496 Zenbakia 2009-07-24 / 2009-07-31

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Sonia Perez Anguera. (Topagunea): Aisialdirako euskara hautatzeak hizkuntzaz gozatzea ahalbidetzen du

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Euskal Herriko herri gehienetan euskara elkarteak aurkituko ditugu eta hauek gizarteko esparru ezberdinetan eragiten saiatzen dira. Erakundeek beraien artean zerikusirik ez dutela pentsatzen baldin badugu oker ibiliko gara, antzerako oinarri eta helburuekin jarduten baitute. Egoeraz jabetuta, 1996an elkarteak federazio batetan batu ziren eta hala sortu zen Topagunea. Abadiñoko egoitzaraino gerturatu gara bertan lan egiten duen eibartar batekin mintzatzeko; Sonia Perez da bera eta Gazte sailaren ardura bere gain dago.

Psikologian lizentziatu zinen arren soziolinguistika arloan diharduzu...

Egia esan esparru honetara aisialdiaren eskutik iritsi nintzen; denbora libreko hezitzaile izan naiz betidanik, oso gazte nintzela ekin nion nire herriko euskara zerbitzuaren bitartez begirale lanak egiteari. Begirale titulua atera eta Arrasateko Txatxilipurdi elkartera iritsi nintzen; kasu horretan aisialdia euskararen erabilera sustatzeko tresna gisa baliatzea zen xedea. Ordura arte euskaraz aritzen nintzen denbora librean baina inongo helbururik gabe, eta Txatxilipurdin biak uztartu nituen.

Hainbat urtez bertan jardun ostean, Topagunera pasatu nintzen. Hemen euskalgintzan nabil, baina beti ere aisialdiaren esparruan gazteentzako proiektu eta programak eramaten.

Garrantzitsua da euskara bide horretatik bultzatzea, ezta?

Zonaldearen arabera askotan hizkuntza gozamenerako edo bizitzarako tresna gisa ikusi beharrean, ikasketa edo lanarekin erlazionatutako zerbait izaten da. Gazte eta ez horren gazte ez diren askori gaizki sentiaraztea ekartzen die egoerak maiz, lengoaia guztiz menperatzen ez dutelako.

Aisialdia lan eta ikasketetatik kanpoko denbora horri deitzen diogu; zuk borondatez erabakitzen duzu ekintzetan parte hartzea eta horrek gozamena eman behar dizu. Beraz, hori gure eremura ekartzen baldin badugu, hizkuntzaz baliatzea derrigorrezkoa den eremutik aldendu eta euskara gustuz erabiltzea posible egiten du.

Topagunean zabiltzala esan duzu, baina azalduko al diguzu zer den?

Euskara elkarteen federazioa da; orain 25 urte ingurutik existitzen dira toki askotan elkarte horiek. Hainbat urtez herri ezberdinetan helburu eta filosofia berdinarekin lanean ibili ondoren, 1996–1997 urte bitartean elkarte batzuk oinarri berdinekin funtzionatzen zutela eta gainera, Euskal Herriko erakundeak geroz eta gehiago zirela konturatu ziren. Baina ez zeukaten bateratzeko tresnarik, irla sakabanatu bezala egiten zuten lan.

Federazioa sortzeak gizartearen aurrean irudi bateratu bat emango zien, kasu solteak baino, plangintza osotu baten parte zirela erakutsiz. Bestaldetik, proiektuak elkartrukatu zitezkeen eta indarrak batzen zituzten Topagunearen bitartez. Laburbilduz, euskara elkarteak sustatzeko eratu zen, hauek ez zeuden tokietan sortzeko eta elkarteak zeuden tokietan hainbat hutsune betetzeko, edo zituzten plangintzak osatzeko.

Zenbat elkarte batzen dira Topagunean?

Gaur egun 93: Arabako sei talde daude, Nafarroako 16, Gipuzkoako 34 eta Bizkaiko beste 37. Ipar Euskal Herrian ez daukagu bazkiderik baina hainbat elkarterekin harremanetan gaude eta bazkideen antzerako baldintzetan zenbait zerbitzu eskaintzen dizkiegu; orokorrean ez dira bazkide euskara elkarteak ez direlako.

Nola egiten duzue lan federazioan?

