520 Zenbakia 2010-02-12 / 2010-02-19

Euskonews Gaztea

Gaiak: Done Jakueren urtea

EZPELETA, Aitor



Zenbatetan entzun zein irakurri ote dugun 2010a Done Jakueren urtea dela! Telebistan, irratian, sarean zein paperezko edizioetan? Hala, 2009a amaitzear zegoela etengabe espainolezko a?o xacobeo errepikatzen zuten, albistegietan zein iragarkietan presente zegoen zerbait zen. Eta nahiz eta hasieran kuriositatea sartu eta ingurukoei horren esanahia zein izan zitekeen galdetzen nien, azkenean urte “berezia” iritsi eta ez neukan erantzunik –ados, azkenerako nire jakin–mina hegaz irten zen. Garrüze, Behe Nafarroa.

Hala, apur bat saltsan ibili naiz Interneten –badakizue, informazio iturri ikaragarria da sarea; baina tentuz ibiltzea komeni da, ez baita guztia zuzena. Halere, zer esan nahi duen jakin guran, aurkitu ditut oinarrizko kontzeptuak.

Sumatzen nuen, bai, erlijio kutsua edukiko zuela egun seinalatuak, eta ez nenbilen guztiz oker! Ospakizunak Santiago Apostoluari erreferentzia zuzena egiten dio. Eta zein eguni dagokio hori? Uztailaren 25ari.

Ados, hurrengo urratsa: Santiago eguna beti data berdinean ospatzen baldin bada, zergatik ez dira urte guztiak Done Jakueren urte izendatzen? Igandea da arrazoia; hots, soilik urteko zazpigarren hilabetearen 25a igandea denean egingo da festa da –domeka, kristauen jaieguna.

Beno, orri batetik bestera nabigatuz, salto eginez, informazioa barneratuz, datu gehixeagoren bila abiatu naiz, guztiz argi izan arte. Izan ere, zenbatetik behin ospatzen da? Badirudi logika bat segi duen zerbait dela, ezen beti sekuentzia berdina jarraitzen du; hau da, 1993an ospatu zen, 1999, 2004, 2010 eta hurrengoa 2021. Kalkulua aterata urte batetik besterako saltoak honakoak dira: 6–5–6–11.

Datu soilak izango dira akaso, baina jakinduriak tokirik hartze ez duenez gero, zerbait gehiago ikasi dudanaren asebete sentsazioarekin geratu naiz. Momentuz nahikoa daukat, ezen neuk ez dut ospatuko –akaso Aste Santutan Donejakue Bidearen etaparen bat egingo dut, baina gehiagorik ez. Beraz, zertzelada gutxi batzuk aski zaizkit bederen ezjakintasunetik irteteko eta hemen bildutakoak gutxi iruditzen bazaizkizu, testua osatzera gonbidatzen zaitut, gustura irakurriko baititut zure ekarpenak.