497 Zenbakia 2009-07-31 / 2009-09-04

Euskonews Gaztea

Gaiak: Artikutza, uharte bat barnealdean

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Euskonews Gaztearen eskutik, Nafarroan kokatuta dagoen baina Gipuzkoako parte den Artikutza parkea ezagutzera animatzen zaituztegu. Bitxia da egoera, ezen 1919an Donostiako udaletxeak erosi zuen Artikutza eremua Goizueta aldamenean dago, baina Donostiarena da legez. Bertako urtegitik Gipuzkoako hiriburuko biztanleen ur beharrak asetzea zuen helburu erosketa horrek. Gaur egun, Artikutza natura–erreserba da. Irteera Oarsoaldeatik

Baina Artikutzaraino iristeko, Oiartzunera joango gara aurrena, bertan emango baitiogu hasiera gure osteratxoari. Alfonso VIII.ak hiri–gutuna eman zion momentuan bilakatu zen herri Oiartzun XIII. mendean. Bertara iritsitakoan ohartuko gara tokiaren erakarritasun ahalmenaz; inguruan adibidez, Aiako Harriak ikusiko ditugu eta 837 metroko altueratik zelatatzen gaituela irudituko zaigu.

Oiartzun bera, Manuel Lekuona (1894–1987) eta Xabier Lete (1944–) moduko pertsonaia ezagunen jaioterria da. Inguratzen duen paraje ederraz gain, herrian bertan makina bat toki bisita ditzakegu, besteak beste, 1678. urtean eraiki zuten udaletxea, XVI. mendeko eta estilo gotikoko San Esteban eliza, Herri Musikaren Txokoa...

Baina esan bezala, Artikutza aldera egiteko aurreneko geldiunea izan dugu Oiartzun. Ezer baino lehen, jakin behar dugu Artikutzako eremuan autoz sartu nahi baldin badugu, baimena eskatu behar dela; orain urte batzuk oinezkoek ere eskatu behar izaten zuten, baina gaur egun sarrera librea da ibilgailurik gabe doazenentzat. Exkaxetik sarrera

Oiartzungo Altzibar eta Karrika auzoak zeharkatuko ditugu eta Artikutzaren ataria den Exkax etxeraino abiatuko gara, Bianditzetik zehar urratsez urrats ikuspegiaz gozatuz. Galtzeko arrisku gutxi daukagu, ongi adierazita baitago margo txuri eta horia erabilita; arrastoa jarraitzea besterik ez dugu egin behar.

Leku pribilegiatuan barrena sartzeaz bat, altxor nagusia paisaian dagoela ziurtatuko dugu oraindik zalantzaren bat geratzen baldin bazaigu; ez, gure begiek ez gaituzte engainatzen. Ia 3.700 hektarea dituen lurraldean gaude, eta pagadi, harizti, pinudi eta bestelako espezieak begizta ditzakegu; noski, fauna ere aberatsa da Artikutzan.

Gainera, aspaldiko garai batean ustiatzen ziren meategietan baliatzen zituzten trenbide arrastoak topatuko ditugu, edota errota zaharrarenak. Bestalde, XIV. mendetik eraikitako lau burdinolen zantzuak ere ikusi daitezke basoan barrena sartuta. Ibilaldi luzeak burutu ditzakegu handik hona, ipar, ekialde, mendebalde, hegoalderantz; makina txoko aurkituko ditugu ikertzeko. Baina aspertu? Ez dut uste. Hori bai, lasaitzea lortuko dugu bertako armoniari esker.

Gaua bertan egin nahi izango bagenu, aterpetxe bat ere badagoela ezagutu eta erreserba egitea funtsezkoa izango da.

Eta gogoratu, errespetuz jokatu behar dugula naturarekin gure ondorengoek ere gertu daukagun altxor honekin gozatzeko aukerarik gal ez dezaten. Orain arteko ibilaldiak: Butroitik Barrikara Bastidatik Lapueblara Bardearen itzalean Lapurdiko mugan Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com