496 Zenbakia 2009-07-24 / 2009-07-31

Euskonews Gaztea

Gaiak: Begiak azalean

RODRIGUEZ, Janire

Argazkia: Itoiz LLAGUNO



Eta atzera begiratu nuen, ezer berririk aurkituko ez nuela banekien ere. Aurrera begiratu nahi ez izateak baino ez ninduen beldurtzen. Beraz, buelta eman eta atzerantz jarraitu nuen neure bidea. Bidetik forma, kolore, esperientzia ezberdinekin topatu nintzen.

Udazkena zen eta zuhaitzak kolorez jantzita zeuden. Hostoak sorburutik jausi baziren ere, bizirik ziruditen, baten batek aurpegian laztandu ninduela iruditu zitzaidan; txorien kantuak ere entzun nitzakeen, laster harrapatuko gintuen neguaren hotzetik ihesi; haizeak ere kantatzen zuen, Mozarten Xirula Magikoa bailitzan eta zerua koloreztaturik zegoen. Zoritxarrez, nigandik ez oso urrun autoen zarata desatsegina. Zer egingo diogu ba? XXI. mendea dugu begi aurrean.

Arratsaldeko laurak ziren eta parkera joatea erabaki nuen. Egunero bezala, ahateen urmaelera hurbildu eta jatekoa ematen hasi nintzaien. Pertsona bat niri begira ari zen. Ez dakit zergatik begiratzen ninduen, edo agian bai. Harriduraz begiratzen ninduen. Baina nik ez nion garrantzirik eman. Berria izango zen auzoan.

Nire bidea jarraitu nuen. Patxiren dendan sartu eta salmahaiaren aurreko aldean zegoen gaztaren prezioaz galdetu nion. Oraingoan, ohi ez bezala, dendariak ere harriduraz begiratu ninduen ?Patxiren semea izango zen? eta honelako zer edo zer adierazi zuen: baina, baina zein gaztaz ari zara? Nik orduan gazta seinalatu nion eta berak zera erantzun zidan: ondo da, honetaz ari zara. Horretaz ari nintzen, bai... Azkenik, gazta erosi eta Marijerenera abiatu nintzen. Marijek taberna bat du Bolibar auzoan. Tabernan ere gauza xelebreren bat gertatu ohi zait egunero. Bertara heldu bezain laster turistaren batek barrutik irten nahi badu izkina batera egin eta sartzen uzten dit, atea libre baino libreago geratzen da orduan. Ni sartu arte han itxaroten dute. Horren beldurgarria, itsusia al naiz?

Gaua zen. Egunari agurra emateko ordua. Baina ezer baino lehen, nire eguneroko bidea hautsi eta errepidearen bestaldean zegoen zubirantz hurbiltzea erabaki nuen. Bat-batean, ume batek zera galdetu zidan: emakumea, laguntzarik behar al duzu errepidea zeharkatzeko? Eta nik erantzun nion: bai, eskerrik asko, aurrera begiratu nahiko nuke, baina laguntzarik gabe ezin.

Sentsazio bat irudi bihur dezakegu, besterik ez dugunean behintzat.