Topagunean euskara elkarteek lan egiten duten oinarri berdintsuen gainean aritzen gara. Haiek esaterako, erabilera eta motibazioan eragiten saiatzen dira, baina zergatik? Gaur egun Euskal Herrian ez dago euskal hiztun elebakarrik, eta gutxienez gaztelania edota frantsesa dakizkigu, eta hizkuntza bat baino gehiago ezagutzerakoan, euskara baliatzea hautazko zerbait bihurtzen da. Gainera, beste hizkuntzatan bizitzea “erosoagoa” da, eremu guztietan egin baitezakegu; oraindik ez da posible euskaraz normaltasunean bizitzea. Guzti hori kontuan hartuta, zergatik aukeratzen du pertsona batek hizkuntza bat edo bestea? Sentimenduak sartzen dira tartean –talde baten parte sentitzeko, adibidez. Testuinguru horretan dago beraz, euskara elkarteek erabilera eta motibazioari ematen dioten garrantzia.

Helburuak lortzeko, egin eta eragin ditugu. Egin, euskaraz ez dagoena sortzea litzateke; hau da, gure hizkuntzan geroz eta aukera eta zerbitzu gehiago egon daitezen saiatzen gara. Baina eragin ere egiten dugu, aurrez sortuta zegoena euskalduntzen saiatuz. Horretarako, tokian tokiko lana burutzen da; hau eraginkorragoa da, herritarrek eredua gertutik bizi dutelako. Bestalde, tokikotasun horretatik aparte eremu ez formaletan kausatu nahi dugu.

Esparru ezberdinetan beharko da Egin eta Eragin, ezta?

Noski! Kulturgintza, sentiberatze arloa, mintzapraktika programak, hedabideak zein haur eta gazteen esparruak dira jorratzen direnak. Hainbat egiteko ditugu maila ezberdinetan.

Gazteengan eragitea garrantzitsua izango da, ezbairik gabe!

Bi arrazoiengatik gainera. Alde batetik etorkizuna direlako, baina baita pertsona batengan hizkuntza ohitura aldatu nahi baldin bada geroz eta lehenago saiatu, orduan eta lehenago lortuko dugulako gure xedea betetzea. Ezen badago gure bizitzan ohiturak finkatu egiten diren garai bat eta orduan zailagoa izango da aldaketa ematea. Suposatzen da haur batengan eragin gehiago izango dugula gazte edo heldu batengan baino. Inoiz ez da berandu, hori egia da. Gainera, gaur egun 12 urtekoei gaztetxo deitzen diegu eta gazte izatearen gurpiletik jaitsi nahi ez duten 35eko asko ere badaude. Tarte luze horretan haur izatetik gazte, heldu eta batzuetan guraso izatera ere pasa daiteke! Spraikada aldizkariaren azala.

Esaguzu, zer nolako proiektuak garatzen ditu Gazte sailak?

Batez ere aisialdiko programak ditugu, baina berezitasunekin. Batzuek helburu pedagogikoak izaten dituzte baina horretaz gain, euskararen erabileran eragiteko modu planifikatu bat edukitzen dute. Hau da, euskara hutsezko proiektuak dira, baina horien bidez erabilera sustatzeko metodologia eramaten da aurrera. Baditugu tokian tokiko programa batzuk eta euskara elkarteen proiektuak izaten dira. Hala nola, udalekuak; haur eta gazteei begira kultur ikuskizunen kudeatzea; ekipamenduen kudeaketa ?ludotekak, gazte txokoak, batzuetan gazte bulegoak, bertso–eskolak...–, baita eskolaz kanpoko ekintzak, begirale poltsak, hezitzaile zein begiraleei zuzendutako formazio saioak, haur etorkinentzako programak... Nire ustez euskara elkarteak oso ausartak izan dira beti gauza berriak probatu eta sortzeko unean.

Bestalde, Topaguneako Gazte sailetik hainbat proiektu ditugu. Hein handi batean gure bazkideen plangintzarekin uztartzen dira, baina Euskal Herri osora begira burutzen ditugu.

Esaterako?

Adibide nagusiena Asteburuetan.com dela esango nuke, dagoeneko zazpi urte ditu eta hiru proiektu biltzen ditu barnean: Gazte Kultur Zirkuitua, Gazte Sortzaileak eta Gazte Sortzaile Sariak. Aurreneko biak herri bakoitzean gure bazkideek dituzten egitasmoekin uztartzen dira.

