512 Zenbakia 2009-12-11 / 2009-12-18

Euskonews Gaztea

Gaiak: Manex Pagola

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Euskal kantagintza aberatsa da oso; urteetan bizirik mantendu diren letra eta melodia ugariri begiratu besterik ez dago. Eta kasu askotan, Manex Pagola euskaltzale, idazle eta olerkari baxenafarrari esker da. Baiona Hiria–Eusko Ikaskuntza saria jaso zuen egunean, Urtxintxa kanta abesten. Argazkia: Maite Ithurbide.

Pagola 1941ko ekainaren 28an jaio zen Landibarren. Ipar Euskal Herrian ohikoa den moduan, Manexek ere garai hartan herri ezberdinetan ikasi zuen adinean gora egin ahala. Hazparnen hasi zen, bertako kolegioan. Ondoren, Maule, Uztaritze, Auch, Akize eta Baionan aritu zen. Goi Mailako ikasketei dagokienez, Etnologia ikasi zuen antropologia sailetik Bordelen Bordeux III unibertsitatean, eta han egon zen doktoretzara arte.

Ordurako baina, hasia zen landibartarra kantuak sortzen; 17 urte inguru edukiko zituen aurrenekoa idatzi zuenetik eta ordutik makina bat lan egin ditu. Baina gainera, XX. mendeko 60–70 hamarkadetan euskal kantagintzak izan zuen pizkundearen testigu eta mugimenduaren partaide izan zen. Garai hartan, artista euskaltzaleek gurari bat zeukaten amankomunean; hain zuzen ere, Euskal Herria eta oro har, herritarrak suspertzea. Ezen gogoratu behar baita garai latzak bizi zirela.

Hala, beti ere Euskal Herria bihotzean eta ahoan, egoera politiko eta gai sozialei buruzko abestiak sortu zituen idazle euskaldunak. Berak abesteko edota beste artistek orkestratzeko; baina gogoan geratzen diren kantuen aita bera dela esan daiteke. Horien artean, Pantxoa eta Peio bikoteak abesten duen Urtxintxa kantua; nork ez du errepika ezagutzen: “Nik ere, nahi nuke, izan urtxintxa bezala, hain gora, hain trebe, izaiteko libre...” Abestiak jendeak kantatuak izan daitezen bilatzen du eta bere xedea ongi lortzen du Manexek.

Gainera, hainbat musika ikuskizunen sortzailea ere izan da Pagola; hala nola, Zazpiri bai, Ortziken eta Kanta–Bi izenekoak. Bestalde, haur eta gazteentzako Biba turisma! liburua kaleratu zuen 1978.urtean; Biziaren altzotik (1987) eta Biziaren erroetan (1991) antologien egilea ere bada.

Ezin ahaztu Baionako Euskal Museoan 32 urtez lanean aritu dela, zuzendari orde kargua ere bete duelarik; bertatik, euskal kulturari bultzada ematea izan du jomuga baxenafarrak. Bestalde, politikara ere gerturatu izan da hainbatetan, esaterako, 1979, 1993, 1997 edota 2001. urteetan hauteskundetan hautagai zerrendan egon zen.

Zenbait euskal kazetatan ere idatzi izan du baxenafarrak; Herria, Enbata, Jaunaren Deia, Gazte, Txantxikitin edota Jakin besteen artean. Eta beti ere euskalgintza ardatz harturik, Seaska, edota Gure Irratiaren sormenean lagundu zuen, besteak beste.

Lana aintzatetsiz, 2009ko abenduaren 9an ohorezko saria jaso zuen Manex Pagolak Baiona Hiria–Eusko Ikaskuntza sariketan. Ezen bere kantuak herrikoi bilakatu dira eta opari ederra egin dio hala gizarteari.