoz, eta batxilergoa ere burutu zuen. Amak ?artista sena berarengandik datorkio– semeak pianoa jotzea gura zuen arren, Philippek ez zuen oso gustuko instrumentua, eta akordeoi bat erosita, bere kasa ikasten hasi zen.
Bigarren Mundu Gerlarekin, Ipar Euskal Herrira joan ziren, Biarritzera. Aitaren bi anai Hendaian bizi ziren eta haiekin hasi zen euskara ikasten. Gainera, Michel d’Arcangues eta Jontxu Hillau txistulariak ezagutu zituen, eta hizkuntzarekiko, herrialdearekiko zein euskal musikarekiko zaletasuna hazten joan zen bere barnean. Ordutik, bizitza osoa euskal kulturak harrapatuta bizi da.
Hillauk eskatuta, Olaeta dantza taldean hasi zen, akordeoilari moduan aurrena eta dantzari gisa beranduago. Taldeko irakasleak taldea utzi zuen alemaniarrengandik ihesi Bilbo aldera joan baitzen, eta gutxira, Philippe bera ezkutatu behar izan zen arrazoi berberengatik. Hala, Parisera bueltan, euskal munduarekin lotuta jarraitu zuen, dantzen irakasle moduan aritu baitzen beraiekin: Baina ez ziren garai goxoak izan berarentzat, gaixotu egin zen eta; sendatzeko, Euskal Herrira itzuli zen, hain zuzen ere atseden hartu eta termetako urez gozatu eta indarberritzera.
Philippek Alemaniako frentetik Biarritz aldera joaten ziren amerikarrekin korua zuzentzen ikasi zuen. Orduan, Olaeta baletaren idazkari orokor izendatu zuten 1944an ?urtebetera izenez aldatu eta Oldarra izatera igaro zen taldea– eta 1953ra arte egiteko horretan jardun zuen. Urte hartantxe, Etorki, dantza eta kantu batasuna taldea kreatu zuen, eta besteen artean, Paris, Belgika, Londres, Holanda, Iran, Brusela, Afrika zein Hegoamerika aldean eskaini zituzten emanaldiak.
Philippek ideologia ezberdinetan sinetsi izan du bere bizitzan zehar; euskal abertzalea da; Partidu komunistako kidea Parisen; hortik urruntzen hasi eta sozialismoaren alderantz egin zuen ondoren.
Bestaldetik, zenbait liburu idatzi ditu Oyhanburuk, eta besteak beste, La revanche de Bakounine ou de l’anarchisme á l’autogestion (1976), L’irrédutible phénomene basque (1980), Euskal deituren hiztegia (1991), De Biarritz à Tbilissi en passant par Bogota, Chroniques des années saltimbanques, 1942–1994 (1994), Biarritz, Promenade océane (1996), Euskadi, pays des Basques (1998), Dialogue avec mon journal, Un jeune séparatiste basque dans le Paris de l’Occupation (2001), De Tbilissi à Getaria, en passant par New York, Suite (1995–2007) des Chroniques saltimbanques 1942–1994 (2008).
Irrati esatari gisa ere egin du lan miarriztarrak kate ezberdinetan, 1957 eta 1989 urteen artean. Radio Outre–Mer, RadioFrance Internationale, France Culture, Radio Adour– Navarra (1984–85), Radio–France Pays–Basque (1985–89).
Askok euskal kulturaren enbaxadore moduan bataiatu dute Philippe Oyhanburu, eta ez da gutxiagorako, pasioz eta maitasunez bizi izan duen arloa baita, eta munduko toki ugaritan horixe erakustea lortu du.
