495 Zenbakia 2009-07-17 / 2009-07-24

Euskonews Gaztea

Gaiak: Joxemari Iriondo

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Euskal kulturaren bultzatzaile sutsua izan da beti Joxemari Iriondo Unanue azpeitiarra. Urrestilla auzoan jaio zen 1938ko ekainaren 10ean, Larrañaga baserrian hain zuzen.

Sei urterekin Aratz–Erreka auzoko ikastetxera joan zen aurrenekoz eta irakurtzen ikasi zuen han; gainera, lehenengoz euskarazko liburu bat eduki zuen eskuartean. Euskal giro hartatik atera eta gaztelania ikastera bidali zuten Burgos aldera hamahiru urte zituenean, eta handik, Gabiriako barnetegian sartu zuten ikasten jarrai zezan. Urteak igaro eta Goi Mailako Batxilergoa eta Komertzioa estudiatzeko asmoz Gipuzkoako hiriburura mugitu zen. Joxemari Iriondo.

Lan mundura gerturatu nahian, Joxemarik azterketa batzuk egin zituen banku ezberdinetan, lanposturen bat betetzeko aukera eduki nahi baitzuen; azkenean ez zuen lortu. Baina garai hartan ohikoa zenez, soldadutza egiteko unea ere iritsi zitzaion gazteari, non eta Afrikako Sidi Ifnin. Gauzak horrela, 1959an abiatu eta hamazortzi hilabetetako egonaldiaren ondoren Euskal Herrira itzuli zen.

Itzuleran, etorkizuna beste modu batean hartzea erabaki zuen Joxemarik, ezen administrari lanak egiteko gogoa izatetik, kazetari lanak burutzera igaro baitzen. Loiolako Herri Irratiko ateak ireki zizkioten 1961ko abuztuan hogeita hiru urteko gazteari; berarekin, esperientzia berrian ekiteko izugarrizko gogoa eraman zuen. Askotariko zereginak burutu zituen bertan, hala nola, administrazioan, gidoiak egiten, saio ezberdinak gidatzen... Hogeita hiru urtez lantoki izan zuen irratia eta askotariko irratsaioetan esku hartu zuen, besteen artean, Erein erein azia (nekazaritzari buruz), Saski–naski (euskal musika eta albisteak), Bidez bide (herrietako albisteak emanez)... Bestalde, zuzeneko emankizunetan ahots ezaguna zen berea: pilota, herri kirol, bertso–saioak eta abar.

Urteak igaro ziren, eta hainbat ekimen gogoangarri burutu zituen Joxemarik. Adibidez, Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetariko bat izan zela azpimarratu beharko litzateke. Gainera, Televisi?n Españolako Telenorte saioan aritu zen eta euskara lehenengo aldiz telebistara eraman zuen.

Joxemarik 1985ean irratia utzi zuen telebistara pasatzeko, eta urte hartantxe bertan ETBko zuzendari eta programazio buru izendatu zuten azpeitiarra. Eta hiru urtetara, beste kargu batzuetarako proposatu zuten Iriondo, bai eta hautatu ere. Eusko Irratia SA, Radio Vitoria SA eta Radio Euskadiko zuzendari postuak bete zituen.

Euskara zuzentzaileen arduradun ere izan zen 1990 eta 1997 bitartean EITBn. Baina 1996an agur esan zien guztiei, eta telebistara itzultzea erabaki zuen, Aire Aire! magazina, Esanak esan zein beste saio batzuk gidatu zituen harik eta 2003ko uztailaren 21an jubilatu zen arte.

Euskal kulturari eginiko ekarpenen artean, bertsolaritza saioei emandako bultzada dago, esaterako. Bestalde, 1976an Euskaltzain urgazle izendatu zuten.

Urteetan landatutakoak uzta oparoa eman dio Joxemariri, euskal kazetaritzan erreferentea baita Iriondo. Irrati zein telebistako lanez gain, ehunka artikulu idatzi izan ditu zenbait publikaziotarako, haien artean, Zeruko Argia, Herria edota Deia. Bestalde, idazle fazeta ere badu gipuzkoarrak, eta publikatutako izenburuen artean daude, Noiz Amatxo? ipuina (1955), Joxe Lizaso: nere aldiko kronika, Banka Hiztegia. Aurrezki Kutxa eta Bankoetarako hiztegia (1976), I?aki Eizmendi, Basarri (2002), Teodoro Godofredo Hernandorena (2004), Azpeitiko zezen plazak 100 urte, Julen Lekuona Berasategi (2006), Torreako Dama–Lourdes Iriondo Mujika (2006), Joxe Mari Aranalde Olaondo (2006). Asko eta asko biografiak dira.

Bizitzan zehar lan asko egin izanagatik eta bere ibilbide oparoarekin euskal kazetaritzaren historia idazten laguntzeagatik, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan ohorezko aipamena egin zioten 2008an Azpeitiko semeari.