497 Zenbakia 2009-07-31 / 2009-09-04

Euskonews Gaztea

Gaiak: Zpeiz Mukaki AEBn: Renoko kronika

ZABALETA, Eneritz

Testua eta argazkiak



Amerikako Estatu Batuetan bidaian ditugu Zpeiz Mukaki taldeko dantzari eta musikariak. Lehen geldialdia: Reno.

Hiru astez, Euskal Herritik Estatu Batuetara. Garai batean, hainbat eta hainbat euskaldunek egindako bidaia errepikatu dute dantzari lapurtarrek uztailaren 25ean hasi eta abuztuaren 15erarte. Bidaia horren helburua, AEBetan diren euskal elkarteetan dantzatu, kantatu eta besta egitea da, bertako euskaldunak ezagutuz.

Bidaia honen lehen geldiunea Renon izan da: The biggest little city in the word. Munduko herri txikirik handiena. Hala deitzen diote Renori. Las Vegas txikiaren fama du Nevadako hiri honek, eta Las Vegasen itxura badauka. Aireportuan jadanik, kasinoetako txanpon makinak aurki daitezke. Hirian bertan, kasinoak dira errege.

Justuko, kasino batean dugu ostatu. John Ascuaga’s Nugget. Euskal izena Ascuaga. Johnen aita Bizkaiaiko Orozko herritik joan zen Renora bizitzera, eta Johnek, kasinoko langile bezala lanean hasi, eta orain azken honen jabea da. Renoko euskal etxeko topaketa

Baina ez gara dirua jokoan xahutzera jin Renora. Las Vegas txikia, Ameriketako euskaldunen topaleku ere bada. Renoko Basque Cultural Center oso dinamikoa da, eta aipatzekoa da ere Renoko unibertsitateak Euskal Herriari buruz duen ikerketa zentroa: Basque Studies Center. Larunbata da, eta Renoko euskal etxeak AEBetako euskal elkarteen topaketa handi bat antolatu du. Gu bertara gonbidatuta gaude. Gurekin batera, Euskal Herritik Zabaleta anaiak trikitilariak, eta Txirri Mirri eta Txiribiton pailazo famatuak daude.

Goizeko 10:00ak dira, eta dantza erakusgarri batekin hasten da jaia. AEBko hainbat txokotatik jin dira dantzariak, haien euskal elkartearen erakusle: Utah, New York, San Francisco, Boise, Gardenville... Orotara 60 lagunetik gora Mutxikoak, Lapurtar Motxak, banakoa, fandangoa eta abar dantzatzen. Euskal Herrian ere kostatzen da plaza batean hainbeste lagun dantzan ikustea, eta horrelakorik Renon ikustea ikusgarria da zinez.

Ondoren, Txirri, Mirri eta Txiribitonen saioa heldu da. Hemen ere, haien euskarazko arraileriekin irri egiten du jendeak. Euskal besta bururatzeko: euskal amerikar bertso saioa. Hiru bertsolari ari dira Amerikako Estatu Batuetatik: Goni nafarra, Martin Goikoetxea baztandarra eta Johnny Curutchet. Euskal Herritik ni neroni. Orain urte batzuk norbaitek erran balit Renon AEBn bizi diren bertsolariekin saio bat eginen nuela, ez nuen sinetsiko. Alta hala izan da, eta sinistu beharko.

Berezia izan da guretzat Renoko besta. Ikusgarriez harago, Nevadaren erdian orain 20, 30, 40 urte herritik joandako euskaldunekin euskaraz aritzeak sentsazio berezia dakar. Haien seme alabekin, euskaraz, frantsesez, gazteleraz eta, noski, ingelesez ari gara. Denek Euskal Herria aipa digute. Haiekin besta egin dugu. Izanen dira beste batzuk ere. Orain Renotik joateko orena da. Beste hiri batzuk ditugu gure zain. Eta horietan beste Ameriketako euskaldun batzuk. Kontatzekorik izanen da, segur.