528 Zenbakia 2010-04-16 / 2010-04-23

Euskonews Gaztea

Gaiak: Amaia Zubiria

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Kantari batzuek ahots sendoa edukitzen dute, ahots zakarra zenbaitzuek, besteek fina... Denetarik dago abeslarien munduan eta gustuko izaten ditugu batzuk, besteak aldiz ez horrenbeste. Garrantzitsuena, egiten duzuna pasioz burutzea da, eta Amaia Zubiriak ez du hori ezkutatzen.

Gipuzkoarra da Amaia, hain zuzen ere, Usurbilgo Zubieta auzoan jaio zen 1947ko irailaren 11n. Gurasoak musikazaleak zituen eta gaztetatik dastatu zuen kantuaren zaporea. Gainera etxeko giroa sarritan goxoa baino garratza izaten zenez, abestiei esker beste mundu batzuetara hegan egitea lortzen zuen; gehienetan bakardadean aritzen zen abesten. Hala, inork jakin gabe, Donostiako kantu txapelketa batean parte hartu eta hurrengo eguneko La Voz de España egunkarian agertu zen argazki batetan, etxean ikusi zuten eta berebiziko errieta eduki zuen amarekin.

Garai hartako jende ugari moduan, Zubiria ere gazterik ezkondu zen, 19 urte zituenean hain zuzen, eta nahiz eta kantua alboratu ez, beste eginbehar batzuei heldu zien orduan gipuzkoarrak. Baina 70. hamarkada erdialdean bere bizitzan Txomin Artola gurutzatu zen eta haren bitartez 1977.urtean Haizea taldean hasi zen kantari moduan. Emakume gazte haren ahotsak euskaldunen artean arreta piztu zuen, hunkibera baitzen oso eta maitasuna transmititzen zuen folk doinuek lagunduta. Taldearekin bi disko kaleratu zituen, Haizea (1977) eta Hontz gaua (1979).

Ondoren, etapa berri bat iritsi zen Amaiaren bizitzara, eta Ipar Euskal Herriatik zein Frantziatik mugitu eta jazz arlora egin zuen salto. Bidaia horietariko batetan Pascal Gaigne tolosar frantsesa ezagutu eta zenbait lan burutu zituzten elkarrekin. Egun argi hartan (1985), Kolorez eta ametsez (1986) eta Hamar urte zineman (1990).

Fase hura ere iritsi zen bere helmugara eta agian patuak hala nahi izan zuelako, berriz Txomin Artola laguna gurutzatu zen zubietarraren bidean; kasu hartan, bikote moduan igo ziren zenbait agertokitara, eta 1991etik 1993ra bitartean Folk lore sorta izena zuten hiru disko grabatu zituzten.

Egiten duen edozer gauzatan sinesmen osoa ipintzen duen horietarikoa da Amaia Zubiria eta kantua bere pasioa denez gero, bihotz guztia eskaintzen dio entzun nahi dion orori. Bakarkako bidea ere burutu du gaurdaino gipuzkoarrak, eta 1995an Amonaren mengantza lana publikatu zuenetik, Hou pitxu hou (1998), Mami xuri (1998), Haatik (2002) eta Nabil (2008) osotu eta argitaratu ditu.

Kanta tradizionalen uretan zein beste hainbat estilotan murgildu da zubietarra urte guzti hauetan. Antzezle puntu bat erakutsiz eta batez ere dramaren bidetik doazen baina baita alaitasuna irradiatzen duten abestiak eskaini dizkigu Amaia Zubiriak, eta kanturako estilo propioa sortu duela esan genezake.