494 Zenbakia 2009-07-10 / 2009-07-17
Mundua irudikatu eta eskuekin nahi bezala adierazi: errealista edo abstraktua, logikoa, asmatutakoa edo ikusitakoa... Hori da artista askok egiten dutena, eta Maider Lopez dugu dohaina dutenetariko bat. Donostiarra, 1975ean jaio zen.
Ikastolan eskulan ordua itxaroten zuen neskatxa horietarikoa, unibertsitate ikasketak egitera Bilboko Arte Ederren fakultatera joan eta 1996an lizentziatu zen; gainera, bere espezialitate gustukoenean, pinturan. Baina Artearen Historia ere gustuko zuela eta Gasteizen burutu zituen ikasketak Arte Ederrak ikasten zebilela. Segidan, doktoretza egitea erabaki eta Arkitektura aukeratu zuen horretarako; 1999an izan zen. Eta garrantzitsua izan da diziplina hori bere ondorengo lanetan, arkitektura ukitua izan baitute maiz bere lanek. Argazki: Ainara Iraeta.
Oraindik ere Bilboko fakultateko ikasle zela, beste hainbat estudiantek egiten duten moduan, Maiderrek ere kanpora joateko deia sentitu zuen bere barnean. Erasmus beka eskatu zuen, baita eskuratu ere. Hala, maletak egin eta mundu berri bat ezagutzera abiatu zen Londres aldera, 1996 eta 1997 ikasturtean Wimbledon School of Arten ikasi zuelarik.
Artistak inongo momentuan ez zion sortzeari utzi; sortzeari eta ikasteari zehazkiago esanda. Hainbat tailerretan parte hartu zuen, besteak beste, teknika grafikoko eskolak hartu zituen, edota pinturaren gainekoak –eta horren harira, 1999 eta 2000. urteetan Santanderreko Marcelino Botín Fundazioak antolatutako tailerretan ibili zen.
Lopezen artelan gehienetan erabilgarritasun edo funtzionalitateak garrantzia handia hartzen du gehienetan. Esaterako, lanerako aulki bat aukeratuz gero, aulkia erabiltzeko izango litzateke.
Bere sormen lanei esker, erakusketa ugaritan hartu du parte donostiarrak. Hauek bakarka edota taldeetan egin izan ditu. Bakarkakoei dagokienez, aurrenekoa 1997an izan zen, Gallartan hain zuzen. Makina bat etorri ziren jarraian, besteak beste, 2001ean Donostiako DV Galerian, 2002an Basaurin, Madrilen 2003, 2006 eta 2007an, Ataskoa izeneko erakusketarekin Gasteizko Artiumen 2005ean eta Rotterdamen 2006–2007an.
Artista gehientsuek moduan, hainbat talde erakusketatako kide izan da Maider urte hauetan zehar. Munduan barrena ibilia, hauek dira bere artelanak egon diren hainbat toki: Santander (1995), Donostia (1997), Gasteiz (1998), Italia (2002), Lleida (2002), Iruñea (2003), Austria (2006), Argentina (2006), Shangai eta Zeelanda Berria (2008)...
Bestalde, aipatzekoa da 2005. urtean hainbat pertsonekin batera, Maider Lopez aukeratu zutela Veneziako 51. Bienalean parte hartzeko. Gainera, ARCO arte azokan urtero eduki du tokia 2001.urtetik.
Maiderrek esana da bera artelanak saltzetik bizi dela, baina baita jasotako bekei esker. Izan ere, ez dira gutxi gipuzkoarrak eskuratu dituen diru–laguntzak. Hainbaten artean, Erasmus (1996), Gipuzkoako Diputazioak emandako Arte Plastikoen beka (1999), Caja Madriden eskuti Generación 2002 edota Rotterdameko Hangar–CBK–Duende Beka (2006).
Eta etxera eramandako sariak ere andana izan dira. Gallartako formatu txikiko pintura saria (1998–1999), bigarren postua Gipuzkoako Artista Berria sariketan (1999), bigarren Purificación Garcia argazki lehiaketan (2006).
Bestetik, 2008an Eusko Ikaskuntzaren Gazteria saileko logoa aukeratzeko lehiaketan epaimahaikide izan zen.
Artetik bizitzea lortu duen gutxiengo horietarikoa da Maider, zorte handiko emakumea, benetan maite duen ogibidea baitu. Artea, diseinua eta arkitektura uztartzeko abileziaz, munduari bere sormen–lanak erakusteko bidea duen gaztea da.