517 Zenbakia 2010-01-22 / 2010-01-29

Euskonews Gaztea

Gaiak: Angel Amigo

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Txikitatik etorkizunean zer egin nahi duten badakiten jende asko dago, eta beste pertsona ugari kasualitatez iristen dira daukaten lanbidera. Azken kasu hori da Angel Amigo gipuzkoarrarena. Errenteriarra, 1952. urtean jaio zen, eta egun sona handiko zine produktorea da, bai gure artean, baita kanpoan ere. Argazkia: Diario de Noticias de Gipuzkoa.

Halere, bere bokazioa kazetaritza omen zen eta hala, Iruñean Goi Mailako ikasketa horiexek burutzen hasi zen. Baina, erabaki serioa egin zuen Amigok; ETAn sartu eta karrera alboratu zuen. Hala, 1973.urtean atxilotu zuten eta hiru urteren ostean, 1976an, amnistia emanda irten zen kalera. Gipuzkoarra kartzelan zegoen bitartean gertakari historiko baten protagonista izan zen, hain zuzen ere, Segoviako ihesaldia bertatik bertara bizi izan baitzuen.

Espetxeko urteak atzean utzi eta berriz ere ikasketei heldu zien Angelek eta horrez gain, kazetari moduan ere aritu zen zenbait tokitan, besteak beste, Zeruko Argia, Ere edo Punto y Horan. Gainera, Egin kazetaren sortzaileetariko bat izan zen.

Idaztea gustuko zuela eta denbora asko eskaintzen zion zaletasunari; ondorioz, 1979an Pertur eta Operaci?n Poncho liburuak publikatu zituen. Azken horren argumentuak ihesaren esperientzia zeukan oinarri. Bestalde, hirugarren liburu bat ere argitaratu zuen 2001ean eta Veinte años y un día titulua ipin izion eta ekoizle moduan bizi izandakoak ekartzen ditu gogora.

Baina Amigoren bizitzan benetako mugarria Operaci?n Poncho izan zela esan daiteke, ezen Imanol Uribek liburuan oinarrituta film baterako gidoia egiten laguntzeko eskatu baitzion. Eta azkenean 1981ean ikusi zuen argia pelikulak, non gidoigile izateaz gain, ekoizlearen zereginak ere burutu zituen.

Eta ordutik makina bat izan dira ekoitzitako lanak, batzuk telebistarako, besteak dokumental zein film formatuan, pantaila handirako. Aurrenekoen artean daude, besteak beste, Jaun ta Jabe (1995–1997), Ander eta konpainia (2000), Kilker Dema (2001), edota Teilatupean (2001). Euskadi hors d’etat (1982), Hamaseigarrenean aidanez eta Ehun Metro (1987), Maité (1994), El Che, una leyenda de nuestro siglo (1997)eta Pasos (2005).

Baina bestelako fazeta ere erakutsi du Amigo errenteriarrak, eta La conquista de Albania (1983), Ander eta Yul (1989), Todo está oscuro (1997) eta Galindez (2002) luzemetraietan ekoizle izateaz gain, gidoigile beharrak ere burutu zituen.

Angel Amigo gainera, honako karguak izan ditu: Euskal Zine Ekoizleen Elkarteko presidentea (1982 eta 1983), Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Batzorde Nagusiko kidea (1983 eta 1984). Bestalde, 1986an Igeldo produkzio etxea sortu zuen eta hor geratu barik, Compañía Vasca de Audiovisuales SA enpresa ere.

Gizon polifazetiko hau, munduan handik hona ibili da sarritan, batzuetan plazer hutsagatik, baina beste askotan lanagatik; adibidez, Kubako San Antonio de los Bañoseko Zine Eskolan dokumentalen produkzio irakaslea izan zen eta filmaketa ezberdinak burutu ditu Portugal, China, Mexiko, Frantzia, Argentina zein Kuban. Lekuak, ohiturak eta pertsonak ezagutzeko balio izan dio batez ere esperientziak, eta horrekin ikasiz bere ezagutza aberasteko.

Urteetan zehar denbora asko eskaini dio erraza ez den lanbide bati, baina bere uzta ere jaso duela esan daiteke. Adibidez, 1990an Goya saria eman zioten Ander eta Yul filmari. Gainera, berak ekoiztutako La gente de la Universalek sari ugari eskuratu zituen, hala nola, Habanako Jaialdian gidoi originalarengatik (1991), Rhode Islandeko Jaialdian berriz, aktore onenaren saria (1994)...

Askotan arriskatu behar izan du Angel Amigok lan bat aurrera eramateko orduan, ez baitzekien funtzionatuko zuen ala ez; baina kalitatezko sormen lanek argia ikusteko helburua buruan, aurrera egin eta askotan asmatu du.