534 Zenbakia 2010-05-28 / 2010-06-04

Euskonews Gaztea

Gaiak: Modaren morroi

AGIRRE, Uxue



Aste guztia pasatzen du larunbata iristeko desiratzen, egunak atzeraka zenbatzen: 5, 4, 3, 2, 1. Larunbata, zapatua; baina berari ez zaio egun handiaren izena interesatzen, ez zaio axola. Berdina izango litzateke berarentzat “nahas–mahas” deituko balitz ere. Ez da izena horrenbeste erakartzen duena, ez da ikastolara joan beharrik ez izatea hain gogoko duena, ez da hark eskaintzen dion lo egiteko aukera. Argazkia: Darwin Bell

Gogoan dauka nola egoten zen umetan erakusleihoei begira, itsatsita bezala, sudurra eta masaila zapalduta. Eta orduko ametsa larunbatero betetzen duela sentitzen du dendako atea zabaltzen duen bakoitzean. Arropa, zapatak, poltsak, zapiak. Uf? Hasperen egiten du. Hotzikara gorputz guztian zehar. Diruak behatzak erretzen dizkio, gastatu egin behar, noski. “Nola aurreztuko nuen, ba, ama, diruak erre egiten zizkidan behatzak;behatzak eta poltsikoa eta diru zorroa”.

Larunbata pasa da. Badator hurrengoa; badator eta badoa. Hurrengoa eta hurrengoa eta hurrengoa. Erosi eta erosi eta erosi.

Ohean dago gaur. Ez da berriz jaikiko, azkenetan dago, beti egon da azkenetan. Beti bizi izan da egoera begetatiboan legez. Ez dauka oroitzapenik, bizipenik, zer kontaturik. Ez dauka familiarik, ez lagunik, ez bikoterik. Ez dauka polita dela esango dion inor, soineko hori ongi gelditzen zaiola esango dionik. Ispilua dauka eta hark beti dio egia. Bakarrik dago. Bihotza hutsik eta armairua beteta, leporaino.