534 Zenbakia 2010-05-28 / 2010-06-04

Euskonews Gaztea

Gaiak: Begoña Bilbao

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Bermeon jaio zen Begoña Bilbao Alboniga 1932ko azaroaren 23an eta 2005eko maiatzaren 9an hil zen. Kostaldekoa izanik, eta herriko arrantzale–usadio handia ezagututa, ez da harritzekoa bere gurasoek ere esparru horretan lan egitea. Aitak itsasontzian lan egiten zuen bitartean, ama kontserbagilea zuen.

Begoñak oinarrizko ikasketak Bermeon bertan buru zituen, Karmeliten ikastetxean. Irakurtzen ikasi zuen, eta bizi osorako harrapatuta geratu zen letren mundu zoragarrian. Halere, etxekoek ez zuten begi onez ikusten afizio hura, eta behin baino gehiagotan eduki zuten sesioa arrazoi horrexegatik. Halere, gaztetxo hark bazituen zenbait konplize –bizilagun bat eta baita izeba bat ere– eta haiek ematen zizkioten liburuekin barneko harra asetzen zuen Begoñak.

Jostorratza erabiltzen trebatu zen eta jostun moduan hasi zen beharrean. Ekin eta gutxira, bi denda ireki zituen, eta ezagun bilakatu zen herrian. Baina ez zuen literaturarekiko zaletasuna sekula alboratuko, eta orduak eta orduak ematen zituen irakurtzen, baina baita zer edo zer idazten ere.

Hirurogeiko hamarkadan Gotzon Garitaonaindia abade euskaltzalea Bermeora iritsi zen eta lagun minak egin ziren bera eta Begoña. Ideologia aldetik bertsuak, bien artean herriko aurreneko gau–eskolak sortu zituzten biztanleak euskaraz alfabetatzeko asmoz.

Garai hartan gainera, dagoeneko ama zen Begoña eta bere alabetariko bat, Lupe, kantuan hasi zen bederatzi urterekin eta amak kantatzen zituen abestietako batzuk idazten zizkion, ahotan hartu eta entzuleak aho zabalik utziz. Esan daiteke modu horretan, plazaratu zirela bizkaitarraren aurreneko literatura lanak.

Gauza ugari idazten zituen Begoñak, batzuk berarentzako gordetzen zituen, besteak jendarte guztiarentzako izaten ziren. Eta halere, ez zuen bere burua idazle iaio moduan ikusten, eta hizkuntza hobeto menperatu guran, Filologia ikastera animatu zen. Deustun eman zuen izena; 1983–1984 ikasturtean joan zen aurrenekoz fakultatera, 50 urte zituenean, eta 55 urterekin lizentziatu zen bermeotarra. Gustura aritu zen urte horietan hizkuntzaren xehetasunak bereganatzen eta lagun onak egiten.

Horrez gain, bere jaioterriko AEKren sortzaileetariko bat izan zen Begoña eta besteen artean, Gotzon Garitaonaindia euskaltegian aritu zen klaseak ematen. Gainera, herriko udaleko euskara zerbitzuan ere ibili zen beharrean erretiroa hartu aurreko bost urteetan. Euskararen inguruko kezka erakutsi zuen beti, baina halere, kritikaren bat edo beste jaso zuen; hain zuzen euskara batuaren defendatzailea izan zen, baina bestaldetik, Bermeoko euskalkia maite zuen, eta jendeak ez zuen ongi ulertzen, maite zuena euskara bera zela.

Idazle bizkaitarrak lan ugari publikatu zituen: Atzerriratu baten itzulia (1983), Ustekabeko jazoera (1984), Burutu gabeko amets bat (1989), Leiarrezko promes bat (1991), Isuritako ura ez da batzen (1991), Itsasoa beti emankor (1998), Itsasertzean gertatu zan (1998), Azken haperenak (2000), Maitemintze berantiarra (2000), Ibaia maitasunaren oztopo (2001), Bermeo basatia –Henri Capdevieleren Bermeo la sauvage liburuaren itzulpena– (2001), Orain nere txanda da (2002), Palestina zure mina (2004).

Gainera, Bermeoko euskara kresaltsua. Aditza eta fonetika eta Bermeoko berba eta esamolde kresaltsuak liburuak publikatu zituen 2003an, biak ala biak bere herriko euskararen inguruan eginiko lan borobil eta interesgarriak.

Eta eginiko lanengatik ere zenbait sari eskuratu zuen idazle euskaldunak. Besteen artean, Bermeo Saria (1982, 1984, 1987, 1988), Irun Hiria saria (1990), Pedro Atarrabiakoa saria (1996), Kimetz Saria (1998), Idatz eta Mintz (1998, 2000), Agustin Zubikarai saria (1999, 2000), eta Lizardi saria (2001).

Gauza ugari izan zen bere bizitzan zehar bermeotarra: jostuna, ama, irakaslea... Baina argi utzi zuen batez ere, bere hizkuntzarekiko eta literaturarekiko zale porrokatua zela.