Euskonews Gaztea
Gaiak: Udan, euskal hondartzetan seguru
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Hondartzara urte guzian zehar joan daiteke. Nork ez ditu telebistan ikusi neguan bainatzen diren gizon–emakumeak? Surfeatzeko unerik onena negu–udaberri artean dela iritzi diotenek inbaditzen dituzte hondartzak sasoi hotzenean; eguzki epeltasunik gabe harea ukitzea zorakeria dela pentsatu eta udan soilik zapaltzen dutenak ere asko dira...
Hala ere, uda dugu hondartzetan segurtasuna bermatuta daukagun garaia, bainu denboraldian sorosleen begiradapean itsasoaz gozatu ahalko baitugu. Euskonews Gaztea Gurutze Gorriko kide batekin jarri da harremanetan; Alex Garate da bere izena eta hondartza–burua da. “Azkoitiarra naizen arren, orain zortzi bat urte Zarautzen bizi naiz. Itsas salbamendu arloan sartzen hasi nintzen poliki–poliki,” aipatu digu Alexek. Sorosleei buruz...
Aurreneko galdera Alexentzat: zer eduki behar du sorosle on batek? “Alde batetik ezaugarri fisikoak daude, forman egon behar du pertsona horrek. Gainera, salbamendu teknikak ezagutu behar ditu –uretatik pertsonak nola atera eta abar; ezinbestekoa da ikastaroen bitartez ezagutza hori jasotzea. Hau garrantzitsua da, baina gainera, edukazio onekoak izatea funtsezkoa da, ezin baitituzu gauzak nahi bezala esan, errespetua zor diegu hondartzetara datozenei.”
Orokorrean, Euskal Herriko hondartzetan topatuko ditugun sorosleek antzerako lanegunak izaten dituzten. “Normalean lana 10:30–10:40 inguru hasten da eta aurreneko eginbeharra hondartzak zabaltzea izaten da; hau da, itsasoari zein bandera dagokion zehaztu eta hauek jarri behar dira. Ondoren, megafonia bidez hondartzan daudenei informazioa eman behar zaie, besteak beste, banderen gainean, uraren tenperatura zein den azaldu baina baita kanpokoaren berri eman ere. Behin langile bakoitza bere tokian jarrita benetako lana hasten da, hau da, jendea zaintzeari ekiten diogu.” Arriskuak
Nahiz eta sorosleak beraien tokietan egon, ez gaude arriskuetatik salbu. Jakin behar baitugu, itsasoak ezusteko asko eta asko ematen dituela, momentu batean lasai dagoela eman dezake, eta istant batean traizionatu zaitzake ohartu ere egin gabe.
Horregatik bainua hartzera doazenek kontuan hartu behar dute zer–nolako bandera kolorea dagoen ipinita momentuan –eta uretan gaudela ere, noizean behin begiztatzea ez legoke gaizki, sorosleak korronte aldaketa eman dela nabaritu eta kolore berri bat ezarri duen ikusteko. Horren harira, kolore berdeak bainatzeko arriskurik ez dagoela adierazten du; horiak gerriraino sartzeko aukera eskaintzen dizu; gorria debekuaren seinale da. Sorosleen argibideei kasu eginda, ezbeharren bat gertatzeko aukerak txikituko lirateke.
Baina uretatik kanpo ere arrisku ugari daudela gaineratu digu gipuzkoarrak eta ez dugu arretarik galdu behar. “Gertakari ohikoenak gizon–emakumeek sufritzen dituzten zauriak, ziztadak, intsolazioak edota bero–kolpeak izaten dira. Ziztadei dagokienez esaterako, erle edota marmokenak izaten dira normalean; zauriak edozerekin egin daitezke, bai harri, kristal zati edota maskor pusketa batengatik.”
