523 Zenbakia 2010-03-05 / 2010-03-12
Emakumearen inguruan lan egiten duen euskal erakunde ezaguna dugu Emakunde. Esparru ezberdinak lantzen ditu, beti ere helburu zehatzak betetzeko asmoz. Besteen artean esanguratsuenak, emakumearen helburuak lortzeko jarraibideak lantzea, zein berdintasunerako politiken eta legeriaren jarraipena egitea. Legez sortu zuen Eusko Jaurlaritzak 1988an eta ordutik hainbat emakumeren gidaritzapean egon da erakundea: Txaro Arteaga (1988–2005), Izaskun Moyua (2005–2009) eta Maria Silvestre (2009– ). Maria Silvestre, ezkerretik bigarrena. Argazkia: Gobierno Vasco Irekia
Kataluniarra da jaiotzez Maria Silvestre Cabrera, 1967an Bartzelonan munduratu baitzen. Soziologia ikastea buruan bueltaka, Euskal Herria aukeratu zuen bere helburuak egikarizeko; momentu hartan ez zuen susmatzen gaur arte geratuko zenik eta hogei urte baino gehiago igaro dira ordutik.
Ikasketak amaitu zituen –Zientzia Politikoetan eta Psikologian doktorea da– emakume honek batez ere honako esparruetan egin du lan: balore sozio–politikoak eta genero perspektiba gizarte zientzietan. Horren erakusgarri dira gaur arte publikatutako lan desberdin eta anitzak; besteak beste, Sociología de los valores; La Sociología en España; Proceso de paz en Euskadi. 20 voces por la normalización; Actitudes ante la inmigración en el País Vasco y las tipologías de individuos que ?stas producen; Problemas de las Mujeres, Problemas de la Sociedad, eta abar.
Mariak betidanik eduki du emakumearen egoeraren gaineko halako artegatasun bat, eta hori nabari da bere curriculumari erreparatuz gero. Izan ere, 2003an Deustuko Unibertsitateak Emakunderekin batera sortutako Emakumeen Kontrako indarkeria izeneko masterreko zuzendaria izan zen. Proiektu horretan, Txaro Arteagarekin batera egin zuen lan.
Baina bestelako karguetan ere aritu izan da. Egun Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria denak, EBI edo Europako Balioen Inkestan Estatu Espainiarra ordezkatzen duen Deustu–Gizarte Balioak izeneko ikerketa taldea gidatu du. Bestalde, Deustuko Unibertsitateak Palermoko Universitá digli Studio eta Palermoko Pedro Arrupe Institutuekin batera ematen duen Nazioarteko Politika Publiko eta Lurralde–Garapene Masterreko zuzendarietako bat izan zen. Halaber, Deustuko Soziologia eta Politika Zientzien Fakultateko dekanoa postua bete zuen, 2004tik 2009ra.
Urte hartan, hots, 2009an Eusko Jaurlaritzatik dei bat jaso zuen Maria Silvestrek eta Emakundeko zuzendaritza hartzea proposatu zioten. Genero berdintasunaren arloan lan ugari egin ostean –ikerketak eginez, zein klaseak ematen, besteak beste–, betebehar berriak ongi burutzeko esperientzia nahikoarekin, onartu egin zuen eskaintza.
Emakunde ez da soilik genero indarkeriara mugatzen; hain zuzen ere, emakumea gutxiesten duten esparruetan eragiten saiatzen da, eta ezbairik gabe lan ugari dauka Mariak aurretik. Duela mendeetatik ematen den egoera izanik, aitortzen du ez dela erraza izango aurrerapausoak ematea, baina batzuetan hobekuntzak ia nabaritu ere egingo ez diren arren, bere eskuetan dagoen guztia egiten ahaleginduko da, urteetan ikusi eta ikasitakoa praktikan ipiniz.