513 Zenbakia 2009-12-18 / 2009-12-25

Artisautza

Hartea. Harri lanak: Prozesuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Lan prozesuak

Hargin-lanbiderako bi gauza behar izaten dira: alde batetik, artisauak gogoko ez ezik, izugarri gogoko ere izan behar du lanbidea; eta, bestetik, “nola” lan egin (teknikak) jakiteaz gain, “zer” erabiltzen duen ere (harria) ondo asko ezagutu behar du.

Harri mota eta kasu bakoitzean izango duten jokamoldea bereizten jakin behar du. Lan bat hasi eta uste ez zituen barne-zainak agertzen badira, amaieran lan guztia hondatzeko arriskua izan dezake, eta ezin liteke horretara ausartu.

Harri bakoitzak bere kolorea izaten du, eta kolore hori aldatu egiten da harria mendian ateratzen dutenetik dagokion obran amaitu arte; lehortuta edo bustirik egonda ere, kolorea ez da izaten berdina. Erabilitako tresnen arabera, berriz, harriaren egiturak eta jokamoldeak oso desberdinak izaten dira. Hargin-maisuak hori guztia jakin behar du.

Egin behar duen lanaren arabera, Josebak era askotako harriak erabiltzen ditu.

Artisauak lana marraztu, aztertu eta aurrekontua prestaturik duenean, bezeroarekin hitz egin eta, dagozkion aldaketak adostu ondoren, zizelatze-lanak hasten dira.

Lehendabizi, materiala atera eta prestatu egin beharko da; horretarako, honako tresna hauek erabiliko ditugu:

Mazoa: bi eskuekin erabiltzen den mailu handia.

Taiela: aurrekoaren antzekoa, baina amaieran, indar guztia zati txiki batean biltzea ahalbidetzeko, zirkulu txiki bat duena.

Gero arbastatu egingo dugu, honako tresna hauek erabiliz (bi eskuekin):

Harri-mailua: 3 edo 6 kilokoa izan daitekeen arbastatze-mailu gisa.

Pikoia edo arbastatze-pika: aurrekoaren antzekoa, baina bi muturretan punta bana dituena.

Harmailua: aizkora modukoa, aho bertikala duena.

Pikatxoia: aurrekoaren antzekoa, baina aho horizontala duena.

Orain xehetasunekin hasiko gara. Horretarako, mailuaz joko ditugun hainbat tresna erabiliko ditugu (esku batean tresna eta bestean mailua ditugula):

Mazotxoa: kanpai-itxura duelako, “kanpai” motakoa esan ohi zaion mailu modukoa. Lan-prozesuaren amaieran erabiltzen da, lan finagoetarako eta xehetasunetarako.

Berdingailua: arbastatze handienetarako tresna, aho zabaleko zizel modukoa. Hainbat zabalera izan ohi ditu.

Zizel puntazorrotza: era berdinagoan arbastatzen du. Zabalera desberdinetako ahoak izaten ditu.

Zizel horzduna: era askotako hainbat hortz (3, 5, 7) dituen tresna.

Zizela: mazotxoarekin erabiltzen da, zizel horzdunaren arrastoak desagerrarazteko.

Zizel guztiak azokan erosten ditu, eta lidiazko muturrak izan ohi dituzte.

Orain eremu handiak edo barrenak lantzeko garaia izango da, bi eskuekin eragindako tresnak erabiliz.

Harmailu zatitzailea: leuna edo horzduna izan daitekeen aizkora moduko tresna, behin eta berriz kolpeak joz barrena itxuratzeko erabiltzen dena.

Buxarda: hainbat hortz dituen mailu moduko tresna. Badira hortz trukagarriak dituzten buxardak ere, puntu gehiagoko edo gutxiagoko barrenak egin ahal izateko.

Leuntzeko harria: kanpoaldea edo azala berdintzeko.

Mailu pneumatikoaz eta, hala behar denean, trontza elektrikoaz ere baliatzen da.