Euskonews Gaztea
Gaiak: Hasier Etxeberria
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Letren munduekin maitemindutako gizona da Hasier Etxeberria. Elgoibarren jaio zen 1957ko apirilaren 6an eta bertan hezi eta hazi zen. Baina bizitzaren joan–etorriek Lapurdira eraman zuten gipuzkoarra, eta Hendaian bizi da harrez gero. Argazkia: EITBk utzia.
Gaztetan erdal giroa nagusi zen bere jaioterrian, baina Hasierrek etxetik jaso zuen euskararekiko maitasuna; egun bizirik dirauen sentimendua, hain zuzen. Garai hartan ere, gutxi zegoen euskaraz irakurtzeko eta aurkitzen zuena barneratzen zuen, gehienetan testu erlijiosoak izaten ziren.
Goi Mailako ikasketak egiteko orduan, Psikologia ikasketak aukeratu zituen, eta baita lizentziatu ere, nahiz eta horretan lanik ez duen egin. Aldiz, euskara irakasle izan zen zenbait urtez eta handik telebistan lan egitera igaro zen. Aurrena, albistegietako erredaktore beharrak burutzen ipini zuten; ordutik euri asko egin du, ezen saio desberdinak gidatu baititu hasi zenetik. Besteak beste, kultura ardatz zuten Farenheit eta Sautrela.
Baina idazlea ere badugu Etxeberria, batez ere, ipuingilea da elgoibartarra, eta hala definitzen du bere burua idazle fazetaz galdetuta. Txikitatik literaturarekiko izandako zaletasuna ofizio bihurtzeko zortea eduki du eta ez dago bere saltsan mugitzen denaren zalantzarik. Hala, liburu ugariren egilea dugu, eta horiek gainera, genero ezberdinetan koka daitezke. Narrazio moduan sailkatutako Ipuin ezberdinak eta erregalokoak (1984) izan zen argitaratutako aurrenekoa, eta ordutik Alajaineta (1995) eta Karramarroaren aztarnak (1997) publikatu ditu.
Haur eta gazteei ere zuzendu zaie eta pare bat libururen egilea da arlo horretan: Estatua baten historia (1988) eta Inesaren balada (2002). Eleberriari dagokionez berriz, Mugetan (1988), Arrainak ura baino (1999), Eulien bazka (2003), Mutuaren hitzak (2005) eta Iturrino Handia (2007).
Esan bezala, genero ezberdinak jorratu ditu idazten hasi zenetik, eta kazetari sena atera zuen Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan (2002) liburuan. Urtebete beranduago, Gara egunkarian bost urtez publikatutako zenbait kazetaritza lan jaso zituen Patri maitea (2003) bilduman. Antzerkira ere gerturatu zen Antso Erregea titulupean, 2004an.
Gainera, sukaldaritzarekiko zaletasuna berretsi egin zuen Sukaliztegi partikularra (1996) eta Erabateko sukaldea (1998) liburuetan. Eta ez hori bakarrik, gaiarekin erlazionatuta, Zopa Haundi eta Lapikoka deituriko saioetan esku hartu baitzuen.
Hasierrek gainera, zenbait sari eraman ditu etxera bere lanagatik. Hala nola, Rikardo Arregi kazetaritza sariduna izan zen 1993an eta Irun Hiriarena berriz, 1998an, azken hau Arrainak ura baino nobelaren harira.
Errealitatea eta fikzioaren arteko mugan idaztea gustuko duen gizona da Hasier Etxeberria eta ondorioz, sarri bere lanetan egia eta asmatutakoaren artean desberdintzea ez da horren erraza izaten. Eta ezbairik gabe, birus positiboa den literaturarekiko pasioa kutsatzea gustatzen zaion horietakoa da.
