522 Zenbakia 2010-02-26 / 2010-03-05

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ispiluan

GARAI, Maitane



“Begiak odoletan blai eta ahotik sua dariola zuzenean dator nigana. Azazkal zikin eta luzeek nire biloa ukitzen dute, gero nire aurpegia. Eta nire oihuak ito egiten dira ilargirik gabeko gauean, iluntasunaren printzearen kiratsaren eta sentitzen dudan beldur ikaragarriaren eraginez.”

Amesgaiztoen zurrunbiloan bueltaka esnatu naiz sofan, errealitatera itzultzea ere kosta egin zaidala. Esna nagoen edo ez, hortxe koska. Ezezkotan, edozein momentutan agertu daiteke giza itxurako piztia eta akabo nire bizitza! Esna egotea ere ez litzateke aukerarik onena izango, goiza iritsi orduko errealitate gordinari egin beharko nioke aurre eta. Argazkia: Adriano Agulló

Begiak ixteko beldur naiz. Baina nork daki, berriz ere loakartzen saiatuz gero, akaso basapiztia printze urdin bilakatuko da, eta edertasun gorenak esan nahi duena ulertuko dut. Gaizto izatetik fikzio perfektu izatera igaroko litzateke ametsa, eta orduan ez nuke sekula esnatu nahi...

“Begiak ireki eta toki berdinean nago. Inguruan sumatzen dut. Ixo. Ez mugitu. Ez zaratarik atera eta bakean utziko nau. Agian hutsik dagoen etxetxo horretan sartu eta salbu egongo naiz; bai. Azkar, gertu dago eta! Kaka–zaharra, atea giltzaz itxita... ez, gogor zegoen, besterik ez. Zerbaitekin buxatuko dut sarrera; aulki honek balioko du.

Ixo! Zarata entzun dut kalean; badaezpada leihotik begiratuko dut. Ile luze hori, begi horiek, bere aho forma... Ezaguna egiten zait, baina zertaz? Nor da niri segika dabilen hori? Nire izena daki, nire arrastoa jarraitzeko gai da, nire hurrengo urratsa atzematen du. Nola da posible? Zergatik ez naiz esnatzen!

Hori da. Goiko pisura joango naiz, seguruago sentitzeko bederen. Arma bat beharko nuke babesteko; agian ez du ezertarako balioko deabruak hartutako izakiaren kontra, baina badaezpada.

Eskailerak igotzen ari dela entzuten dut. Oihu, oihu egin nahiko nuke eta ezin, noiz galdu dut ahotsa baina? Zerbait bilatu behar dut, arriskutik defendatuko nauen zer edo zer. Ispilu bat! Apurtu eta kristal zatiak baliatuko ditut... Baina, baina... Ez, ez da posible, ezin da izan. Nire aurpegia, nire hortzak, nire azal zuria, odoleztatutako begiak!

Nire fisiko berriari ikaraz erreparatzen ari naizela isiltasuna hausten duen ahots sakon bat entzuten dut; neure buruan konfiantza izan banu, ez nintzateke nire islaz izutuko.”