Euskonews Gaztea
Gaiak: Gazteak eta urtarrileko aldapa
Urte berrian sartzearekin, jende asko dardarka hasten da. Bai; konnotazio txarra daukan urtarrileko aldapa hortxe, gertu–gertu ikusten hasten gara. Jende aunitz ezberdinei eragiten die egoera honek, edo ezagutzen al duzu norbait urteko aurreneko hilabeteari lasai asko ongietorria egiten dionik? Neuk bederen ez. Argazkia: aniia316
Hor daude, aita–ama zein aitona–amonak, Gabon sasoian eginiko gastu handiaren –eta zenbaitetan ikaragarriaren– ostean errekuperatu nahian, eta etengabe egunez egun, hilabetea ahalik eta hoberen amaitzeko saiakeran aritzen dira; hemendik aurreztu dezakegu, ez dugu hor dirua xahutuko...
Baina ez dira bakarrak. Izan ere, gazteok ere pairatzen dugu malda madarikatua. Gure neguko oporretako gastuak bestelakoak izaten dira baina dirua antzera desagertzen da kontu korrontetik. Aurreztea bekatu balitz bezala, opariak erosi, txikiteoa, bazkari–afariak...
Etxe batetan sartu berri denaren adibidea ipinita, ezin dugu ukatu nolabaiteko urduritasuna pairatzen duela, ezen hilabetea hasteaz bat, administrazioek hainbat produktuk izango duten prezio igoeren berri ematen digute. Horri hipoteka eta gizarte eredu honetan bizi dugun lan ordainsari eskasa gehitzen baldin badizkiogu... imajinatu!
Badago, halere, urtarrilean egonezina sortzen duen beste egoera orokortu bat eta hau ikasleetan ematen da. Milaka neska–mutilek liburu eta apunteak hartuta herrietako liburutegiak inbaditzen dituzte, ezen hilabete honetan zehar –batzuek aurreneko asteetan, besteek azkenekotan– azterketa sasoia bizi dute.
Jakin badakigu ikasle klase batek lasaitasunez igarotzen dutela sasoi hau, lagunek kirioak airean dituzten bitartean; baina hauek gutxiengoa izaten dira. Hala, badaude ez dutenak abenduko jaiegunak ikasteko aprobetxatzen, eta besteek aldiz, ez dute tarterik hartzen aire fresko apur bat arnasteko, eta ikasmateriala goitik behera errepasatzen dute behin eta berriz, behin eta berriz, behin eta berriz...
Arrazoiak arrazoi, jendartean fama txarreko hilabetea da urteko lehenengoa. Baina, 31 egunak nahiko azkar igarotzen dira, eta aurrera irtetea lortzen dugu guztiok. Gauza gehientsuak bezala, honek ere amaiera izaten duelako.