
Artisautza
Rosa Garralda. Decoupage sistema eta harea-koadroak: Prozesuak
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Ikus ditzagun, azaletik bada ere, lanean erabiltzen dituen teknikak:
A. Beira découpage sistema bidez lantzea
Gure kasuan, beira lantzeko, artisauak beira garden batean moldatzen ditu motiboak, beiraren atzeko aldean. Gero, estaltzeko erabiltzen duen elementua ipintzen du, feltro fina gehienetan; horrela, apaindutako beira sortzen da, eta hautsontzi gisa edo zintzilikatzeko koadro modura erabil daiteke.
B. Harea-koadroak
Koadro horietan, motiboak, margoturik egon beharrean, harez egindakoak izaten dira, ikusiko dugun bezala.
Harea-koadroak, bada, honela egiten dira:
1. Ibaietako edo hondartzetako harea aukeratzen du, ahalik eta garbiena eta berdinena.
2. Harea bahetzen du, testura eta lodiera (tamaina) bereko harea lortzeko.
3. Hainbat kolore erabiliz, harea tindatzen du. Gure artisauak dendetan saltzen diren tindu kimikoak erabiltzen ditu.
4. Kartoiaren gainean, motiboak marrazten ditu. Batzuetan, luma-kartoia erabiltzen du oinarri modura, horman zintzilikatzerakoan ahalik eta pisu gutxiena izan dezan.
5. Koadroei kola-geruza bat ematen die atzealdean.
6. Kola dagoen guneetan, koloreetako hareak isurtzen ditu.
7. Lehortu ondoren, berniz-geruza bat ematen dio finkatzeko, aerosola edo spraya erabiliz.
8. Bezeroak markoa ipintzen die gero. Batzuetan, beira edo polikarbonatozko plaka babeslea ere ipintzen die.
Afrikako gaiak sarri erabiltzen ditu apaingarri modura, oso ondo uztartzen direlako oinarrizko materialarekin: harearekin.
