Euskonews Gaztea
Gaiak: Auzolandegiak, lana baino zerbait gehiago
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Pentsatu al duzu inoiz boluntario gisa gure ondare historiko edota naturala kontserbatzeko lan egitea? Bai? Ez zara bakarra, asteotan, ehunka gazte baitabiltza lan horretan.
Egia da uztaila eta abuztuko hilabeteak nahi moduan igaro ditzakegula, eta are gehiago oporretan bagaude. Lanean geratu behar den lagunak inbidiaz begiratuko dio ziurrenik bidaian doanari; beste batzuk denbora librea ikastaroren batetan parte hartzeko aprobetxatzen dute... Baina badaukagu beste aukera bat eta jende askoren buruetatik pasatzen den ideia da gainera: auzolandegiak. Artaxoan (Nafarroa) Nafarroako Gazteria Institutuaren ekimenez burutuko dira auzolandegiak.
Dagoeneko izena eman duten lagun ugari dabiltza Euskal Herritik zehar esperientzia berri bat bizitzen. Auzolandegiak nork antolatzen dituen jakin nahi badugu, talde desberdinak daudela aipatu beharko genuke; esan bezala, pertsona ugarik erabakitzen dute auzolandegietan aritzea eta dirudienez, urtetik urtera gainera handituz joaten da zifra. Beste askoren artean, Nafarroako Gazteria Institutua, Eusko Jaurlaritza, Kutxa edota Aranzadi Elkartearen esku egoten dira auzolandegiak antolatzeko ardura. Xedeak
Baina nola definitu auzolandegia? Antolatzaileak bat datoz zehaztapen bat emateko orduan. Toki maila ezberdinetako gazteak biltzen dituen jarduera bat izango litzateke, eta musu–truk, denbora zehatz batez proiektu batean parte hartzen dute. Gora begira egon nahi ez eta uda beste modu batez bizitzeko nahia erakusten duten gazteekin burutzen dira auzolandegiak. Hala ere, kontuz ibili behar gara lan egiteko leku soil bat dela pentsatzen baldin badugu, oker ibiliko baikinateke; hori baino askoz ere gehiago dela sentitzen baitute auzolandegietan aritzen diren gazteek.
Esperientzia honen bitartez, jende desberdina ezagutu eta haiekin elkarbizitzen ikasten dute eta bide batez, lankidetza sustatzen da. Oinarrian elkarbizitza dago eta jakina, talde gehientsuenetan bezala, arau batzuk jarraitu beharko ditugu. Oro har esan genezake, ondo pasatzeko eta ikasteko aukera topatuko dugula auzolandegietan.
Bestalde, modalitateei dagokienez, auzolandegiak sailkatzen hasiz gero ohartuko gara aniztasuna dela nagusi. Izan ere, kultura edo natura ardatz dutenak dauzkagu, baita arkitektura, arkeologia, historia edota artearen ingurukoak ere, adibidez. Bilar (Araba). Bertan antzinako galtzada ikertzeko eta berreskuratzeko lanak burutuko dituzte. Baina, non daude?
Lurraldeka banatuta, hauexek dira, beste askoren artean 2009an auzolanean aritu daitezkeen leku batzuk. Arabari dagokionez, esaterako Gasteiz, Estibaliz, Iruña Oka, Bilar eta Asparrena herrietan burutuko dira. Bizkaiaren kasuan berriz, Lekeitio eta Ereño dira hautatutako inguruak.
Nafarroari dagokionez bestalde, San Adrian, Lizarra, Artaxoa eta Aranguren udalerriekin egingo dugu topo. Gipuzkoako kasuan, Bergara, Tolosa, Karakate edota Txingudin burutuko dira ingurumen eta kultur ondarea kontserbatzeko boluntariozko lanak.
Batzuk gainera, nazioarte mailakoa dira eta bertan darabilten hizkuntza ingelesa izaten da, ondorioz, izena ematerako orduan lengoaia horretan maila ona izatea eskatzen dute –adibide gisa, Ereñoko Ereñomendi gazteluan egiten diren arkeologia auzolandegiak.
Laburbilduz, egun batzuk parte hartze aktibo batez gure inguruak birgaitu, txukundu edota bestelako lanak egiteko aukera paregabea da auzolandegiek eskaintzen digutenez, eta trukean lagunak, esperientzia zein ezagutza berriak jasoaz.