535 Zenbakia 2010-06-04 / 2010-06-11

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gamarra Ostalaritza Eskola, barrutik

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Testua eta argazkiak



Geurean toki diferentetan eman dezakegu izena ostalaritza esparruan sakondu gura izanez gero eta besteen artean, Leioa eta Gasteizko Mendizorrotzako zein Gamarrako Ostalaritza Eskolak ditugu. Euskonews Gazteak azken horretara egin du bertatik bertara hango eskaintza ezagutu, giroa bizi eta protagonistekin hitz egiteko. Sabin Unamuno eta Mari Carmen Lasa.

Gamarra Ostalaritza eta Turismo Eskola Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailaren ekimenez ipini zen abian 1988an; ikastetxe publikoa da ondorioz.

Ikasketei dagokienez, Erdi mailako ikasketak –Sukaldaritza eta Gastronomia zein Jatetxe Arloko Zerbitzuak eta Goi Mailakoak –Jatetxe–Arloa– eskaintzen dituzte. Bi urtetako ikasketak dira, eta aukeratzen den ikasketaren arabera askotariko ikasgaiak lantzen dituzte ikasleek: Eskaintza gastronomikoa, elikagaien manipulazioa, enpresa eta ekimena, ardoa eta bere zerbitzua... Eta hezkuntza arautuaz gain, lantokiko prestakuntza – praktikak– eta etengabeko lanerako prestakuntza burutzen dute Gamarran. Etorkizun oparoa

Sabin Unamuno eskolako idazkari eta sukaldeko irakasleak egin digu harrera, eta berarekin batera, Mari Carmen Lasa Normalizazio Linguistikoko arduraduna dago. Ondorioz, askotariko gaiak ahotan hartzeko aukera suertatu zaigu bat–batean.

“Ikasturte honetan ia 300 ikasle ditugu. Gainera, 2009–2010 ikasturteko matrikulan gorakada nabaritu genuen. Badirudi krisi garaian, lana bilatzeko edo negozio propioa aurrera eramateko modua dela ikusten dutela askok”, azaldu digu Sabin Unamunok.

Sabinek, 23 urte daramatza Gamarran irakasle lanetan, eta harro hitz egiten du bertatik pasatu diren ikasleei buruz. “Zenbait ikaslek egiten ari direnarekiko benetako pasioa dute, eta gustua daukatela nabari da; badaude noski, jakiak errezetak hitzez hitz jarraituz elaboratzen dituztenak! Baina hemendik igarotako asko sukaldari bikainak dira; goi mailan dihardute batzuek, besteek berriz, beren negozio propioa ireki ahal izan dute.”

Baina Ostalaritza eskolatik irtendako guztiak ez dira sukaldari beharretan ipintzen. Besteen artean, lanbide hauetarako prestatzen dituzte ikasleak Gamarran: sukalde–buruak, gozogileak, barmanak, zerbitzariak, ma?treak, sumilierrak, taberna–kafetegi edo jatetxe arduradunak... Garrantzitsuena, halere, behin ikasketak amaituta mugitzea dela aitortzen du Unamunok, “ezbairik gabe, irteera duen arloa da ostalaritzarena, baina lan egin nahi duenak, ezin geldi egon!”. Instalazioak bisitatuz

Sabinek eta Mari Carmenek instalazioak bisitatzera gonbidatzen gaituzte, eta gidari lanetan ipintzen dira. “Alde batetik jatetxea dugu, non ikasleek prestatzen dituzten platerekin, kanpotik etorritakoek eguneko menua jan dezaketen. Bestaldetik berriz, gunerik garrantzitsuena, sukaldea. Bertan prestatzen da menua, baina orokorrean hitz eginda, praktikak burutzeko tokia dugu.”

Zonalde ezberdinak aurkitu ditugu sukaldean, eta Sabinek arrazoia azaldu digu. “Haragia, arraina eta entsaladak sukalde aldameneko gela hotzetan – bakoitzak berea du– prestatzen dira, eta plateren elaborazioa berriz, sukaldean bertan.” Errotazioa burutzen dute ikasleek, ikasgaiaren arabera, toki batean edo bestean jarduten dutelarik. Dozena lagunetik gora dabiltza lapiko artean beraien saltsan. Euskararen sustatuz

Aurrera egiten dugu bisitan; gurin usainak gozotegira iristen ari garela adierazten digu. Te–pastak egiten ari da taldetxo bat, beste batzuk aldiz, ogi–orea lantzen dihardute. Ikasleak lanean ikusi ditugu, eta bat–batean atean itsatsita, Mari Carmenen lanaren emaitza begiztatzen dugu, hain zuzen ere, euskararen normalkuntza arloan, produktu bakoitzaren euskarazko izena ageri zaigu. Hiru urte daramatzate ostalaritza esparruan euskal terminologiaren alde lan egiten. “A eta D ereduak eskaintzen ditugu, eta gure asmoa bietan ala bietan, euskarazko hiztegia geroz eta ezagunago bihurtzea da. Hala, D eredukoek eguneroko bizitzan dela tresneria direla osagai zein bestelakoak euskaraz aipatzea da xedea, eta A ereduan dihardutenek ere ezagun izan ditzatela euskarazko terminoak.”

Oraindik ere lan asko eta asko dagoela aipatzen digute bai Mari Carmenek, baita Sabinek ere. “Orain arte kontzeptu gehienak gaztelaniaz baliatzen zirenez gero, ohiturak aldatu behar ditugu. Funtzionatu dezan, denok egin beharreko zerbait da, bai ikasle baita irakasleok ere.” Erasmus beka

Ostalaritza eskolako ikasleek teoria baino, praktika lantzen dute gehien bat, eta horrez gain, derrigorrez burutu beharreko hiru hilabeteko praktikak dituzte. “Bi aukera eskaintzen ditugu,” dio Mari Carmenek. “Praktikak eskolan bertan egin ditzakete, baina gainera, kanpora joateko abagunea ere ematen zaie. Normalean Italiara abiatzen dira, baina Zipre, Polonia, Suedia, Finlandia eta beste tokiren batzuetan ere egon dira.”

Gamarrako Ostalaritza Eskolaren xedea, eremu ezberdinetan jakintza eskaintzea eta etorkizuneko langileek abilezia eskuratzea da. Urtero Euskal Herriko toki ugaritako jendea bertan ikastera animatzen dela da eskolaren arrakastaren erakusgarria.