Gazte Kultur Zirkuituei dagokienez, epe labur motzeko tailer eta ikastaroak dira. Laurogei jarduera baino gehiagoko eskaintza dago eta guk ekimen horiek kudeatzen ditugu gure bazkideek beraien herrietara baldintza onetan eramateko aukera izan dezaten. Gainera, kurtsoa ematen dutenak gazteak izaten dira eta gazteen arteko harremana sortzen da modu horretan.

Gazte Sortzaileen kasuan, gure bazkideek herriz herri zerbait egiten dakiten gazteak bilatzen dituzte, eta hauek dakitena ikastaroetan irakasten dute. Hala gazteak beraien herriko euskara elkarteetara gerturatzea lortzen dugu eta horren bidez dirutxo bat eta harreman sare berri bat eskuratzen dute.

Eta sariari dagokionez, beste bietatik sortu zela esango nuke. Izan ere, bietan ala bietan gazteek berezko izaera sortzailea daukatela baina normalean gauzak burutzeko baliabiderik ez dutela izaten ikusi genuen; erakusleiho edo tranpolin moduko bat behar zutela, oro har. Guk hori beka baten bitartez eskaintzea erabaki genuen, eta hala sortu zen Gazte Sortzaile Saria. Orduan ohartu ginen Euskal Herrian graffitiekiko zaletasuna bazegoela eta lan ederrak egiten zirela hor zehar eta eremu horretan pedagogia lan bat egiteko beharra atzeman genuen, ezjakintasunaren ondorioz gaizki ikusia baitago graffitia; lehenengo saria gai horren gainean izan zen.

Lehiaketak bizitza luzea du dagoeneko, ezta?

Halaxe da. Gaur egun graffiti lehiaketa horrek Spraikada dauka izena eta izaera zein irudi propioa ditu. Seigarren edizioa egin zen uztailaren 18an Mutrikun; dagoeneko klasiko bat bihurtu dela esango nuke. Graffitigileak urtero euskalgintzatik bideratutako lehiaketa honen zain egoten dira.

Baina noski, gazte guztiak ez dira graffiti zaleak, eta beste eremu bat jorratzea pentsatu genuen eta ikus–entzunezkoen arloa izan zitekeela erabaki. Teknologia berriak denon eskura daude eta horiekin gauza asko egin daitezkeela jakinda, Kameratoia sortu genuen, Euskal Herriko ikus–entzunezkoen rallya. Honek ere bost urte bete berri ditu. Ezaugarri eta gai baten inguruan egun bakarrean parte–hartzaileek euskarazko laburmetraiak sortu behar dituzte. Bi ekimen hauek Euskal Herriko jendeari irekita daude eta urtetik urtera lekuz aldatzen ditugu.

Bestalde, Euskal Herria Zuzenean festibalera ere laguntzaile gisa joaten gara urtero, gure bazkideen gazte taldeetako jendea animatzen da gehien bat. Gainera, Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluan parte hartzen dugu aisialdiaren esparruan gure ekarpentxoa eginez... Ekimen ugaritan gaude murgilduta!

Gaiz aldatuz, zure iritziz gure gazteek nola hitz egiten dute euskaraz?

Maiz gazteei euskaraz gaizki hitz egitea egozten zaie, baina niretzako euskararik txarrena egiten ez dena da. Egia esan egiteak trebatu egiten zaitu eta geroz eta gehiago erabili, orduan eta erosoago sentituko zara, gehiago erabiltzera animatu... Noski kalitateak ere bere garrantzia dauka eta denok zaindu beharko genukeen gauza da, baina aurrena berba egitea funtsezkoa da.

Amaitzeko, zuen lanaren gaineko baloraziorik egitera animatuko zinateke?

Niri ustez, Topagunea martxan jarri zenetik lan oso ona egin duela iruditzen zait. Alde batetik federazio moduan sendotu eta egonkortu egin da; bestetik lan dezente egin du euskara elkarteak eta hauen jarduera gizarteratzen eta geroz eta gehiago hartzen dira kontuan bai erakundeak eta baita Topagunea bera ere. Proiektu asko egonkorrak dira eta aurrera jarraitzen dute sendo. Norabide onean goaz zalantza barik. Sonia Perez Anguera (Eibartarra) Sonia gipuzkoarra da eta goi mailako ikasketez Psikologian lizentziatua den arren, gaur egun soziolinguistika esparruan dihardu lanean. Begiralea gaztetatik, Arrasateko Txatxilipurdi elkartera iritsi eta bertan hainbat denboraz lan egin ostean, gaur egun Topagunea euskal elkarteen federazioan ari da, bertako Gazte saileko arduradun gisa.