Euskonews Gaztea
Gaiak: Arantzazutik, Pello Zabala
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Pello Zabala aipatuta, azken urteetan eguratsaren gainean lan handia egin duen gizona datorkigu burura. Tenporekin lotzen dugu batez ere, ikertu egin ditu joerak, eta haren berri eman die euskaldunei urte luzez. Hala ere, azken aldian nahiko ezkutatuta dagoela dirudi. Eguraldia aitzakia hartuta, Arantzazuraino gerturatu gara Pellorekin solasalditxo bat edukitzeko.
Aspaldi joan zen Pello Arantzazura fraide ikasketak burutzera. “Garai hartan, ezkutuko afizio bi nituen, euskara lantzea eta musika. Solfeo ikasita iritsi nintzen, pianoa jotzen banekien eta organoarekin hasteko gogoz nengoen. Meza eman eta seminarioan lanean hasi nintzen. Behatokia zegoen bertan eta arduraduna falta zenean nik hartzen nuen haren tokia; ezbehar batez hil zen eta nire kargu geratu zen.”
Irratira igarotzean ekin zion Zabalak iragarpenak egiteari. “Hain zuzen meza ematen genuen Segura Irratian egunero eta eguraldiari buruz zerbait komentatzea pentsatu nuen. Ondoren, beste komunikabideak jarri ziren martxan, Euskadi Irratia adibidez.” Klasikoak Gaur musika saioa gidatzen zuen Pellok bertan, “eta horren bitartez eguraldi iragarpenak emateko eskatzen hasi ziren; maiz, askorik jakin gabe hitz egiten nuen.” Hogeita hamar urtez horretan aritu da.
Gaur egun baina, apur bat aldendu da guzti horretatik. “Egunean sei iragarpen egiten nituen, azken batean berdina esaten nuen hitz ezberdinak erabiliaz,” diosku. Eta egun batean nahikoa da esan zuen. Hala ere, guztiz baztertu gabe. Hain zuzen, teknologia berriak erabilita “orain daukadan erronka Goiena Telebistan Debagoienako eguraldiren gaineko informazioa ematea da.” Eta modu eroso batez burutzen du Pellok hori, webcama baita bere lantresna. “Bertako informazioa da, lan polita dela iruditzen zait eta gustura nago.” Tenporak
Arantzazuraino joan eta tenporen maisuarekin gaiari buruz hitz egitea funtsezkoa iruditu zaigu. “Orain 26 urte tenporekin hasi nintzenean, ez nintzen haietaz bat ere fio.” Eta orduan, zergatik jarraitu zuen horrenbeste denboraz? Garai hartan (1983an) uholdeak eman ziren hainbat tokitan eta baserritarrak zirika hasi zitzaizkion. Bere golkorako, “erakutsiko diet nik tenporek ez dutela ezertarako balio” pentsatu zuen. “Kasu egiten hasi nintzen eta nire ezusterako zerbait bazutela ikusi nuen; hala, 1984an urtaroz urtaro kasu egiten nien.”
Hogeita sei urte tenporekin. “Lehenengo datak finkatu behar izan nituen. Nahasmena zegoen horren gainean,” bere esanetan, tokiaren arabera gauza bat edo beste bat esaten baitzuen jendeak. “Hiru egunetara egokituz hasieran, ilargialdiei begiratuta... Pixkanaka ikasten joan nintzen.” Baina aldaketa bat eman zen eta “astebeteri begiratzen amaitu nuen. Euskaldunen aurkikuntza dela iruditzen zait; egun horietan zer gertatzen den begiratu eta urtaro bakoitzaren abisua ematen du.”
Guztira sasoi mordoxka bat ikertu ditu jaiotzez Amezketakoa den gizonak. “104 urtaro begiratu ditut, nahikoa! Hedabideetan planto egin dut, nahiz eta blogean idazten dudan tenporei buruz, ?abardura gehiagoz gainera.”
Gaiz aldatu eta euskaldunen eguraldia igartzeko beste modu bati buruz hitz egiten hasi gara; hau da, mendeetan zehar gure arbasoek naturari erreparatu izan diote iragarpenetarako. “Euskaraz eguratsarekin lotutako zaku bete atsotitz ditugu, gutxi gorabehera 700. Labore lanak santutegiaren arabera burutzen ziren, baina baita naturari begiratuta. Esaterako, zizare, enara eta armiarmei so eginez. Nik batez ere zizareengan jartzen dut arreta, sentsibilitate berezia dutela iruditzen baitzait.”
Behaketarako toki aproposean bizi da Pello zalantzarik gabe. Zazpiehun metrotara, “zer–nolako txoriak datozen, nola egiten duten hegan eta abar ikertuta. Esate baterako, uda lehorra dela nabarituko dugu ohi baino enara gutxiago egoten badira; gehiago etorriz gero, uda bustia izango dugu.” Informazioa ateratzeko beste modu bat zuhaitzei begiratzea dela adierazi digu. “Zuhaitzak beroari aurre egiteko hostoz janzten dira; horren arabera antzeman daiteke joera. ” Eguraldia beti airean, azken liburua
Azken liburuarekin gertuko filosofia egin nahi izan duela aitortu digu irribarrez Pellok eta oso gustura geratu da emaitzarekin. “Aire gabe ezin gara bizi, airean daude eguraldiaren gorabehera guztiak,” gaineratu digu. Hozberoaz, presioaz, haizeez, hodei eta lainoez, euri, elur eta isurkiez, hitz egiten du bertan.
Liburuaren sarreraren egiazkotasunarekin geratuko gara, Pellorekin solasaldia amaitu eta haizearekin dantzan, Arantzazu atzean uzten dugula:
Ez dago eguraldiak dantzatuko ez duenik: txoriak, hegaztiak, animaliatxoak eta zizareak, zapoak zein armiarmak, aziendak nahiz aziendadunak, abereak bezala aberats eta pobreak, haur eta gaztea, atso eta agure, aitajun nahiz amandre... airean beti eguraldia, eta airearen baitan gu guztiok tenple onenean bezala ez hain onean ere...