
Artisautza
Hartea. Harrilanak: Sarrera
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Orain arte, atal honetan, harria lantzen duten honako artisau hauen fitxak argitaratu ditugu:
· Bernart Vidal (EUSKONEWS 181. zk.).
· Cesáreo Soule (EUSKONEWS 191. zk.).
· Manuel Llandera (EUSKONEWS 315. zk.).
· David Duffy (EUSKONEWS 407. zk.).
Lau kasu horietan harria “zizelatzen” duten artisauez hitz egin genuen, hots, letrak, marrazkiak, armarriak eta antzeko elementuak gehienetan erliebe baxuan edo ertainean egiten dituztenez.
Gaur hona ekarri dugun artisaua oso bestelakoa da, “harriarekin lan egiten duen” artisaua baita; hots, harriarekin zerikusia duen guztia lantzen du, era zabalean HARGINTZA esan ohi zaion lanbidean. Zizelatze-lanak ez ezik, harrizko eraikinak berritu eta eraiki ere egiten ditu.
Adibide modura edo, esan dezagun, aurreko lauak “mediku espezialistak” ziren bitartean, oraingoa “orotariko medikua” dela.
Joseba Lekuona artisauaz ari gara, harria ondo asko “ezagutzen” duen gizonaz; are gehiago, material horren zale porrokatua dela ere esango nuke. Oso gogoko du harrien kalitateari, gogortasunari edota egiturari buruzko ikerketak egin eta harriak era guztietan erabiltzea, modu erabilgarrian (iturriak, eserlekuak, etxeak,…) edo artistikoan (kapitelak, armarriak,…).
