523 Zenbakia 2010-03-05 / 2010-03-12

Euskonews Gaztea

Gaiak: Nire herriko trena

EZPELETA, Aitor



Nire herriko trenak ez du txu–txurik egiten. Nire herriko trenak ez du lurrunik botatzen antzinako bere anaiek bezala. Gainera, izen bitxiz bataiatu zuten eta izena ipini diotenak abezedario zale porrokatuak direla esango nuke. Entzun, entzun arretaz: A, esaten du aurrenekoak. H, dio hizki mutuak. T, hirugarrenak. Baina ez da hor amaitzen letren jolasa eta Y diosku trazatu dioten ibilbideak. Argazkia: cod_gabriel

Ados. Oraindik ez dute proiektua amaitu, baina ordua iristerakoan, benetan azkar pasatuko da nire herriko trena, ziztu bizian; ikusteko aukerarik ere ez dugu izango. Eta ez da harritzekoa geltokirik ez izatea; hain zuzen, inoiz ez dute horretarako asmorik erakutsi eraikitze ardura daukatenek.

Hala, nire herriko trenak ez du erabiltzaile kopuru handirik edukiko, agian kontra ipinitako herritarrek muzin egiten diotelako bagoi ultramodernoetara igotzeri. Makina bat arrazoik eraginda, nire inguruko pertsonek dagoeneko ezezko borobila eman diote garraio honi. Esaterako, auzoko baserritarra ez da trenera igoko modu txarrean kendu baitizkiote lurrak eta berdin ingurunea maite dutenek mendia zulatu izana kondenatzen dutelako.

Txikitatik amesten nuen trena ez da iritsi gure herrira. Amesgaiztoa da askorentzat nahiz eta nire jaioterrian trena ikusezina den; ez ordea berarekin ekarri dituen ondorioak. Izan ere, triskantza galanta eragin du Euskal Herriko bazterretan, mendietan, jendearen bizimodu eta bihotzetan. Baina badirudi batzuei ez diela horrek askorik axola, eta trena mugitzen den abiadura berdinean betetzen dituztela beraien poltsikoak.

Eta abiadura ikaragarriz mugitzen den gizartean halako zorakeriek tokirik ez dutela uste dutenen ahotsari kasu egin ordez, proiektuaren arduradunei belarri–zirrikituetatik sartzen zaien gauza bakarrak billete–sortak dira.

Ying eta Yang, bi indar, bata bestearen kontra ipiniak. Ying, izadia; Yang gizakia. Nahiz eta elkarren osagai izan, gehienetan kontrako kasua ematen da. Gizon–emakumeok pentsatu izan dugu inguratzen gaituen oro, hots, mundua gurea dela. Baina ez al gara gu izadiaren parte? Ezin al diogu elkarri gauza onik eman?