496 Zenbakia 2009-07-24 / 2009-07-31

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ander Elosegi

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Ander Elosegi gipuzkoar gaztea da, Irunen jaio zen 1987ko azaroaren 14an. Gaur egun Fisika ikasten du Bilbon, baina aurretik, Txingudi Ikastolan egin zituen ikasketak. Hala ere, denbora ugari eskaintzen dio bere zaletasun nagusiari, piraguan aritzeari hain zuzen. Joko Olinpikoak ez zaizkio arrotz, 2008an Pekinen lehiatzeko aukera eduki baitzuen.

Pekineko Joko Olinpikoetan lehiatu zinen iaz. Nolako oroitzapena daukazu?

Olinpiaden gaineko oso oroitzapen polita daukat. Kirol modalitate ezberdinetako munduko onenekin egotea izugarria eta aldi berean aberasgarria izan zen niretzat. Benetan disfrutatu nuen Pekinen egon nintzen denboran.

Bestalde, 2009ko ekainean Europako txapelketan parte hartu zenuen. Zer moduz joan zitzaizun?

Egia esateko nahiko ondo. Ezen finalean sartzea lortu nuen -lehenengo 10en artean geratu bainintzen- baina ostean, ez nuen jaitsiera ona egitea lortu. Hala ere, ez dago batere gaizki!

Jakina, oraindik asko geratzen da 2009 urtea amaitzeko; zeintzuk dira urte amaiera bitartean dituzun erronka nagusiak?

Lehiaketa garrantzitsuena irailaren 9tik 13ra burutuko den Munduko txapelketa dela pentsatzen dut, eta aurten abantaila txiki bat daukagula ere iruditzen zait; hau da, guk entrenatzen dugun lekuan izango denez, helburua domina bat ateratzea litzateke. Hala ere badakit oso zaila dela, baina saiatu beharra dago, ezta?

Non entrenatzen duzu bada?

Katalunian aritzen naiz, Seu D?Urgelleko kanal olinpikoan.

Denboran atzera egingo dugu. Nola hasi zinen piraguan?

Ez dago ezkutuko arrazoirik! Ikastolan piragua ikastaroak egiteko aukera eman ziguten eta gustatu egin zitzaidanez, segitzea erabaki nuen. Uste dut zortzi edo bederatzi urte izango nituela aurrenekoz piragua baten gainera igo nintzenean. Klubean kanoa gutxi batzuk zeuden eta nik probatzea erabaki nuen behin. Asko gustatu zitzaidan eta kanoan jarraitzea erabaki nuen; hala pasatu nintzen eserita joatetik belauniko aritzera eta ez naiz inoiz erabaki horretaz damutu gauzak ondo atera zaizkidalako.

Bestalde esan beharra daukat, lehiaketatan beranduago hasi nintzela, hamaika urterekin gutxi gorabehera eta orain arte!

Ez duzu “Santiagotarrak” aipatu, baina badakit garrantzia izan duela zugan...

Zalantza barik! Irunen dagoen ur kirol taldea da Santiagotarrak. Piraguan ikasi dudan guztia klubari zor diot, nahiz eta orain gutxitan egon hemen, ahal dudanean beti pasatzen naiz jendea agurtzera.

Eta nolakoa da entrenamendu bat?

Kirolariontzat oso garrantzitsua da forman egotea eta ondorioz lan asko egin behar dugu zerbait lortu nahi baldin badugu bederen. Beraz, hala izango litzateke trebakuntza egun bat. Goizean gimnasiora joan eta normalean ordu eta erdiz edo aritzen gara bertan. Bazkaldu baino lehenago uretan beste ordu bete egiten dugu eta arratsaldean ere, beste ordu pare bat. Hau dena berotze ariketak kontuan hartu gabe. Ia egun oso kentzen dizu!

Entrenamenduek zalantza barik lehiatzeko maila ematen dute. Baina zertan datza txapelketak?

Errekan markatuta dagoen ibilbidea ahalik eta azkarren egitea da gure helburua. Zirkuitua, zintzilik dauden makilekin zehazten da eta ukitu gabe pasatu behar ditugu.

Eta txapelketaren bat nahi bezala joan ez bada, zer moduzko aldartea izaten duzu?

Momentuan asko haserretzen den horietarikoa naizela aitortzen dut, baina segituan pasatzen zait. Bukatu orduko ahaztu eta lasaitzen saiatzen naiz, eta hurrengoan hobeto egingo dudala esaten diot nire buruari. Argazkiko arraunlariak bezala, Anderrek belauniko praktikatzen du kirol hau. Argazkia: Roberto_Garcia

Ez al da arriskutsua ur bizietan sartzea?

Arriskutsua, benetan zer egiten ari zaren jakin gabe uretan sartzea da. Txikitatik erakutsi digute erreka ondo irakurtzen; hau da, urak nola datozen, sartu gaitezkeen ala ez, nondik nora mugitzea komeni den... Erreka errazetan ikasi eta pixkanaka zailagoak eginda arriskurik gabe moldatu zaitezke.

Kirol hau praktikatzeak ez dauka inolako arrisku larririk, hori bai, noizbehinka irauli zaitezke edo susto txikiren bat hartu, baina ez da ezer gertatzen teknika ezagutuz gero.

Tokiaren arabera, ur batzuk besteak baino hotzagoak izaten dira, edota zakarragoak...

Egia da askotan ez dudala gogo handirik edukitzen urarekin kontaktuan egoteko, baina sartu eta gero ahaztu egiten zait esaterako, ura hotza dagoen, eta berdin-berdin gozatzen dut. Baina bestaldetik, nire buruak momenturen batean ez sartzeko esango balit, ez litzateke ezer pasatuko; atseden hartuko nuke egun horretan eta hurrengoan entrenatzen segituko nuke, inongo arazorik gabe!

Esaguzu, baduzu kirol honetan diharduen profesionalen bat eredu?

Bai noski, normala izaten da nire ustez erreferenteak edukitzea. Gaur egun Eslovakiako Michal Martikan da nire modalitatean onena eta hari begiratzen diot normalean.