496 Zenbakia 2009-07-24 / 2009-07-31
San Justoko karobia duela hamalau urte (1995ean) berreskuratu zuen Ipizki Taldeak 1950etik bertan behera utzita eta hondatuta zegoen, eta ordutik abuztuko lehenengo asteburuan martxan jarri dute kare–labea. Baina ketan jartzeaz gain, urtero–urtero karobiaren inguruan zaharberritze eta egokitze lanak egin dituzte Ipizkikoek: “lehenengo urtean karobia bera egokitu genuen; hurrengoan, egurrez eta zohiz osaturiko txabola eraiki genuen ondoan; hirugarrenean, ingurua trabesez zarratu; laugarrenean, karobiaren horma arrakalatuta eta erortzeko arriskuan zegoela ikusiz, harrizko horma berri bat altxatu genuen. 2000.ean, egurrezko eta zohizko txabola sendotu eta karobiaren beheko aldera igarotzeko mailadun pasabide bat egin genuen; 2001ean, pasabidea osatu eta goiko ahoa txukundu genituen. 2002an, labe–ahoren gainean teilatutxoa eta karobiaren beheko aldean, lurrak eusteko horma bi altxatu genituen. Hurrengo urtean, azalpenak ematen dituen panela jarri genuen, eta zaharberritze lanak amaitutzat eman genituen. Aurten, goiko aldeko labe–ahoren inguruan segurtasun hesia jarri dugu. Aurrerantzean, urtero–urtero txukuntze lanak eta konponketak egiten jarraituko dugu”.
Konponketa horiekin Zeanuriko nahiz Gorbeialdeko ondare historiko eta kulturalaren berreskurapenean garautxo bat jartzeaz batera, abuztuko lehen asteburuan ez ezik urteko edozein unetan bisitatu daitekeen gune interesgarri bihurtu nahi dute San Justoko karobia. Dena den, horrelako lanak aurrera eramatea, herritarren zein erakunde publiko zein enpresa pribatuen laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke eta Ipizkikoen arabera, “Juan Aranaren gidaritzarik gabe ezinezkoa izango zitzaigun karobia berreskuratzea eta martxan jartzea, bera izan zen 1950ean toki berean azkenengoz karea egin zuenetako bat eta bera da gure maisua; bestalde, dirulaguntzak ere eskertzekoak izan dira, hasiera batean Gorbeialde Landa Garapenerako Elkartetik etorritakoak, eta gero, batez ere, Zeanuriko Udalarenak. Zaharberritze lanen amaiera Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak emandako laguntzari esker burutu ahal izan genuen. Horrez gainera, herritar askok eta enpresa pribatu batzuk ere lagundu digute, adibidez BBK–k, Cementos Lemonak edo Bernaola Zerrategiak”.
Kontuak kontu, aurtengoarekin hamalaugarren urtez jarraian kareharria, egurra eta sua nahastuko dira San Justoko karobi frantsesean. Lanbide honen gorabeherak ezagutu eta aldi berean Arratian ospatzen den erromeria bitxi eta herrikoienetako batez gozatu nahi duenak, hitzordua du datorren abuztuaren 1ean eta 2an Zeanuriko San Justo eta Pastor–en omenezko baselizaren inguruan. Erromeria ermitaren aurrean. San Justoko Baseliza Eta Otsemendiko Kofradia
Abuztuko lehenengo igandean, Gorbeia mendiaren magalean, Zeanuriko (Bizkaia) Otsemendi auzunean kokaturik dagoen Justo eta Pastor Deunen baselizaren inguruan Arratia bailarako erromeriarik bitxi eta herrikoienetakoa ospatzen da.
Beste osagai batzuekin batera, baseliza auzuneari nortasuna ematen dion ardatzetako bat da. Baina horrez gain, Otsemendikoaren kasuan Kofradia izenaz ezagutzen den Euskal Herri tradizionalaren gizarte eta politika antolaketarako egituraren hainbat elementuk bizirik diraute oraindik: maiordomoa eta basazaina karguak; Kofradiaren urteko batzarra, auzolanean egiten diren bidegintza eta landare imintea, eta abar.
Urtero, abuztuko lehenengo igandean ospatzen den San Justoko erromeriara hurbiltzen direnek –aurten abuztuaren 2an–, hamabietako meza osteko barauskarria –maiordomoak banatutako ardo zuria eta gailetak– dastatu, harizpean bazkaldu, bolalekuan bola batzuk bota eta karobia lanean ikusteko aukera izaten dute. Erlazionatutako artikulua: San Justoko Karobia berriro ketan (29.alea)