Marmokak aipatu dituela, pixka bat gehiago jakin nahi izan dugu. “Kostaldeko jendearekin hitz eginda asko ikasi dut urteotan. Komentatu izan didate, itsasoan marmokak jaten dituzten animaliak egon badaudela, baina hauen kopurua behera omen doa eta hortik medusa kantitate handiak egotea. Ekosisteman aldaketa eman da, eta txarrerako gainera. Bestalde, marmokak korronteen arabera lekualdatzen dira, baina baita uraren tenperaturagatik edota haizearen noranzkogatik ere,” argitu digu Alexek. Nahiz eta berak aurten gutxi begiztatu dituen, euskal kostaldean kopuru ezberdinak topatuko ditugu leku batetik bestera ?aipatu bezala, egoera klimatologikoek eraginda. Hala, Donostian esaterako, marmoken presentziaz ohartarazteko bandera bereziak jarriko dituzte; ez galdu begi bistatik, ziztadak ez baitira nolanahikoak izaten!
Bestaldetik, arrisku taldeei buruz hitz egin digu, eta “gure hondartzetan arriskugarritasun gehien daukaten pertsonak haur zein adinduak dira. Kopuru handietan badaude, arreta handiagoz egin behar ditu orduan zaintzak sorosleak, eta ez bakarrik uretan daudenean. Adibide bat jartzearren, urtebete edo bi urteko umeak eguzkitan uzten dituzte guraso batzuek, eta haurra itzaletan jartzeko, krema emateko eta beste hainbat kontu gogoratu behar izaten zaie.” Adituen esanetan, onena, adin horretan hondartzara ez eramatea izaten da. Gainera, bai ume eta bai adinduek deshidratatzeko arrisku handiagoa pairatzen dute, egarri sentsazioa ez baita berdina; hori dela eta, sarri edateko gomendatzen da. Zenbait aholku
Hidratatzea –ura zein zukuak edanez– edota eguzki–izpien kontrako krema ematea betiko gomendioak dira. Baina beste zein gomendio emango digu Alexek? “Lehenengoa eta garrantzitsuena, sorosleari kasu egitea da, ezbairik gabe; ezin ahaztu dugu profesionalak direla, hots, gure segurtasunaren arduradun nagusi. Baina horren harira, hondartzaren erabiltzaileek buruarekin jokatzearen garrantzia ere azpimarratu nahiko nuke, esate baterako lehen aipatutako kasuan, gurasoek umeak eguzkitan edonoiz eta hala moduz ez uzteko, esaterako”
Bestalde, ezin dugu ahaztu denok hondartzez gozatu ahal izateko, ezinbestekoa dela garbitasuna. “Zenbait tokitan udalak enpresa bat kontratatzen du egunero harea garbitu dezan, eta Getariaren kasua da hori.” Baina ezin dugu ahaztu, edozein hondartzara goazen bakoitzean –eta berdin mendian baldin bagaude– sortzen ditugun hondakinak jaso eta atondutako tokietara bota behar direla. Inori ez zaio hondarrean zigarrokinik, paperik, plastikozko poltsarik zein bestelako hondakinik aurkitzea gustatzen, dena garbi–garbi egotea atsegin dugu. Eta zer esanik ez beirazko botilak hor zehar botata uztearekin, jende ugarik ebakiak edukitzearen errudun baitira. Eskaintza berezia
Euskal kostaldeko hainbat tokitan elbarrituentzako eskaintza daukatela jakin dugu; beraien bizimodua erraztea da helburua, eguneroko ekintzak alboratu eta gainerakoek bezala disfrutatzeko tartea izan dezaten. Horretarako baina, maiz hondartzak ez dira egokituta egoten, baina beste batzuetan, “sarbidea ahalbidetzen duten ibiltokiak, minusbaliatuentzako komunak eta hondartzan ibili ahal izateko aulki bereziak edukitzen dituzte hainbat tokik.”
Eguraldiak laguntzen badu ez dago aitzakiarik hondartzara ez gerturatzeko. Burua erabilita eta gizalegezko jokaera izanda, denok ongi pasatzeko aukera edukiko dugu, jakinda, gure segurtasuna bermatzen duten gizon–emakumeak inguruetan dabiltzala.