494 Zenbakia 2009-07-10 / 2009-07-17
Herri baten historia ezagutzeko liburutegira gerturatu eta interesatzen zaigun gaiaren inguruko liburu bat irekita, bere orrietan barrena murgiltzea aukeretariko bat da. Azkarrago egiteko, gaur egun Internet zabaldu eta begiak kliskatzearekin batera nahi dugun informazioa eskuratuko dugu. Dena delakoarekin, datuak jaso, pasarte ezberdinak eta bitxikeriak ezagutu edota beste motatako jakintza eskuratuko dugu. Joxe Miel Barandiaran, eskuinean.
Eta garrantzitsua da hori. Ezjakintasunean bizi nahi ez duenak, bere historia ezagutzea funtsezkoa da, garaiak nola aldatu diren jakiteko soilik, edota burututako okerretatik ikasi eta errepikatu ez daitezen saiatzeko. Eta noski, historia hori mila tokitatik ikertu daiteke argazkiak eskuratuz, bideoak ikusiz, testigantzak jasoz...
Baina zer gertatzen da aztertu nahi den gaia zaharragoa baldin bada? Agian antzinako agiriren bat aurkituko dugu, nork daki, XVIII, XV edota XI. mendekoren batekin egiten dugu topo! Eta historian atzerago joan eta orain 50.000 urte gure ingurunean zer gertatu zen ezagutzeko jakin–mina baldin badugu, zer? Zorionez, geroz eta gehiago dakigu eskuizkriburik ez zegoen garai haietaz, eta indusketei esker historia idazteko aukera dago.
Arkeologoen lan handiak historiako aurkikuntza garrantzitsuenak emateko aukera eman du. Euskal Herriak ere lan arkeologiko garrantzitsuak burutu dituzten herritarrak eduki ditu. Horien artean Indiana Jonesen cowboy kapelaren ordez, txapela janzten zuen eta sotanarekin ibiltzen zen Joxe Miel Barandiaran handia daukagu. Euskal Herriko historiaurrearen inguruko ikerketa mardula egin zuen gizon honek bere bizitzan zehar eta ordura arte ilunpean zeuden zalantza ugari argitu zituen.
Gaur egun ere indusketek garrantzia izugarria daukate, azken batean gure iraganaren zatitxo bat bakarrik baitakigu. Paperean idatzita ez dauden istorioak kontatzen dituzte kobazuloek, trikuharriek, lur–azpian mendeak daramatzaten eraikinek... Arbaso urrunen bizimoduetan barneratzeko, orduko faunaren aztarnekin tupust egiteko, ehizara irteterakoan eramaten zituzten tresnak ezagutzeko eta beste ehunka konturen berri edukitzeko, eskertzekoa da gizon eta emakume guzti horien lana.