Euskonews Gaztea
Gaiak: Arantxa Urretabizkaia
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Emakume polifazetikoa da Arantxa Urretabizkaia. Donostiarra da, Egia auzoan jaio zen 1947ko uztailaren 1ean baina Hondarribian du bizilekua egun.
Hamasei urte zituenean ekin zion beharrari gipuzkoarrak, eta erizain gisa aritu zen hastapen haietan hain zuzen. Horrek hala ere, ez du esan nahi ikasteari utzi zionik Urretabizkaiak, kontrara, lana eta estudioak uztartu izan baititu gaztetatik. Bartzelonako Unibertsitatean goi mailako ikasketak egin eta Geografia eta Historian lizentziatu zen Arantxa.
Hogeita hiru urterekin, 1970ean, literaturara hurbildu zen aurrenekoz Urretabizkaia gaztea. Kasu hartan itzulpen bat burutu zuen Ibon Sarasolarekin batera, Frantz Fanon idazlearen Afrika iraultzaren alde hain justu. Segidan, Sarasola berarekin eta baita Ramon Saizarbitoriarekin batera Mendebaldeko Ekonomiaren Historia argitaratu zuen. Itzultzaile eginbidean sartuta, Sozialismoaren frogantzak liburua euskaratzeko tartea hartu zuen 1971n eta 1973an A. Otazuren Euskal Berdintasuna.
Baina ez zen mugatu hainbat autoreren lanak hartu eta beste hizkuntza batzuetara bihurtzera. Arantxak sormen lan propioak argitaratu zituen, aurrenekoa 1972an publikatu zen San Pedro bezperaren ondokoak. Hala ere, Urretabizkaiaren lanik entzutetsuenak 70eko hamarkada amaieran ikusi zuen argia; preseski, Zergatik Panpox izena jarri zion 1979an publikatutako nobela lirikoari. Eleberriak emakumeak gizarte modernoan duen papera dauka ardatz.
Laurogeigarren hamarkada iritsi zen eta idazle gipuzkoarrak Maitasunaren magalean izeneko poesia liburua argitaratu zuen 1982an. Lan mordoxka sortu zituen jarraian, honakoak kasu: Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik (1983), Saturno (1987), Aurten aldatuko da nire bizitza (1992), Koaderno Gorria (1998), eta XX. mendeko poesia kaierak (2000).
Bestalde, berak hainbat liburu euskaratu dituen bezala, Urretabizkaiaren bi lan gaztelaniara itzuli dira, ?Por qué Panpox? (1986) eta Saturno (1989).
Jorratu izan duen beste esparru bat zinemagintza da eta hala, zenbait filmetarako testuak sortu ditu, hala nola, Albaniaren Konkista (1983) eta Lauaxeta (1987) pelikuletarako. Gainera, Zergatik Panpox liburuaren testua egokitu zuen Xabier Elorriagarekin batera, honek zuzendutako filmerako.
Ikusi dugunez, Arantxak arlo ugari jorratu ditu: liburuak idatzi, baita itzuli ere eta gidoiak lantzera ere animatu da. Baina kazetaritzan ere aritu da eta medio desberdinetan publikatu dituzte bere lanak, hala nola, Deia, Egin, El Mundo, Diario Vasco eta El Correon. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria eman zioten 2001ean gipuzkoarrari bere lana aintzatetsiz.
Euskaltzain urgazle den idazle, kazetari eta oro har profesional honen lanek kritikak eta txaloak jaso dituzte normala den bezala. Baina inor gutxik uka dezake zer–nolako ekarpena egin dion euskal kulturari diziplina anitzetan igeri egiten duen emakumeak.