Euskonews Gaztea
Gaiak: Egurats atsotitz eta usteak
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Sofan eseri, telebista piztu eta datozen egunetan zer nolako eguraldia egingo duen jakiteko aukera izaten dugu; normalean albistegien ondoren edozein katetan aurkituko ditugu eguraldiari eskainitako tarteak. Bizi garen teknologiaren gizarte honetan dena egina ematen digute, ez daukagu zertan zerura begiratu edota haizearen noranzkoari erreparatu beharrik; eguraldi gizon–emakumeen esanak entzun eta sinestea izaten da normalena. Adibide bat jartzearren, euria egingo duela badio, hurrengo egunean aterkiarekin irtengo gara. Argazkia: John-Morgan
Edozein nagusiri galdetuz gero, zalantza barik garaiak aldatu direla esango digu; ohiko erantzuna dirudi, baina ezin ukatu egia denik! Mendeetan zehar, gure arbasoek naturarekiko zeukaten erlazioa estua zen eta hala, eguraldia ere, izadiko xehetasunei kasu eginez iragartzen zuten. Sinesmen, ezagutza zein atsotitzak, hiruak baliogarriak zitzaien garai haietako gizon–emakumeei, ereiteko, uzta jasotzeko edota bestelako lanetarako funtsezkoa baitzuten eguratsari kontu egitea. Baserritar edo arrantzale, bizkaitar edo nafar, aldaera txiki batzuekin baina jasotako euskal esapideek eskuarki beraien artean antz handia edukitzen zuten. Ezagutza edota usteak
Aipatu bezala, gure asabek eguraldiari buruzko jakituria hainbat tokitatik biltzen zuten; normalean euren aita–amek –eta haiei berriz, beren aurrekoek– irakatsitako sinesmenak izaten ziren. Zein eguraldi zetorren jakiteko naturan arreta ipini eta asmatzeko aukera handia edukitzen zuten, nahiz eta beti–beti asmatu ez. Horretarako, besteen artean, animali edota hilabeteei kasu egitea ohikoa izaten zen. Argazkia: linh.ngân
Adibide batzuk jarriko ditugu. Eguraldi ona iragartzen zituzten ezagutzetako batzuk honakoak dira:
– Abelgorriak, udaberrian kortan mendira joan gura dutela orroaz hasten badira, eguraldi onaren zantzua. – Enarak goizetan txio–txioka badabiltza, eguraldi ona. – Usoak urrumaka badabiltza, eguraldi ona. – Hilabetearen azken egunean eta hurrengoaren lehenengoan ona egiten badu, hilabetea ongi joago da.
Eguraldi txarrari dagokionez, honakoak ditugu askoren artean:
– Arrak ugari lur–gainera irtenez gero, euria. – Behiak isilik eta isilik badaude, laster eguraldi txarra. – Martxoko trumoia, berrogei eguneko euria. – Ostadarra agertzen denean, bederatzi eguneko euria. Eguraldia iragartzeko, atsotitzak
Ezagutza funtsezkoa da gure bizitzako alor guztietarako. Egurats atsotitzak aipatuz gero, jakin behar dugu ez zirela egun batetik bestera jaio, mendeak joan eta mendeak etorri landu eta munduratutako esapideak dira. Bestalde adituek diote, askotan baserritarrek bi aldetako atsotitzak sortzen zituztela, eta modu horretan, bat bete ezean, bestearekin ziurrenik asmatuko zuten. Argazkia: bugeaters
Honatx erabiltzen ziren –eta oraindik hainbatek darabiltzaten– esaera zahar batzuk.
– Elur urte, gari urte / Izotz urte, gari urte – Goiz gorri, arrats euri – Arrats gorriak haizetsu, goiz gorriak euritsu – Urriko elurra, zortzi hilabeteko elurra – Ur (fruitu) urte, elur urte – Hilaren 27a nolako, hurrengo hilea halako – Hegoaren ondotik, euri
Askorentzat fidagarriagoak dira telebistan, egunkarietan edota beste medioetan ikus–entzuten dituzten pronostikoak. Baina bestaldetik, ez genuke herri–jakituria alboratu behar, mendeetan horren erabilgarri suertatu diren ezagutzak gaurko gizartean tokia baitute.