514 Zenbakia 2009-12-25 / 2010-01-08

Euskonews Gaztea

Gaiak: Beti arte, urte zahar!

AIESTARAN, Nagore



Agur bai, 2009! Horrenbeste barre eta negar eragin didan urteari egun gutxi batzuk geratzen zaizkion honetan, gogora ekarriko ditut azken hamabi hilabeteetako hainbat pasarte. Iaz ikasketak amaitu nituenetik nire bizitzarekin zer egin ez nekiela nengoen, lana bilatu, ikasten jarraitu, bidaiatu... Bizitzaren espirala. Argazkia: Hamed Saber

Jakin banekien buruan bueltaka nituen ideietatik batzuk egikaritzea ez zela erraza izango, bizi dugun krisi ekonomiko global honek zaildu egin baitu helburuak lortzea. Unibertsitatean hasi nintzenean etorkizuneko planak egin nituen, eta lehenengo postuan ez zegoen lana bilatzea, ez horixe. Urtebetez, norabait bidaiatu eta bizimodua neure kabuz aurrera ateratzearen erronkak beti piztu du nire arreta.

Gasteizko Mikel ikaskidearekin batera hasi nintzen guztia antolatzen baina arazoak gehituz joan ziren eta ez neukan bidaia–txartela ordaintzeko nahikoa diru. Eta ez nuen etxean sosik eskatu nahi, nahikoa arazo baitzituzten; amak lana galdu zuen urtea hasteaz bat, eta noski, beste baterako utzi behar izan dut egitasmoa. Mikelek esan zidan ni gabe ez zela inora joango, baina animatu egin nuen, eta atzo bertan, Argentinatik eskutitza iritsi zitzaidan. Ez du lanik, baina jendearen eskuzabaltasunak bizitzeko lain ematen diola esan zidan.

Nire zerrendan, bigarren postuan ikasketekin jarraitzea zegoen. Txiki–txikitatik estudiatzea gustuko izan dudanez, eta etxean ere horretara animatu nautenez behin eta berriro, ez zitzaidan axola liburu artean sartzea berriz; baina horrek ere kostu bat duenez gero... Idei hau ere alboratu beharra izan nuen. Orduan zer, lana bilatu? Gizarteak bizi duen egoera ere ez da onena horretarako... hau da hau negargura! Zer egin dezaket bada?

Hilabete pare batez nire buruagan konfiantzarik ez neukala joaten nintzen curriculumak botatzera, eta agian igarri egingo zitzaidan. Ezen enkargatu batzuen aurpegi luze eta erantzun maltzurrak jasotzen nituen hizketan hasi bezain pronto; beste batzuek deituko nautela esan eta beraien berririk ez nuen edukitzen... Gogorra zen, ezertarako gai ez nintzela sinetsita bainengoen. Leku guztietan izena emanda, eta ezer.

Eta hara! Telefono hotsak esnatu ninduen urriaren 8an; INEMeko langile batek berria eman zidan; urtebete irauten zuen programan sartu nintzen, egunero lau orduz lan egin eta beste lau orduz ikasita, diru apur bat poltsikoratuko nuen ordutik aurrera.

Orain ez dut situazioa horren grisa ikusten. Gaitzerdi!! Noski, ez dut amesten nuen egoera bizi, baina behintzat, 2010ri ongietorria egingo diot jakinda etxean laguntzeko moduan nagoela, edota ez diodala inori ezer eskatu behar. Ez, ez ditut gutizia guztiak asetzen, baina nahikoa berritu zait arima esperantzaz, eta horixe da orain garrantzitsuena. Ezen ikasi baitut zulo beltzetik irteteko aski dela izpi txiki bat ikustea. Datorren urtea irribarrez hasiko dut, tristura malkoak alboratuta, eta zorionari tartetxo bat eginaz. Ziur, hobera egingo duela bizitzak.