Euskonews Gaztea
Gaiak: Gazteak hedabideen ikuspegitik
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Argazkiak: Itsaso Estarrona Elizondo
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak ekimen asko burutzen ditu urtean zehar, eta horien artean, 2009ko azaroaren 25, 26 eta 27an Bilbo, Donostia eta Gasteizen hurrenez hurren, antolatu zituzten word–cafeak ditugu. Baina ingelesezko hitza barik, euskaratu eta zein izen ipini erabakitzeko, hitzekin jolastu zuten azkenean: word = berba + cafe = akeita. Emaitza, Berbakeita izan zen. Gasteizko Berbakeitako momentu bat.
Badirudi azken aldian, gure artean modan jarri diren ekimenak direla word–cafe hauek eta Berbakeitak ere, ildo berbera jarraitzen duela esan genezake. Hau da, mahai baten bueltan lagun taldea elkartu eta dinamizatzaile batek planteatzen dituen galderekiko norberak dituen iritziak plazaratzea. Gu, Gasteizen
EGKk gonbidatuta, Euskonews Gazteak Gasteizko ekimenean parte hartzeko aukera eduki zuen; hitzordua, Simone de Beauvoir Elkarte Etxean, arratseko 19.00etan. Kanpoko hotzari aurre eginez, EGKko lagunek atondutako gelako goxotasunak ongietorria egin zigun bertaratutakooi. Bagenekien gure artean kazetariak, gazteria arloko administrazioko langileak, gazte ez–elkartuak edota elkarteren bateko kideak geundela. Baina jarraibide zehatzak genituen, eta ezin genituen gure buruak ekimenaren amaierara arte aurkeztu.
Hala ere, dena pentsatuta zeukaten eta norberak ordezkatzen zuen talderen arabera, kolore bateko edo besteko pegatina itsatsi genuen soinean. Bigarren araua, mahai berdinean ezin ziren kolore bereko bi pegatina egon. Hirugarrena, galdera bakoitza erantzuteko 12 minutu soilik genituela eta denbora ahituta, aulkitik altxatu eta beste mahai bat aukeratu behar genuen hurrengo itauna erantzuteko. Eta horrela lau alditan. Ekimenaren amaieran, mahai bakoitzean galdera bakoitzetik irtendako ideiak azaldu zituzten dinamizatzaileek. Euskonews Gaztean gutxi batzuk jaso ditugu zuentzako. Argazkiaren oina eta egilea Galdera–erantzunak
Zein da gazteei buruz komunikabideek zabaltzen duten irudia? galderaren gaineko hainbat ondorio atera ziren. Parte hartzaileon ustez, gazteei buruzko estereotipoak gehiegi erabiltzen dira hedabideetan. Gainera, komunikabideetan “gazte” hitzak esanahi negatiboa izaten du maiz eta “gazteak” eta “arazoak” berbak eskutik joatea ohikoa izaten da. Oro har, gazteen gaineko irudi negatiboa saltzen digute, gauza positiboek ez baitute interesik sorrarazten sarritan.
Bigarren galdera, Zer egin daiteke gazte elkarteek, egiten duten lana komunikabideetan gehiagotan atera dadin? izan zen. Hasteko, hedabideetan agertzen dena baino elkarte gehiago daudela aipatu zen eta elkarte horiek zein hedabide aukeratu, orduan eta posibilitate gehiago edukiko dute komunikabidean agertzeko. Hau da, medio handien ordez, abagune gehiago izango dute irratia edota prentsa lokala aukeratuta, esaterako. Hala ere, galdera bat irten zen honen harira; gazte elkarteek ba al daukate interesik hedabideetan agertzeko? Batzuek ezetz, besteek baietz. Baina sarritan gerta liteke hedabideetara nola iritsi ere ez jakitea, beraz, bideak bilatu beharko lirateke.
Erantzun beharreko hurrengo galdera eta aurrekoarekin lotuta, egoera horren erantzule nor ote zen. Batzuen iritziz elkarteek dute ardura, besteentzat berriz, komunikabideek zalantza barik. Hala ere, batek baino gehiagok gogoratu zuten azken finean hedabideak negozio direla, eta saltzea dutela helburu. Showbusiness bihurtu dira askorentzako telebista, irrati eta prentsa, eta horregatik beste bide batzuk bilatzearen aldeko ahotsak entzun ziren; esaterako Internet eman zen tresna egokitzat.
Amaitzeko, egoerari buelta ematerik ote dagoen erantzun behar izan genuen berbakeitakideok; batzuek baietz, eta besteek zail ikusten dute egoera. Ezinbestekoa da gazteak eta talde desberdinak ezagutzera ematea eta horretarako, originaltasuna eta teknologia berrien erabilera sustatzea modu bat litzatekeela argi geratu zen. Bestalde, gazteen irudia aldatu nahi izanez gero, nagusiekin lan gehiago egitea funtsezkoa dela iritzi zioten besteek.
Mundua konpontzea ere ez genuen lortu Berbakeitan, egia da, baina hausnartzeko bide berriak topatu ditugu. Zenbat buru hainbat aburu dio esaerak eta horiek aireratuta, hiru egunetan jasotako ondorioak txosten batean bildu eta gizarteratzea antolatzaileen esku geratzen da. Besteen ikuspuntuak norberarena aberasten duelako.