521 Zenbakia 2010-02-19 / 2010-02-26

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gehiegizko abiaduran

GARAI, Maitane



Badator auto gorria eta nire albotik igarotzen da; nabaritu ere ez dut egin, hau da hau abiadura! Badator lagunaren haurtxoa mundu berrira; bederatzi hilabete igaro dira, hau da hau abiadura!

Ez gara jabetzen daramagun bizimoduaren gehiegizko abiadaz. Ikasten diharduzun momentuan gauzak agian ez dira horren grisak ikusten, astea eta asteburua ederki aprobetxatzen dituzu, esaterako, lagunekin geratuz. Baina lanean hasten zara, egitekoak “atzorako” izaten dira eta lantokitik irten eta kalera irtetean ez dituzu adiskideak ikusten, bakoitzak bere bizimoduari heltzen baitio. Jendeak momentuan nahi ditu gauzak, eta ondorioz gizartea azkar mugitzera behartuta dagoela igartzen dugu. Orduan, ongietorri heldutasunera esanez, zure barneko ahotsa entzuten duzu. Argazkia: YtseJam Photography

Ohartu orduko ispiluan begiratuko diogu geure buruari, eta lehen aurpegi leuna zegoen tokian, zimurrez beteriko bisaiarekin egingo dugu tupust. Konturatu orduko, betiko itxura desagertu eta pertsona ezezagun baten isla agertuko zaigu mirailean. Eta gu garela jakingo dugu begien distirari esker, gaur eta bihar esentzia bera mantenduko dutelako.

Ez nuke pesimista izan nahi. Ez dut artikulu triste bat idatzi gura. Hogeita zazpi urte ditudan honetan, unibertsitatetik irten nintzenetik honako gertakariak oroitzen ibili naiz eta zein azkar igaro diren jabetzearekin batera nolabaiteko ezinegona somatu dut. Bost urte pasa dira, eta badirudi atzo jaso nuela titulua. Aldiz, banku batekin nago ezkonduta datozen 35 urtetarako, eta orduko parrandetarako gorputzik ez dut izaten, beste dozenaka gauzen artean.

Erreflexio honekin, nire buruari proposamen bat egin gura izan diot. Hain zuzen ere, balaztari eragin eta neure bizitzaren abiadura erdira murrizten saiatuko naiz. Agian bizitzaren gidabaimenetik puntu gutxiago galduko ditut, paisaiaz gozatzeko minutu gehixeago eduki, eta nork daki, zuku gehiago atera ahalko diodan denboraren joan–etorriari.

Azken batean, gaztea naiz, ezta? Zergatik ibili zuziri bat moduan bizitza guztia aurretik badaukat? Disfrutatzen eta lasaiago bizitzen ere, jakin –edo ikasi– beharko genuke.