514 Zenbakia 2009-12-25 / 2010-01-08
Gure ohituretako bat da Gabonak ospatzea; gure egutegietan data seinalatuak dira, eta nola ez, denok egoten gara egun hauek noiz iritsiko zain. Euskal kulturan Olentzeroren bisita jasotzen dugu, eta neska–mutikoen aurpegiak begiratzea besterik ez dago zer–nolako ilusioa egiten dien ikusteko. Halere, nagusitzen goazen neurrian, ikazkinaren ordez, ilusioa opor–sasoiak eragiten du, batez ere.
Bestalde, jatorri kristauko festa izanik, modu berezi batetan bizitzen dutenak ere badaude; eta ez da harritzekoa, ezen gogoratu behar baitugu egutegietan zergatik den abenduaren 25a jai–egun, esaterako. Ezin dugu ahaztu halaber, guztiok ez garela kristauak sentitzen, orduan, zergatik markatzen ditugu gorriz egun horiek? Hala, Gabon deitzetik, Neguko Opor deitzera igarotzea ez nuke gaizki ikusiko. Baina oraingoz bestelako errealitatea bizi dugunez gero, Gabonak izendatzen jarraituko dut.
Sasoi honetako hainbat usadio ditugu. Nahiz eta krisiaren eraginez, edota energia aurrezteko aitzakiaz geure kaleetan ohi baino argi gutxiago ipini diren, sasoi honetan ohikoak izaten dira apaindutako kale, balkoi eta zuhaitzak aurkitzea; herri batzuetan jaiotzak ipintzen dituzte leku publikoetan, eta abar eta abar. Ez dut uste inor molestatzeko moduko ekintzak direnik. Niretzako okerragoa da Gabonen aitzakiaz bultzatzen den kontsumismo bortitza, esate baterako; edota telebistan jartzen dituzten –batek jakin zenbatetan errepikatutako– filmak, adibidez.
Aurreko paragrafoan aipatu dudan legez, kalera irten eta bizi den giro “bereziak” inor ez duela iraintzen pentsatzen dut. Halere, jakin badakit miseria gorrian edota poztasuna baino tristura sentitzen dutenentzako ez dela bestelako garai bat, eta ohitura den bezala bolada honetan urtero aireratzen ditugun zorion–agur zein intentzio onak alboratu eta behar gehien dituztenengan pentsatu beharko genuke; eta garrantzitsuena, laguntza eman. Bide batez, aipatu nahiko nuke, urte guzian zehar burutu beharko genukeen zerbait dela, eta ez soilik egun gutxi batzuetako eginkizuna.
Horrez gain, kristautasuna ez den bestelako fedea bizi dutenek ez dut uste inongo arazorik edukiko dutenik festa hauekin. Ez dutela ospatzen? Agian horixe bakarrik, guk ere ez baititugu beraienak zelebratzen. Baina akaso beharko genuke; ez litzateke polita izango gizarte berean bizi diren komunitateek mota guztietako festak konpartitzea? Animatzen baldin bazarete, aukera bat litzateke musulmanentzako garrantzitsua den Arkumearen Festa; Ramadana amaitu eta bi hilabete eta hamar egunetara ospatzen dute. Nork daki etorkizun batean egutegiek zein itxura edukiko duten jaiegunei dagokienez!
Amaitzeko, aitortzen dut ni neu ez naizela besta hauen oso zalea, baina gustuko ditut hainbat ohitura. Horien artean, aitona–amona, osaba–izeba eta lehengusu–lehengusinekin denbora gehiago pasatzeko tartea daukadala, eta nola ez, kuxkuxean aritzen garela!
Eta nik soilik, urtea ongi amaitzea eta datorrenari ilusioz heltzea opa dizuet orri hauetatik. Eta detaile txikienean ere zoriontasuna aurki dezagula!