530 Zenbakia 2010-04-30 / 2010-05-07

Euskonews Gaztea

Gaiak: Nor-nori-nork

GALDOS, Aintzane



Eusko Jaurlaritzak dio dirurik ez dagoela baina zer kasualitate gurea falta zaiela.

Bizi dugun krisi garai honetan, hor ari dira besteak beste, euskara elkarteak beraien biziraupena nola lortu asmatzen, ezen diru–laguntzen murrizketak gogor joko du merkatuan. Eta handiek nolabait bizirautea lortuko badute ere, talde txikiek funanbulisten antzera, hanka puntatan eta kontuz ibili beharko dute sarerik gabeko amildegira erori nahi ez badute behintzat.

Denok gabiltza poltsikoetako zuloak josi nahian, denon asmoa da beharrezkoa soilik gastatzen ahalegintzea. Noski, beti egongo dira aurreikusi gabeko gasturen batzuk, baina orokorrean, nahiko ongi jakiten dugu zer kontsumitu dezakegun eta zer ez.

Halere, askotan neurririk gabe dirua xahutzen dutenak ere inguruan edukiko ditugu, aurreztu egiten duzulako, zur eta lur begiratzen dizuten horietarikoak. Eta egon badaude, hizkuntza bat ikasteko dirutza jaso eta lotsa izpirik gabe lengoaia zaila dela edo piper egiten duela esaten dutenak; ez al gaude krisian? Zorionekoa bera sari horren eskudun delako, aprobetxatu eta joan klasera!!

Gainera, hizkuntza bat zaila dela esanez alboratzea, aitzakia besterik ez dela iruditzen zait; ez nabil esaten denok garenik gai hizkuntza maila altu bat edukitzeko, hori ezinezkoa da, denok gai ez garen moduan fisika edota marrazketan onak izateko. Halere, gogo apur batekin, oinarrizkoa ikasteko gai garela ez nuke baztertuko, ez horixe! Ziur aski, gure hizkuntzari muzin egiten dion horrek “danke schoen” esaten jakingo du, baina “eskerrik asko” bere ahotik ez da irtengo, “gracias” ulertzen baitugu guztiok...

Trikiti doinuen zalea ez naizen arren, Gozategi taldearen kantua berreskuratuko dut –hasierako paragrafoa ere haiena da–, eta euskaltegian bageunde bezala, pertsona horiei eskolara joango balira entzungo luketena abestu diet: nor–nori–nork... baldintza eta subjuntiboa...