Euskonews Gaztea
Gaiak: Zergatik? Zertarako? (Galdera batzuk, opor hurbilen perspektibak ikaratuta)
Aitaren kanabera sartu dugu kotxean eta jarraian nire arrebaren patinak egokitu ditugu atzealdeko maletategian. Amarekin batera aritu izan naiz lau gurpilduna trastez betetzen eta bere aginduetara ihardun dut, “hura hemen” eta “hori hor” zorrotzari lotuta. Bihar goizean goaz oporretara eta laurehun kilometro inguru gainditu beharra daukagu helbururako. Termometroak 30° markatzen du, eta amamaren herrian 36°ra iristen ari direla diote. Panorama ederra, bai jauna!
Urteroko zeremonia zamatsuarekin amaitu dugunean nire gelara itzuli naiz eta beste ezeren aurretik, gogo euliak balira bezala buruari bueltaka ari zaizkion pentsamendu batzuk ordenan jarri nahi izan ditut. Ez dakit gauza izango naizen, artegatzen nauenari erantzuna emateko, baina ez ditut idatzi gabe utzi nahi ?batez ere azken hiru urteotan- data hauetan behin eta berriz oldartzen nauten galderak.
Zergatik joan behar dugu abuztuan oporretan? Zergatik, derrigor, nire amaren jaioterria aukeratzen dugu oporleku? Zergatik, hamazortziak kunplitzear nagoela, lagundu behar diet gurasoei, niri piperrik gustatzen ez zaidan hiru asteko aldiarekin betetzeko? Zergatik aspertu behar naiz amamaren herriko kale hautseztatuetan? Zergatik ibili behar dut, dingili-dongolo, gau eta egun Valladolideko nire lehengusuekin, amak ahizpak izatetik at beste ezerk lotzen ez gaituenean? Zergatik ezin dut nirekin lagunen bat eraman?
Zertarako balio dute oporrek, zurearekin bat ez datorren giroan murgilduta? Zertarako deskantsatu behar dugu, haranzkoan ez bagaude nekatuta? Zertarako eraman behar ditugu gure oporretan, hemen gurekin bizi diren osaba eta izeba? Zertarako bete behar dugu kotxea alferreko lanabesekin? Zertarako nahi naute ni nire amamaren ondoan?
Seguru nago ez naizela bakarra eta horien gisako galderak egingo dituzte hamaika euskaldunek, data ilun hauetan. Niretzat data grisak dira, bai, alaitasunera ez baizik goibeltasunera eramaten nautelako. Suposatzen dut gauza bera gertatu dela betidanik, edo behintzat udako oporrak inbentatu zirenetik. Beste batean abendukoetaz arituko naiz, horietan ere etsipen moduko zulo batera erortzen bainaiz, nire herriko kale busti eta zikinetatik urrun.
Kotxearen motorra pizteko ordu gutxi geratzen direnean, hemen uzten ditudan adiskideei esan nahi nieke ez ditudala ahaztuko, hiru astebeteren kargari nola edo hala eusten saiatuko naizela eta ahaleginak egingo ditudala indarrak gordetzeko, behin itzulita gure artean balaztarik gabe gasta ditzagun. Hobe egongo nintzateke hemengo igeritoki ziztrinean, amamaren herriko polikiroldegi margotu berrian baino. Baina oraindik ez dut nire etxean agintzen. Hori da nire zoritxarra.