530 Zenbakia 2010-04-30 / 2010-05-07

Euskonews Gaztea

Gaiak: Jean-Mixel Bedaxagar

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Eskuekin egiten du lan Jean–Mixelek, izan ere, arotza da profesioz. Horrek ematen dio jatekoa, eguneroko beharra baitu, baina musikaria izateagatik dugu ezagunago.

Zuberotarra da Jean–Mixel Bedaxagar, hain zuzen ere Urdiñarben jaio zen 1953an eta egun ere bertan dauka bizitokia. Txikitatik euskal tradizioak inguratuta bizi izan da; hain zuzen ere, etxean osaba, aitona edota aita bera dantzariak zituen. Baina bost edo sei urte zituenean, xirularekiko miresmena hazten joan zitzaion, eta ez zen kasualitatez izan. Maskaradak herrira iritsi ziren eta haizezko instrumentuaren soinuak belarrietatik sartuta, harrapatuta geratu zen, gaur arte.

Halere, bere aurreneko xirula edukitzeko itxaron beharko zuen Jean–Mixelek, ez baitzen 17 urte eduki zituenera arte zorioneko eguna iritsi. Orduan, bere aurreneko soldata jasotzeaz bat, txirula erosi, eta ikasten hasi zen, belarriz aurrena, beste musikari batzuekin ondoren. Besteak beste, Pierre Bordezarre zein Agerret eta Copain musikariak izan zituen bidea irakasten, eta poliki–poliki bere abilezia erakutsiz joan zen.

Beste esparru batzuetan ere iaioa zela agertu zuen artistak. Zuberoan –eta Ipar Euskal Herrian– kanturako tradizio handia dago betidanik eta Jean–Mixelek ere belarri ona zeukan. Hala, ostatu txikietan emanaldiak eskaintzen hasi zen –eskola modukoak izan ziren horiek, hanka–sartzeetatik eta ikasteko. Halere, milaka pertsonen aurrean ere aritu da, esaterako Donostiako Belodromoan 1976an burutu zen “24 ordu euskaraz jaialdian”, nahiz eta emanaldi txikiagoetan aritzea gustukoago duen.

Laurogeigarren hamarkada iritsi zen eta Bedaxagarrek zenbait proiektu ipini zituen martxan. Hala, Etxaun–Etxaun (1980) diskoan esku hartu zuen beste musikari batzuekin batera. Baina horrezaz gain, Xiberoa bere aurreneko lana kaleratu zen 1983an eta 1984an, ttunttuna eta txirula joaz Euskal Herriko Soinu Tresnak diskoan kolaboratu zuen.

Lau urte igaro ziren, eta beste arlo baten jorratu zuen bere kreatibitatea xiberotarrak. Hain zuzen ere, Pastoralera gerturatu zen modu profesionalean, eta 1988an bere jaioterrian taularatutako Agosti Xaho obrarentzako bi abesti konposatu zituen.

Halere, dena ez zen musika eta festa izan eta momentu gogorrak ere bizi izan zituen; urte luzeetan kantatu ezinik egon zen gaixotasun baten ondorioz. Baina gizon gogorra dela erakutsi eta aurrera eginez, 1995ean lan berri batekin itzuli zen. Otia lili denean izena eman zion; hemen bildu zituen pastoral hartako kantu biak, besteen artean. Eta 1996an berriz, Bedaxagar zuzeneko lana eta bere hirugarren diskoa aurkeztu zuen.

Emanaldi eta aroztegiko lanez gain, Jean–Mixelek Ama ikuskizuna prestatzeko denbora atera zuen, Etxahun Iruri eta Gaiarre gogora ekartzen dituen lana, hain zuzen ere. Bertan, Bedaxagarrengan ohikoa den musika tradizionala jasotzeaz gain, operarekin uztartzen zuen ikusgarria; urte hartantxe, Euskal Herriko zenbait hiritan taularatu zuten Ama.

Orain arteko azken lanak aldiz, Auñamendi izena dauka eta 2009ko urrian ikusi zuen argia. Lagun ugari izan zituen alboan kasu hartan –besteen artean, Erramun Martikorena zein Amaren Alabak taldeak.

Musika tresna zaharrenetarikoa eta kantua aukeratu ditu Jean–Mixelek komunikaziorako. Betiko kantak berreskuratu ditu orain arteko bidean, baina gainera, berak sorturiko abestiak ere eskaini dizkigu; hala, euskal kantagintzan aipatu beharreko izena dugu berea.